Tokikoa gerturatu, ikasleak ahaldundu

2025-10-10

Gaur goizean ospatu da eko-ordezkarien lehenengo udal foroa udaletxean. Bertan, ikastetxeetako ikasle ordezkariak, irakasleak eta udaleko ordezkariak elkartu dira, azken urteetan egindako lanaren balantzea egin eta aurtengo jardun-ildo nagusiak aurkezteko.

Topaketaren hasieran, azken ikasturteetan ikasleen eskaerak nola jaso eta bideratu diren azaldu dute, eta haien proposamenek izan duten eragina azpimarratu dute. Ondoren, 2025-2026 ikasturterako ekintza plana aurkeztu da.

Aurtengo plangintzaren ardatz nagusia tokiko produktuak eta lehen sektorea bultzatzea izango da. Horretarako, promozio kanpaina bat jarriko da martxan herrian zehar, eta ikastetxeek, udalarekin eta herriko bestelako erakunde eta eragileekin elkarlanean, hainbat jarduera eta dinamika antolatuko dituzte.

Ekimen honetan parte hartzeak garbi erakusten du beste behin ikastolen eta herriko erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela herriaren eta ingurumenaren aldeko ekimenak garatzeko. “Herriko eragile eta erakundeekin elkarlanean jardutea gure izaeraren eta jardunaren muinean dago”, adierazi dute gure ikastolako ordezkariek.

Ekimen honen bidez, gazteek ingurumenarekiko eta tokiko ekonomiaren aldeko konpromisoa indartzea bilatzen da, herritarren artean kontzientzia sortuz eta ohitura jasangarriagoak sustatuz.