XXI. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK – ZIENTZIAK IKASI ETA IRAKATSI ZERTARAKO?
2014-03-07Izenburu honekin egun gure ikastoletan zientzien irakaskuntzari ematen diegun garrantziaz kontzientzia hartu nahi izan dugu. Estrategiak ezagutu nahi ditugu zientziaheziketa hain beharrezkoa dugun gizartean era autonomoan, kritikoan eta erantzukizunez jokatu ahal izateko.
Zientzia mende askotan zehar jakintza hitzaren baliokidetzat hartua izan da. Ideia honen atzean ezagutzea, arrazoitzea, esperimentatzea eta batez ere ezagutza gureganatzea daudela ziurta genezake. Errealitatea ezagutzea, natura behatuz bere gertakarien zergatiak ezagutzen eta ulertzen laguntzen digu zientziak. Esperimentatu, frogatu, sistematizatu eta era berean matematizatzea da zientzia egitea. Helburua ez da gertakariak zehaztea, baizik eta nola gertatzen den ezagutzea.
Baina gure geletan, eskoletan irakasten duguna zientzia ote da? edota zientziak ba al du lekurik gure ikasgeletan? Zientzia ez al da ba unibertsitatean eta laborategietan egiten dena? Zer da egiten duguna haur hezkuntzako gela batean janariaren prestaketaz edo eraldaketaz ari garenean?
Zer ote da irudi geometrikoak naturan topatu nahian gabiltzanean egiten duguna? Edota angeluak identifikatzea eskatzen diegunean? Pentsa dezagun elkarrekin.
Horixe da haurrek eta gaztetxoek egiten dutena iraunkorki: esperimentatu, frogatu, tentatu. Geuk
ere geure irakasle-ikertzaile lanari ekiten diogu. Galderak egin, behatu, hausnartu, argudiatu eta errealitatea uler dezaten bideratzen ditugu ikasleak. Horretan datza zientzia egin eta irakasteak, denok gara-eta zientzialari.
Jardunaldietan besteek zer egiten duten ulertzearekin batera, geuk ere zientzia egiteko aukera desberdinak ezagutuko ditugu, praktika onak, alegia. Bertan esperimentuak antolatzen edo jolasaren bidez gure metodología azaltzeko eta hobesteko modua ezagutu dezakegu. Geuk egiten duguna eta egitera bideratzen duguna “aztertzaile” lana baita.
Zientzia egin dezagun, bada. Behatzeaz gain, esperientziak eraikiz eta ezagutu nahi ditugun alderdiak agerian jarriz. Denok gara zientzia irakasle; har dezagun erronka hau ikuspegi berritzailez.