Amelia Barquín: Atzerritar jatorriko familiek euskara beraiena ere badela sentitu behar dute
Kulturartekotasuna hitza asko erabiltzen ari gara aurtengo ikasturtean. Baina badakigu bere esanahia eta oinarria? Hurrengo astean bertan, martxoaren 13an, Azpeitin Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) kideek elkarlanean antolatuta herriko familia guztientzat “Etorkinen seme-alabak eta euskara gure herrian. Elkarrekin pentsa dezagun” deituriko saioa gauzatuko da. Hain gai konplexuan sakontzeko, gaurko honetan saio horren bultzatzaile eta sustatzaileetariko batekin hitz egiteko aukera izan dugu. Bere izena Amelia Barquín da, eta Kultur arteko Hezkuntza irakasten du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
- Kulturartekotasunaren gaia jorratzen duen proiektua martxan jartzeko zer arrazoi ikusi zenituzten?
Proiektuaren izenburuan agertzen diren hitzak dira gakoak. Azken 25 urteetan Euskal Herriko giza paisaian izan diren aldaketak ikusi ditugu, munduko hainbat lekutako biztanleen etorrerarekin. Normalean, euskaraz hitz egiten ez dakien jendea da, eta ez da erraza hizkuntza horretara erakartzea. Abiapuntuko egoera honek erronka gisa planteatzen du orain arte euskaraz bizitzen nola jarraitu, batez ere UEMAko udalerrietan, euskaraz hitz egiten ez dakiten familiak eta gurasoak badira: Nola komunikatu haiekin, nola informatu, nola erraztu haien parte-hartzea… hizkuntzaren ezagutza ez jakitetik abiatuta.
Egoera ez da batere erraza, eta gaizki ulertuak eta kezka txikiak sortzen dira bi aldeetatik. UEMA udalerrietatik Zaldibia izan zen egoera hori egiaztatu zuten lehenengo tokia. Behin diagnostikatu ondoren, galdera zen: zer egingo dugu orain? Galdera horri erantzuteko, duela 3 urte proiektu esperimental bat hasi genuen, bi helburuak bateratzeko: euskaraz bizitzen jarraitzea eta, aldi berean, euskaraz hitz egiten ez duten familia horiek udalerrian zein ikastolan planteatzen ziren dinamiketan informatuta egotea eta parte hartzea.
Egoerari aurre egiteko estrategiak bilatu genituen. Horretarako, lehenik eta behin identifikatu genuen zer unetan zeuden elkarrekin helduak hezkuntza-komunitatean, eta zertarako eta, bestetik, zer bide aurki genitzakeen euskaraz bizitzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko eta euskara komunikazioaren ardatza izaten jarraitzeko. Baina, aldi berean, euskaraz hitz egiten ez zuten familiek informatuta egotea eta parte hartzeko aukera izatea.
Lehen esan dudan bezala, estrategia horiek Zaldibin jarri zen martxan lehenik, eta ikusi genuen zer estrategi ziren eraginkorrak eta zeintzuk mantendu behar genituen. Hori ikusita, iaz proiektua UEMAko beste bost udalerritara zabaldu zen (Zestoa, Aizarnazabal, Ondarroa, Leitza eta Ibarra). Gainera, ikasturte honetan 12 udalerritara zabaldu da proiektua, besteak beste Azpeitira.
- Proiektua garatuko zen udalerrien aukeraketa ez da kasualitatea izango. Zentzu horretan, zergatik aukeratu zen Azpeitiko udalerria?
Proiekturako aukeratu diren 12 udalerrietatik gehienak ez dira oso jendetsuak, baina batzuk bai. Azpeitia aukeratzeko arrazoia, zehazki, zera izan zen, UEMAtik baloratu zela jauzi bat emateko unea zela. Horrela, Azpeitia aukeratu zen udalerrian ikastetxe bat baino gehiago izateagatik, eta interesgarria zen ikustea ea proiektua modu koordinatuan eraman zitekeen; azken finean, herri proiektu gisa.
Gainera, herriko eragile guztiak ere inplikatu nahi genituen (euskaltegia, kiroldegia, liburutegia, emakumeen txokoa…). Beraz, udalerri osoaren proiektu bihurtu nahi dugu, hasieran adierazi dizkizudan bi helburuak ahaztu gabe. Alde batetik, euskarak komunitate-bizitzaren hizkuntza-ardatza izaten jarraitzea, eta, aldi berean, euskara ezagutzen ez duen jendea udalerriko dinamiketan integratzea. Batez ere, belaunaldi berriak euskarara erakartzea da helburua. Alde horretatik, kontuan izan behar dugu familia horietako batzuek agian ez dutela lortuko euskara ikastea, baina beren seme-alabek, denek, D ereduan ikasten dute, hau da, euskaraz. Horrela, familia horien konplizitatea behar eta bilatzen dugu. Beraiek proiektu honen gakoak eta duen garrantzia ulertzea nahi dugu.
