Udazkena oinpean, natura begi bistan
2025-10-17
Azken aste honetan, DBHko eta Batxilergoko ikasleek udazkeneko irteerak egin dituzte, Euskal Herriko eta Europa erdialdeko natura, kultura eta bizimodua gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan dutelarik. Aurtengo ibilaldiek elkarbizitza, ingurumenarekiko kontzientzia eta ikaskuntza esperientzia aberasgarria uztartu dituzte.





















Bigarren Batxilergoko ikasleek aste osoko bidaia egin dute Europa erdialdera. Belgika, Herbehereak eta Txekiar Errepublika bisitatu dituzte, hiriburu eta hirien artean mugitzeko aukera izan dute eta, horren bidez, beste herrialde batzuen historia, kultura eta bizimodua lehen eskutik ezagutzeko aukera aparta izan dute.
Bestalde, Batxilergoko 1. mailako eta DBHko ikasleek Euskal Herriko hainbat txokotan barrena egin dituzte txangoak, natura eta ingurumena ardatz gisa hartuta.
- DBH 1. mailako ikasleak Leitzako Peru-Harri museoan izan ziren. Nafarroako natura paisaiaz gozatzeaz gain, herri kirolak praktikatzeko aukera izan zuten, ondare kulturalaren transmisioa esperientzia bidez biziz.
- DBH 2. mailako ikasleak Aiako Harrietako parke naturalean ibili ziren. Arditurriko erromatar garaiko meategiak bisitatu zituzten, eta ondoren, Soinuenea museoan euskal musika tradizionalaren altxorrak ezagutu zituzten.
- DBH 3. mailako ikasleak Lazkaomendiko Iztueta baserrira joan ziren. Bertan, eredu jasangarri batean esnea eta esnekiak nola ekoizten diren azaldu zieten, ikuiluan egiten den lana ikusi, eta hainbat produkturen osaketa ezagutu zuten. Bisitaldia esne irabiatuaren dastaketarekin amaitu zuten. Ondoren, oinez Ordiziko Oiangu parkera abiatu ziren, naturarekin harremana sendotuz.
- DBH 4. mailako ikasleak, berriz, Larrun mendira igo ziren XIX. mendeko tren berezia hartuta. Mendi mitiko honek Lapurdi, Nafarroa Garaiko eta Gipuzkoako paisaia zoragarriak eskaintzen ditu. Eguna Donibane Lohizunen amaitu zuten, kostaldeko herri eder hau bisitatuz.
- Batxilergoko 1. mailako ikasleak Gasteizko eraztun berdean zehar ibili ziren eta Arkauteko urmaela bisitatu zuten. Ingurumenaren zaintzaren eta biodibertsitatearen garrantziaz hausnartzeko aukera izan zuten.
Irteera horiek guztiak ikasleen elkarbizitza eta talde kohesioa indartzeko baliagarri izan dira, baita inguruko eta nazioarteko errealitateak ezagutzeko ere. Azken finean, Euskal Herriko eta Europako hainbat txoko bisitatuz, ikasketa prozesua eskolaz kanpo aberastu dute ikasleek.