Sormenari ateak, gorputzari hegalak
2025-06-19
Ikastolan Lehen Hezkuntzan Gorputz Hezkuntza modu berritzaile eta pedagogikoki aberatsean lantzen da. Haurra eta bere garapen osoa jartzen ditugu ardatz, eta horretarako hainbat fase eta dinamika uztartzen ditugu ikaskuntza esanguratsua lortzeko helburuarekin.






Ikasleek gai berri bat lantzen hasten direnean, jolas libreak du protagonismo nagusia. Kiroldegian edo parkean hainbat material eskaintzen dira eta ikasleek askatasun osoz aukeratzen dute zein jolasekin aritu. Helburua argia da: sormena piztea eta bakoitzak bere jolasa diseinatzea eta esperimentatzea. Honela, haurrek beren interesen eta erritmoen arabera jokatzen dute, ekintza fisikoa eta adierazpen pertsonala uztartuz.
Ondoren, jolas arautuetara igarotzen dira, non diziplina, arauen errespetua eta materialen manipulazioa lantzen diren. Fase honetan, ikasleek jokoak modu estrukturatuan bizitzen dituzte jolasak, baina betiere motibazio eta parte-hartze aktiboarekin. Azkenik, talde-jokoak praktikatzen dituzte, non lankidetza, komunikazioa eta talde-dinamiken ulermena funtsezkoak diren.
Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailan hiru dinamika horiek lantzen dira nagusiki. Metodologia honek badu, gainera, berezitasun bat: ikaslea irakasle bilakatzen da. Gai bakoitzaren amaieran, ikasleek ikasitakoa beste ikasleei erakusten diete. Modu horretan, barneratutako ezagutzak partekatzen dituzte eta beren ikasketa prozesuaren jabe bihurtzen dira.
Ikasteko modu aktiboa eta autonomoa da, barrurako bidea kanpotik abiatuta: ikasleek beren ezagutzak eta trebetasunak partekatzen dituzte eta horrela ikasten eta irakasten dute elkarrekin.
Bigarren zikloan (3. mailatik 6. mailara), aurreko guztiaz gain, kirol arloa ere lantzen hasten dira. Helburua ez da lehiaketa hutsa, baizik eta lehiakortasuna modu osasuntsuan kudeatzen ikastea, erronka pertsonalak eta taldeko helburuak uztartuz.
Ikastolaren Lore Proiektuan, haurra bere ikaskuntza prozesuaren protagonista bilakatzen da. Pertsona osotik abiatzen gara, eta haur bakoitzaren garapen integrala bultzatzen dugu. Gorputz Hezkuntza, ikuspegi honetatik landuta, hezkuntza oso baten zutabe bilakatzen da.