Artezkaritza kontseilua: Elkartasuna eta inklusioa erdigunean dituen ikastola bultzatzen jarraituko dugu
Artezkaritza Kontseilua osatzen dugunon izenean, ongi etorri beroena helarazi nahi dizuegu ikastolako guraso, langile eta ikasle guztioi. Ilusioz eta konpromisoz heldu diogu 2026-27 ikasturteari, eta pozik gaude ikasturte berri hau zuekin guztiekin partekatzeko aukera dugulako.
Uda honetan ere hainbat hobekuntza egin dira ikastolan, eta auzolanari esker izan da hori posible. Esker bereziak eman nahi dizkiegu guraso guztiei, zuen denbora, esfortzua eta ekarpena ezinbestekoak izan baitira berriro ere. Ikastolaren oinarrietako bat den auzolana bizirik dagoela eta guztion artean eraikitzen dugula ikastola, argi geratu da beste behin. Eskerrik asko bihotzez!
Ikasturte berri honetan, gure egitekoa eta erronkak elkarlanean jorratzeko prest gaude, hiru ideia nagusiren inguruan. Batetik, hezkuntza sare eraldatzailea gara, biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituena. Hori horrela, 2026-2030 aldirako plan estrategikoa aurkeztuko da bere onarpenerako. Dokumentu horrek datozen urteetarako ikastolaren etorkizuna eraikitzeko ardatz nagusiak jasotzen ditu.
Bestetik, komunitate bizia gara, ikasleen, gurasoen, irakasleen eta langileen arteko elkarlanaz osatua.
Azkenik, lankidetzan dihardugu eta jardun nahi dugu, bai Euskal Herriko eta bai gure herriko beste hezkuntza eta gizarte eragileekin. Horren harira, elkartasuna eta inklusioa erdigunean dituen ikastola bultzatzen jarraituko dugu, gure ikasleek mundu anitz eta askotariko honetan bizitzeko tresna egokiak eskuratu ditzaten. Ildo horretan, Saharako kanpamentuetako haurrek gure artean pasa dute uda eta bertan egon diren bitartean, ikastolako udaleko gure ikasleekin momentu eta bizipen ahaztezinak partekatu dituzte. Uda honek, beraz, elkartasunari, bizikidetzari eta kultura arteko topaketari egin dio lekua gure ikastolan. Elkar ezagutzeko, beste kultura eta errealitate batzuk gertutik ezagutzeko eta elkarrekin bizitzeko aukera izan dutelarik guztiek.
Ikasturtean zehar elkarren berri izateko aukera asko izango dugulakoan eta bide oparoa izango delakoan, besarkada handi bat bidaltzen dizuegu guztioi!