- Diagnostikoaren arabera, udalerrian gertatzen ari diren aldaketa soziokulturalen aurrean ezin da pasibotasun-jarrerarik izan. Zuzena da?
Ezer egiten ez badugu, aldaketa-prozesuak bere inertziak eta dinamikak jarraituko ditu, gure helburuekin bat ez datozenak ziurrenik.
Argi dago gai hori oso garrantzitsua dela, eta gu gaiaren alderdi bat lantzen ari gara soilik. Gainera, aurreikusten da etorkinen kopuruak gora egingo duela hurrengo urteetan. Zentzu horretan, datuak oso argigarriak dira. Eustaten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an jaiotako haurren % 30ek jatorri atzerritarreko gurasoak zituen. Gainera, Azpeitiko gero eta familia gehiagotan euskara ez da etxean erabiltzen den hizkuntza. Egoera horren aurrean, ezin da beste aukerarik izan dinamika hori aldekoa izateko ekimenak abian jartzea baino, ahaztu gabe dinamika horrek berak atzerritar jatorriko familia horiek eta haien ondorengoentzat onuragarria dela. Ez da errealista pentsatzea gelditasuna, errealitate horri aurre ez egitea, aukera bat dela. Beraz, errealitate horren kontzientzia hartu behar dugu, eta hura kudeatu, interesatzen zaigun norabidean joan dadin. Beraz, oso garrantzitsua da errealitate horretaz jabetzea.
Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da familia horietako seme-alabek euskaraz ondo ikastea eta hizkuntzarekiko kidetasuna sentitzea. Gainera, beraiek hizkuntza erabiltzea behar dugu, ez bakarrik hizkuntza hori ezagutzea.
- Zein estrategia dira eraginkorrenak proiektua gauzatzerako orduan?
Guk helduekiko talde-dinamiketan jarri dugu arreta, besteak beste nola garatu daitezkeen modu eraginkorrean ikastetxeko bilerak, prestakuntza-saioak edo guraso elkarteko bilerak. Uste dugu bilera horiek guztiak euskaraz egin behar direla, baina elementu berriaksartuz, telegramarekin aldi berean egindako itzulpena adibide gisa.
Beste eremu batean interakzio pertsonalak egongo lirateke. Esparru horretan, bakoitzak erabakitzen du estrategia jakin batzuk nola eta noiz jarri praktikan. Adibidez, nire seme-alaba baten gelakideen gurasoekin topo egiten badut, nire erabakia da nola komunikatu. Baina oso bestelako gauza bat da tutorea familiarekin biltzen bada eta biek ezagutzen duten hizkuntzara jo behar badute, eta egia da gaztelania izaten dela hizkuntza hori normalean.
Egia da batzuetan elkarrekintza pertsonal horietan ikuspegi okerra aukeratzen dugula. Horrela, pertsona arrazializatzen dugun egoerak gertatzen dira, eta haren itxura edo arrazagatik ziurtzat jotzen dugu ez dakiela euskaraz. Gizarte hegemonikoetan ohikoa da, eta jatorriagatik hizkuntza batekin edo bestearekin lotzen da pertsona bat.
- Zein dira hizkuntza inklusiboa erabiltzen saiatzean egin ohi ditugun akatsak?
Duela gutxi artikulu bat idatzi nuen Berria-n: “Nola (ez) hitz egin atzerritar jatorriko umeez?” deiturikoa. Aminaren istoria azaltzen du. Umea hemen jaio zen. Edo atzerrian jaio zen (Maroko, Pakistan, Errumania, Boli Kosta, Siria…) eta bi urterekin etorri zen, edo zazpirekin, zer inporta du.
Bertakotasuna edo hemengotasuna (barkatu hitzkoteak) eraiki behar du, eta berarentzat prozesua konplexuagoa izan daiteke beste batzuentzat baino (familia autoktonoa dutenentzat baino). Berak hemengotasun hori beste pertenentzia batzuekin uztartu beharko luke, batez ere familiarengandik transmititu zaionarekin. Eta agian bidean gertatu zaionarekin. Izan ere, egungo migrazio prozesu transnazionalak direla eta, umea, adibidez, Saharan jaio zen, bost urte eman ditu Marseillan eta orain Arrasaten bizi da, eta Marseilla eta frantsesa bere bizitza laburraren partea ere badira. Eta Anberesen eman ditu uda zoragarri batzuk, han dauzkan osaba-izebekin eta lehengusinekin, eta horrek ere kontatzen du.
