Aloña Garmendia Osinalde (ikastolako gurasoa): Gauak ere badu memoria: zergatik ospatzen dugu Gau Beltza Azpeitian?
Hurbiltzen ari den Gau Beltza ez da hutsetik sortutako zerbait, ezta Halloweenen aurkako ahalegin hutsa ere. Gure arbasoen ikuspegian iluntasuna ez zen argirik ezaren ondorio hutsa; gauean ere baziren misterio propioak, eta horiei erantzuteko sortu zituzten gure herrian kontakizun, sinesmen eta erritu bereziak.
Gaur egun, ospakizun hau berreskuratzeko egiten ari garen ahaleginak sustrai sendoak ditu gure historian eta etnografian. Gure kultura ondarea bizirik mantentzeko eta gure seme-alabei gure nortasuna transmititzeko bide bat da: Etxeetako istorioetan, ahoz-ahoz transmititutako sinesmenetan, denboraren joanari eusteko erritu txikietan.
Joxe Migel Barandiaranek zioen bezala: “Iragan ezagutzen duen herriak badaki bere etorkizuna eraikitzen”.
Utzi ditzagun mozorrak alde batera eta zomorrotu gaitezen!
Gure proposamena:
Noiz: Urriaren 31n, 19:00etan
Non: Azpeitiko plazan elkartuko gara
Ezagutu dezagun gure kultura ondarea eta mantendu dezagun bizirik gure memoria!