2024-11-27

Esti Karrera (Administrari burua): Ikastolok elkartasuna historikoki zentzu zabalean aplikatu izan dugun irizpidea da, bai ikastolon artean eta baita ikastola barnean ere

Ikastolak hezkuntza-eredu propioa eta herritik sortutako egitasmo gisa ezagutzen dira, eta berezitasunetako bat barne-beka sistema da. Egitasmo honek herritar guztiei, baldintza ekonomikoak edozein izanda ere, kalitatezko hezkuntzarako sarbidea bermatzea du helburu. Horrek erakusten du ikastolen konpromisoa inklusibotasunarekin eta berdintasunarekin.

Baina, zer da barne-beka sistema? Nola funtzionatzen du? Zer irizpide erabiltzen dira bekak esleitzeko? Gai hau sakonago ezagutzeko asmoz, ikastolako administrazio burua, Esti Karrera, elkarrizketatu dugu. Helburua agerikoa da: beka sistema honen nondik norakoak argitzea eta, batez ere, herritarrek egitasmo honetaz duten ulermena zabaltzea.

Elkarrizketa honen bidez, barne-beka sistemaren garrantzia, funtzionamendua eta ikastolaren izaera herrikoia hobeto ezagutzeko aukera izango dugu.

  • Ikastolan behar ekonomikoa duten familientzat laguntza edo beka-sistema propiorik badago?

Bai. Badira hamaika urte (2013/2014 ikasturtetik) ikastolan barne beka sistema bat genuela. Azpibatzorde ekonomikoan eginiko hausnarketa batetatik sortu zen deialdia hau egitearen beharra.

  • Zer ezaugarri ditu sistema horrek?

%75eko kuota murrizketa aplikatzen zaio beka honetako onuradunei.

  • Zer baldintza bete behar dituzte familiek barne beka eskatzeko?

Hiru dira bete beharreko baldintzak. Alde batetik, bazkide izatea. Bestetik, ordurarteko kuota denak ordaindua izatea, eta, azkenik, errenta baremo batzuk ez gainditzea.

  • Zure ustez, zer abantaila eta erronka dakartza barne- beka sistema berritzeak ikastolarentzat?

Berebiziko garrantzia du nire ustez deialdi honek. Ez da ahaztu behar Ikastolak herri izaera duela, zerbitzu publikoa eskaintzen duela, herriari eskaintzen diona.

Jaurlaritzaren aldetik finantziazio nahikorik jasotzen ez dugunez, halabeharrez familiek kuotak ordaindu beharrean suertatzen dira, baina ez genuke nahi inor kanpoan gelditzea arrazoi ekonomikoengatik.  Honi aurre egiteko modu bat barne beka sistema da.  Hezkuntza Sailak ere badu beka deialdia baina soilik ikasmateriala eta zerbitzuak estaltzen ditu laguntza horrek.

Gainera, denon artean egoera ekonomiko zailean dauden familiei laguntza ematea elkartasun balorea da.  Ikastolok elkartasuna historikoki zentzu zabalean aplikatu izan dugun irizpidea da, bai ikastolon artean eta baita ikastola barnean ere.

  • Ikastolaren bereizgarrietariko bat dela esango zenuke gure barne-beka sistema?

Dudarik gabe. Kooperatiba gisa, Batzar Nagusiak du ahalmena aurrekontua onartzeko eta helburu honetarako partida ere bazkide denon artean onartzen da.  Ikastolen Elkartetik ere saiakera egin nahiean dabiltza sistema hau orokortzeko ikastolen talde mailan, gutxi batzuk baikara jada hau martxan dugunak.

Zentzu honetan eredu garela esatera ausartuko nintzateke.  Ikastola askotatik jarri izan dira harremanetan gurekin gai honen inguruan informazioa eskatuz.

  • Nola baloratzen duzu sistema honek familiak integratzeko eta ikastolako komunitatea sendotzeko duen eragina?

Oso positibotzat baloratzen dut ekimena. Aurtengoan gainera, Azpibatzorde ekonomikoak indar berezia eman nahi izan dio ekimenari, horretarako aurrekontua gehituz (orain artean 10.000 € izan dira eta aurtengoan 18.000 €). Ondorioz, familia gehiagok izango dute beka honen onuradun izateko aukera. Gainera, oso eskertuta agertzen dira familiak gainerakoek egiten duten ahaleginarekin.