Zuk ez duzu ordezkorik: bizitzaren balioa gidari
2025-10-29 
                    DBH 4. mailako ikasleek azken egunotan bi jarduera garrantzitsutan parte hartu dute trafiko istripuen prebentzioaren inguruan. Batetik, AESLEME elkarteko kideek “Zuri ere gerta dakizuke” kanpainaren baitan hitzaldia eskaini zuten. Bestetik, ikasleek “Don’t be dummy. Zuk ez duzu ordezkorik” izeneko saioan parte hartu zuten Soreasu Antzokian, non Dummy pertsonaiaren bidez mezu argi bat jaso zuten: istripuen aurrean, prebentzioa da babesik onena.



Urtero legez, AESLEME elkarteko kideak izan ditugu gure ikastolan. Elkarteko bi ordezkarik DBH 4. mailako ikasleei zuzendutako hitzaldia eskaini zuten, “Zuri ere gerta dakizuke” kanpainaren barruan.
AESLEME elkarteak bizkarrezur-muineko lesioak eta burezur-garuneko traumatismoak saihesteko lan egiten du, eta, aldi berean, gizartea istripuen ondorioen inguruan sentsibilizatzeko ahalegina egiten du. Hizlariek azaldu zutenez, mota horretako lesioak gehienbat 15 eta 25 urte bitarteko gazteen artean gertatzen dira, eta urtero 1000 pertsona inguruk jasaten dute horrelako lesioren bat estatu mailan.
Hitzaldian, oso modu erakargarrian adierazi zituzten mezu nagusiak, etengabe azpimarratuz bizkarrezur-muineko lesioen ondorioak oso larriak eta betirakoak direla. Istripuak saihesteko, prebentzioaren garrantziaz jardun zuten: uhala beti erabili behar dela, buru-euskarria altuerara egokitzea eta kaskoa homologatua izatea bezalako gomendio praktikoak eskainiz. Azalpenak bideoen eta bizipen pertsonalen bidez osatu zituzten, ikasleen arreta bereganatuz.
Ikasleek interesa eta parte-hartze handia erakutsi zuten, eta ziur gaude jasotako gomendioak orain eta etorkizunean baliagarriak izango zaizkiela.
Gainera, egun batzuk geroago, ikasleek “Don’t be dummy. Zuk ez duzu ordezkorik” izeneko sentsibilizazio-saioan parte hartu zuten Soreasu Antzokian, herriko beste ikastetxeetako gazteekin batera. Saio horretan, Dummy izeneko pertsonaia izan zen protagonista nagusia. Ikasleek jakin ahal izan zuten ibilgailu-fabrikatzaileek Dummy Crash panpinak erabiltzen dituztela inpaktuak simulatzeko eta autoen segurtasuna frogatzeko.
Emanaldiaren zehar, Dummy pertsonaiak egoera eta emozio ugari bizi izan zituen eta ondorio argi batera iritsi zen: “Zuk ez duzu ordezkorik.”
Mezua argia eta indartsua izan zen: istripuen amaiera dramatikoak saihesteko, prebentzioa da ezinbesteko faktorea.