2025-09-11

Artezkaritza kontseilua: Ikastolako komunitate osoarekin lankidetzan dihardugu eta jardun nahi dugu

Artezkaritza Kontseilua osatzen dugunon izenean, ongi etorri beroena helarazi nahi dizuegu ikastolako guraso, langile eta ikasle guztioi. Ilusioz eta konpromisoz heldu diogu 2025-26 ikasturteari, eta pozik gaude ikasturte berri hau zuekin guztiekin partekatzeko aukera dugulako.

Uda honetan ere hainbat hobekuntza egin dira ikastolan, eta auzolanari esker izan da hori posible. Esker bereziak eman nahi dizkiegu guraso guztiei, zuen denbora, esfortzua eta ekarpena ezinbestekoak izan baitira berriro ere. Ikastolaren oinarrietako bat den auzolana bizirik dagoela eta guztion artean eraikitzen dugula ikastola, argi geratu da beste behin. Eskerrik asko bihotzez!

Ikasturte berri honetan, gure egitekoa eta erronkak elkarlanean jorratzeko prest gaude, hiru ideia nagusiren inguruan. Batetik, hezkuntza sare eraldatzailea gara, biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituena.

Bestetik, komunitate konprometitua gara, ikasleen, gurasoen, irakasleen eta langileen arteko elkarlanaz osatua.

Azkenik, lankidetzan dihardugu eta jardun nahi dugu, bai Euskal Herriko eta bai gure herriko beste hezkuntza eta gizarte eragileekin. Horren harira, kulturartekotasunaren lanketa integrala bultzatzen jarraituko dugu, gure ikasleek mundu anitz eta askotariko honetan bizitzeko tresna egokiak eskuratu ditzaten. Bestalde, palestinar herria jasaten ari den genozidioaren aurrean, herritar gisa, mobilizatzea da gelditzen zaigun aukera bakarra. Horregatik, Palestinaren alde elkartasuna adierazteko deia egiten dugu. Konkretuki, Elkar-ekinek antolatutako elkarteratzeetan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Ikasturtean zehar elkarren berri izateko aukera asko izango dugulakoan eta bide oparoa izango delakoan, besarkada handi bat bidaltzen dizuegu guztioi!