Tokikoa sustatuz, mundua eraldatzen
2025-11-11
Aurreko astean, gure ikastolako eko-ordezkariek (LH eta DBH mailakoek) Azpeitiko Ekoetxean antolatutako lehen foroan parte hartu zuten. Maila bakoitzeko ordezkari bana bertaratu zen bilerara, eta jardunaldi horretan ingurumenaren aldeko hainbat gai jorratu zituzten.

Foroaren ondorio nagusien artean, lehen sektoreko elikagaien salmenta indartzeko promozio kanpaina bat abiatzea erabaki zuten. Tokiko ekoizleei eta bertako produktuei balioa emateko helburuarekin, hainbat ideia eta proposamen mahai gainean jarri ziren, eta horien inguruko gogoeta aberasgarriak egin zituzten parte-hartzaileek.
Bilera amaitu ostean, eko-ordezkariak ikastolara itzuli eta gelaz gela ibili ziren, jasotako informazioa eta hartutako erabakiak gainerako ikasleei azaltzen. Horrela, ikasle guztiei foroko esperientzia eta ekimenaren helburuak gerturatu zizkieten.
Ekimena bat dator ikastolaren hezkuntza-ereduarekin, zeinak pertsonaren garapen osoa sustatzea du helburu: dimentsio soziala, kognitiboa, motorra, emozionala eta existentziala landuz. Ikastolak ez du soilik egiten ikastea bilatzen, baizik eta izaten ikasteko hezkuntza-proposamena eskaintzen du, pertsonen giza kalitatea garatzeko eta ikasleak gizartearen zerbitzura jartzeko.
Azken batean, ekimen hau ikasleak gizartea hobetzeko eta eraldatzeko prestatzen dituen hezkuntza-bidean beste urrats bat da, ingurumenarekiko errespetua eta tokiko ekonomia sustatuz.