2024-06-06

Begoña Arrospide, Lourdes Maiz eta Iñaki Urbistondo (Ikastolako dantza taldea): Euskal kultura mantentzea eta proiektuari gurasoek egin dezaketen ekarpena dira ikastolaren bi oinarri nagusiak

Kilometroek barne saretzerako aukera eman dute, gure ikastolako komunitatea hobeto ezagutzeko aukera. Gaurko ikastola ulertzeko, halare, beharrezkoa da jatorriak ere ulertzea. Horregatik, gaurko honetan sorreratik, duela hiru hamarkada jada, ikastolarekin dantzaren bidez lotura mantendu duten hiru pertsonekin solasaldia izateko aukera izan dugu. Beraien hausnarketak interesgarriak dira ikastolaren iragana ezagutzeaz gain, etorkizunerako gakoak ezagutzeko ere.

  • Zein da zuen lotura ikastolarekin?

Begoña Arrospide: Lotura duela 30 urte baino gehiagotik dator. Semea ikastolan izan genuen hasieratik, 1996tik. Dantza taldea, hala ere, hasieratik izan dugu, 1993tik hain zuzen ere. Ikastolarekin loturiko ekintza guztietan dantza egin izan dugu.

Lourdes Maiz: Begoñak ondo dioen moduan dantza taldea Ikasberri Kooperatiba sortu aurretikoa da. Hasieran, iluntzetan juntatzen ginen Sanjuandegiko Karmelo Etxegaraiko eraikinean, eta gure aliatua Irene Valverderen ama zen, dantza egin ahal izateko. Horrela, bera arduratzen zen

Iñaki Urbistondo: Ni ere dantzan hasieratik hasi nintzen eta hasieratik ikastolarekin lotura oso zuzena izan da. Horrez gain, Hernanin Sanjuanetan eta Zestoan ere egiten ditugu ekitaldiak. Hoberena da gure artean oso harreman estua daukagula eta oso ondo pasatzen dugula elkarrekin.

Begoña Arrospide: Luix “Beltza” da taldearen arima, guztiokin asko konektatzen duelako, gehiago iristen da guregana.

  • Zein izan zen talde hau sortzearen helburua?

Lourdes Maiz: Ikastolaren publikazio prozesuan guk gure ekarpena egitea nahi genuen. Mirari Bereziartua izan zen asko animatu gintuena talde hau bizirik mantentzera. Ikastolaren identitate propioa nabarmendu nahi genuen, euskal kulturarekin ikastolek duten lotura estua nabarmenduz.

  • Taldearen gertaera esanguretsanuetarikoak zeintzuk izan dira?

Lourdes Maiz: Oso gogoan ditugu Ikasberrin ospatu diren bi kilometroak (2000 eta 2011 urtean).  Argentinako bidaia ere oso hunkigarria izan zen. Bertan bizi diren euskaldunentzat Euskal Herrian ateak irekita izatea asko baloratzen dute.

Iñaki Urbistondo: Oso gogoan dugu ere 1996ko Ikastolako eraikinaren inagurazioa. Oso egun hunkigarria izan zen. Bestalde, Argentinan egiten den “Euskal Aste Kultural” deiturikoan ere parte hartzeko aukera izan genuen 2016ean. Ikusgarria da, kale luze batean gure dantzak egiteko aukera izan genuenekoa, kale osoa jendez beteta, jendetza itzela gerturatzen da.

Begoña Arrospide: Argentinan Euskal Etxeek egiten lana oso goraipagarria da. Ikusgarria da zein profesionaltasunez ikasten dituzten dantzak. Gainera, bi herrialdeen artean elkartruke kultural oso handia dago eta horren emaitza nabaria da. Azken finean, ez gara jabetzen euskal diasporak duen garrantziaz, hemen baloratzen ez den zerbait. Nik familia kideak ditut Argentinan eta oso harro daude beraien euskal jatorriaz. Euskara hizkuntza ere mantentzen dute eta asko sentitzen dute, beraien identitatearen oinarri direlako. Beste indar batekin sentitzen dute.

  • Zeintzuk dira zuen ustez ikastolaren izaera propioa adierazten duten ezaugarriak?

Hiruak: Euskal kultura mantentzea eta proiektuari gurasoek egin dezaketen ekarpena dira bi oinarri nagusiak. Hasieran, goizeko ordu txikiak iristen zitzaizkigun ikastola antolatzeko. Finantziazioa ere arazo nagusia izan zen. Gurasoek maileguak babestera eta guzti iritsi ziren. Konpromiso irmoa geneukan eta zoragarria da ikustea gaur ikastola zer egoeratan dagoen.

  • Zer garrantzia izan dezake berriro Kilometroak Azpeitian ospatzeak?

Begoña Arrospide: Gure nortasunari eutsi behar diogu berriro, bereziki gazteenen artean. 1960ko hamarkadan ikastola sortu zutenekin gertatu zen moduan, guk 1990ko hamarkadan ez genekien zer zen ikastola martxan jartzea. Lehen pertsonan bizitzeak ikastola bizirik mantentzeak zer lan eskatzen duen jabetzera ematen zaitu. Ez da ahaztu behar nondik gatozen.

Lourdes Maiz: Lehen ekonomikoki itota geunden sentsazioak bultzatzen gintuen parte hartzera. Orain, motibazio berriak behar ditugu Kilometroen garrantzia ulertzeko.

Urbistondo: Herrigintza mailan ekarpena nabarmena da, barne saretzerako lagungarri izan daiteke.

  • Aurrera begira zer etorkizun ikusten diozue zuen dantza taldeari?

Hiruak: Osasunak laguntzen gaituen bitartean aurrera jarraituko dugu. Taldean 20 lagun inguru mantentzen gara.Astean bi aldiz entsenguak egiten ditugu Erabilera Anitzeko Gelan. Duela gutxi lurra egokitu zuten gure beharretara. Ilusioa ez zaigu falta eta hori da garrantzitsua.