Konplexua. Eta zaila ere bai, besteak beste hemen ume horri jatorri autoktonoko hainbat herritarrek modu askotara jakinarazten diotelako bera ez dela hemengoa, kanpotarra baizik, berdin hemen jaio ala ez, berdin hemen zenbat denbora eman duen, berdin hemengo eskolara joaten den eta hemengo erreferentziak ere jaso dituen…
Identitateaz ari gara eta identitate plurala eraikitzeko aukeraz. Eta euskal gizartean jatorri atzerritarreko umeek eta ume arrazializatuek oro har identitate plural hori (bertakotasuna barne) eraikitzeko aurkitzen dituzten oztopoez. Ez da edonolako gaia. Euskal gizartean hemengo moduan tratatua ez izateak eta hemengoa ez zarela bizitzeak ondorioak dauzka. Hasteko, egonezin edo min identitario bat ekar dezake, gazte batzuek “inongo ez sentitzea” hitzekin azaltzen dutena; beste batzuei, berriz, kontzeptualizazioa eta hitzak falta zaizkie haien ezinegonaz hitz egiteko, baina distantzia edo amorru berbera esperimentatu ditzakete. Identitate erreaktiboak agertzeraino: hemengotzat ez badute hartzen, gazteek hangoak direla ondorioztatu dezake, hemen jaio diren arren eta hangoarekiko lotura ahula izan arren. Eta gerta daiteke hemengoarekin atxikimendurik ez adieraztea eta are hemengoa arbuiatzea ere, kontrara jokatzea alegia.
Epe erdira, kohesio sozialaren terminoetan desastrea da. Alderdi linguistikoan, gainera, nola biziko du ume edo gazte batek euskara zerbait propioa dela, berea ere badela, merezi duela, atzerritartasuna komunikatzen bazaio behin eta berriro? Euskara besteena izango da, “hemengoena”.
Galderara itzuliz, Aminaren kasuan errealak diren bi esaldi nabarmenduko ditut, hizkuntza ustez inklusiboa erabili nahian oinarrizko akatsak dituztenak. “Ze ondo hitz egiten duzun, ez duzu azenturik ere”. Ez al da lausengu eskasa, abizen euskaldunak dauzkanari eta arrazialitatuta ez dagoenari egingo ez geniokeena?
Beste adibide bat. “Oso garrantzitsua da ume hauen hizkuntzak eskolan kontuan hartzea”. Bai, noski. Baina umeen hizkuntzak etxekoak al dira soilik?
Horrela, batzuetan saiatzen gara atzerritar jatorriko pertsonekin, atzerritar gisa, solaskide izaten. Zer izango da euskara haientzat? Ez dute eurentzat jotzen, besterentzat baizik. Laburbilduz, euskara ere eurena dela transmititzea da helburua.
Alde horretatik, “Egin nirekin ere euskaraz” izeneko UEMAren kanpaina nabarmendu nahi dut (bideoaren esteka). Helburua haur arrazializatuei euskaraz ez hitz egiteko ohitura hori desagerraraztea da. Hori Azpeitian ere gertatzen da, non haur guztiek euskaraz ikasten duten. Beraz, ez dago zalantzarik Azpeitian haur guztiek dakitela euskaraz.
- Zein da datorren asterako antolatu den saioaren helburua? Zergatik da garrantzitsua joatea?
Jakina, elkarrizketa honetan aipatu ditudan alderdi batzuk aztertuko dira, baina beste batzuk ere bai. Zalantzak argitzeaz gain, hitzaldi horien helburu nagusia kulturartekotasuna zer den azaltzea da, zer den integrazioa, nola tratatu behar den kulturartekotasuna herrian… Bestalde, jatorri atzerritarreko familietako haurrak zer motatako identitateak garatzen ari diren argitzea eta, prozesu horretan guztian gure rola ulertzen saiatzea da helburua. Azkenean, gure eguneroko bizitzan agertzen diren zalantzak dira. Saio horretan, Karmele Perezek eta biok, UEMAko kideekin batera, galdera horiei helduko diegu. Ez da ahaztu behar proiektu honen atzean UEMA dagoela.
Ikasturtearen amaieran, proiektua urte honetan nola joan den baloratu beharko da, eta ondorioak atera beharko dira. Adibidez, zer estrategiek funtzionatu duten eta zeintzuk ez. Prozesu horietan, interesgarriena funtzionatu duten estrategiak sistematizatzea da, azken batean, jarduteko modu onak bihurtzea eta denborarekin ez galtzea.
Amaitzeko, azpimarratu nahiko nuke oso erronka garrantzitsua dela, eta oso garrantzitsua dela proiektu honekin lortu dezakeguna. Zoritxarrez, beste alderdi batzuetan ez dugu ezer egin, eta horrela gaude orain segregazio gaiarekin. Beraz, gai batzuei heldu behar zaie, eta ez da aukera bat beste aldera begiratzea. Berriro diot, atzerritar jatorriko familiek euskara beraiena ere badela sentitu behar dute. Familiak konplize nahi ditugu, baina guk ere jarrera eraiki behar dugu konplizitate hori lortzeko. Arrazoi guzti horiengatik, guztiok hurrengo asteko saioan parte hartzera biziki animatzen zaituztet!