Unibertsoaren begiradatik flyscharen taupadara

2025-11-27

Lehen Hezkuntzako azken zikloko ikasleek aste honetan hainbat irteera burutu dituzte, zientzia, natura eta kirolaren inguruko esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukera izan dutelarik.

Aurreko astean, LH 5. mailako ikasleak Donostiako Planetariumean eta Txuri Urdin instalazioetan izan ziren. Bisita bikoitz horretan, zientziaren ezagutza eta kirolaren balioak uztartu zituzten: alde batetik, unibertsoaren eta astronomiaren inguruko azalpenak jaso zituzten, eta bestetik, kirolaren garrantzia eta talde-lanaren balioa gertutik ezagutu zuten.

Bestalde, LH 6. mailako ikasleak Zumaiako Geoparkea ezagutzen aritu dira, gelan landutako edukiak osatzeko helburuarekin. Lehenik, museoa bisitatu zuten, non Lurraren sorrera eta flyscharen garrantzia azaltzen zitzaien. Ondoren, flyscha bera ikusi eta bertako ezaugarri eta bitxikeriak aztertu zituzten. Bisita amaitzeko, Itzurun hondartzara jaitsi ziren, eta han ere Lurraren historia geologikoaren aztarnak behatu ahal izan zituzten.

Goiza ikaskuntzaz betea izan ondoren, bazkaldu eta gero, ikasleek jolaserako tartea ere izan zuten. Eguraldia lagun, taldeak primeran gozatu zuen egun berezi eta aberasgarri honetaz.