Uhinen artean, zuhaitzen gerizpean
2025-06-04
Joan den astean, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek Donostiara txango zirragarria egin zuten. Eguraldi ona eta ikasteko gogoa bidelagun hartuta, ikasleek zientzia, kultura eta natura uztartzen dituen esperientzia paregabea bizi izan zuten.





Goizean, Tabakalerako kulturgunera hurbildu ziren, bertan ikusgai dagoen “Ikuspegi kuantikoak” erakusketa ezagutzeko. Tailer dinamiko eta parte-hartzaile batean, soinu uhinen inguruko azalpenak jaso zituzten, eta esperimentuen bidez kontzeptuak modu praktikoan ulertzeko aukera izan zuten. Ikasleek arreta handiz jarraitu zituzten azalpenak, eta zientziarekiko jakin-mina piztu zitzaien.
Eguerdian, Donostiako bihotzean dagoen Kristina Eneako parkera joan ziren. Han, belardian bazkaldu ondoren, jolaserako tartea izan zuten. Baina ez zen jolas hutsa izan; izan ere, parkean zehar ibili ziren bertako flora eta fauna behatzen, animalia eta ingurune naturalarekiko interesa eta begirunea landuz.
Txango honek aukera ezin hobea eskaini die ikasleei ikasketa formala eskolatik kanpo garatzeko, ingurune aberasgarri batean. Zientzia eta natura uztartuz, egun ahaztezina bihurtu da beraientzat.