“Zain dezagun gure gorputza” proiektu arrakastatsua

2024-12-12

Lore proiektuaren baitan, LH 2. mailako ikasleek “Zain dezagun gure gorputza” izeneko diziplinarteko proiektua gauzatu dute, gorputzaren eta osasunaren inguruko ezagutzak landuz.

Proiektuak hainbat dinamika interesgarri izan ditu, ikasketa eta dibertsioa uztartuz.

Elikaduraren garrantzia ikasten

Proiektuari hasiera emateko, ikasleek elikaduraren oinarrizko ezagutzak jaso dituzte. Bereziki, elikadura piramidea landu dute, elikagaiak egoki aukeratzearen eta elikadura orekatua izatearen garrantzia ulertuz.

Gorputza ezagutzeko mural sortzaileak osatzen

Jarraian, ikasleak eredu gisa hartu dituzte eta etzanda, giza gorputza irudikatzeko muralak sortu dituzte. Jarduera honek gorputzeko organo eta aparatu desberdinak identifikatzen lagundu die, ikaskuntza praktikoa eta artistikoa uztartuz.

Bazkari osasuntsua, esperientzia praktikoa

Proiektuari amaiera emateko, ikasleek bazkari osasuntsua ospatu zuten. Taldeka adostu zuten menu osasuntsua, eta txokolateak edo gozokiak ez hartzea erabaki zuten. Bazkariko menua askotarikoa izan zen: haragia, arraina, pasta… Postre gisa fruta eta jogurta dastatu zituzten. Bazkaria prestatzeko, ikasleek mahaia apaindu eta jarri zuten, proiektuan zehar sortutako muralak hormetan ikusgai jarriz. Ekintza honek haien autonomia bultzatzeaz gain, talde-lanean aritzeko eta ardura hartzeko aukera eman zien.

Jolas-askearen unea

Bazkariaren ostean, ikasleek jolas-askea praktikatuz egunari amaiera borobila eman zioten. Ikastolako atarian, material desberdinak erabiliz, imajinazioa eta sormena piztu zituzten, kirol formalik gabe, baina mugimenduz betetako jolasekin.

Proiektu aberasgarria

“Zain dezagun gure gorputza” proiektuak osasuna, elikadura eta autonomia lantzeko aukera eskaini die ikasleei modu motibatzaile eta praktikoan. Ikasitakoa barneratu ez ezik, jarduera dibertigarriez gozatu dute, eta eguneroko ohitura osasuntsuagoak izateko bidea zabaldu dute.