2023-12-14

Euskara eta kulturartekotasuna

Abenduaren 1ean Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultateak “Euskara eta Kulturartekotasuna” jardunaldia antolatu zuen Eskoriatzan, azken hiru ikasturteotan gaiaren inguruan egindako lana ezagutarazteko. Ikastolako Artezkaritza Batzordeko kide Amaia Mendizabal Elias-ek jardunaldi horietan hartu zuen parte; honela, mahai-inguruan aritu zen proiektu hau garatzen ari diren Zaldibiako eta Ondarroako eskoletako gurasoekin batera. Hona hemen berarekin ikastolaren eta Kilometroen ardatzetarikoa den gaiaren inguruan izandako solasaldia.

  1. Hasteko eta behin, zer da eta zertan datza Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuak?

Proiektu hau elkarlanean garatu dute HUHEZIk eta UEMAk, eta helburu bikoitza du. Batetik, helburua da euskararen arnasgune garen herriok (Azpeitia) eta eragileok (ikastola eta eskolak, besteak beste) euskaraz bizitzeko espazio izaten jarraitzea. Euskarak behar dituelako izateko eta arnas hartzeko espazio horiek; transmisioa bermatuko duten gune horiek. Horrekin batera, proiektu honek beste koprapilo bat erantzun nahi dio: nola egin dezakegu euskaraz funtzionatzen jarraitu eta, aldi berean, jarrera abegikorra eta integratzailea izateko euskaraz ez dakitenekin?

Zaldibian hasitako bidearekin hainbat proposamen ekarri dizkigute HUHEZI eta UEMAko kideek. Batetik, Telegram aplikazioaren bidezko itzulpen zerbitzua integratzeko aukera. Horrek bermatzen du bilerak euskaraz egiten jarraitu dezakegula eta, era berean, euskaraz ez dakitenek ere han gertatzen ari dena uler dezaketela; hau da, guraso guztiok espazio bera konpartitzea, une berean, gure umeen ingurukoak modu berean jasotzea. Telegram-ek guraso taldeetan bidaltzen ditugun mezuak itzultzeko aukera ere ematen dut; lehen whatsapp taldeak genituen, euskaldunontzat, eta hasiak ziren sortzen euskaraz ez zekitenentzat bestelako taldeak. Horrek, ordea, euskaldun eta ez euskaldunen arteko banaketa indartu besterik ez zeun egiten; integratu beharrean, bereizi. Beraz, guraso taldek Telegram-era pasatzea proposatu ziguten, eta bakoitzak idatz eta irakur dezala nahi duen hizkuntzan. Dena dela, urrats hauek bide luze baten lehenak besterik ez dira.

  • Zer aldatu da ikastolan proiektuaren ondorioz? Zer azpimarratuko zenuke?

Aldaketa handiena esango nuke gure baitan gertatu dela, gure pentsamoldean. Kontzientzia hartu dugu gaiaren gainean. Lehen ere ikusten genuen hutsune bat bazegoela: nire alabaren gelako guraso ez euskaldunak edo, bereziki, atzerritarrak, 17:00etatik aurrera patio orduan parkearen izkinetan ikusten nituen, bakarrik edo jatorriaren araberako taldeetan banatuta; ikusten nuen ez zutela parte hartzen ikastolako ekitaldi, bilera eta kontuetan, eta, horrenbestez, haurrek ere. Etxean ere ikusten nuen, nire bikotea atzerritarra baita: nik eta nire bikoteak oso pertzepzio desberdina genuen ikastolarekiko; beste distantzia batetik bizi zuen berak, distantzia emozional batetik. Beraz, ohartzen ginen hutsune bat bazela. Baina orain, ohartzeaz harago, kontzientzia hartu dugu eta behingoz, bazen garaia, heldu egin diogu gaiari. Bestelako arreta bat jartzen antolaten dugun guztiaren aurrean: batzarretan, hitzaldietan… Telegram bidezko itzulpen zerbitzua eskaintzen da orain, Kilometroak zer diren azaltzeko bilera antolatu da guraso ez euskaldunentzat, denbora hartzen dugun ekitaldi eta abarretara zuzenean eta banan bana gonbidatzeko….

Eta, batik bat, agian garrantzitsuena harremanak aldatu dira. Oraindik agian hauskorrak, baina zubiak eraikitzen hasi dira. Proiektu honetan guraso ez euskaldun zenbaitekin hausnarketak eta bilerak partekatu ditugu; udaberrian hasi ginen lanean, herriko hiru ikastetxeak batera. Beraz, lehen inoiz espazio bera konpartitu ez genuen jendeak elkar ezagutzeko aukera izan dugu. Orain, bat-batean ikastolako edo herriko guraso atzerritar batzuekin elkar agurtzen gara, irribarre batekin,e do supermerkatuan elkarrizketatxo bat izaten dugu, eguraldiaren inguruan bada ere, irriparre konplizeak agertu dira…. Duela hilabete batzuk ez nuen inongo harremanik pertsona horiekin.

Gainera, guraso ez euskaldunen asebetetzea ere hobetu da. Batzuek lehen aldiz hartu dute parte guraso bileretan:  seme-alabek ikasgelan bizi dutena entzun, argazkiak ikusi… beste gurasoekin modu normalizatu batean egon, bat gehiago izanik. Horrek asko balio izan du beraientzat.

  • Zertan gabiltza une honetan ikastetxean?

Proiektuaren oso hasieran gaude, oraindik konturik oinarrizkoenak egiten. Ikasturte honetako erronka nagusia guraso bilerak aldatzea izan da, eta ez da erronka makala izan. Kontuan izan Kulturartekotasunaren proiektuarekin inguruan udaberrian hasi ginela lanean, eta ikasturte hasieran, ikastolan bertan ere ia bi hilabeteko geldialdia eta gero, bat-batean maila guztietan guraso bilera guztiak errotik aldatu behar izan genituela. Alde horretatik, ikastolako irakasle taldeak eta zuzendaritzak egindako lana ikaragarria izan da.

Lehenengo eta behin proiektua ikastolako komunitateari aurkezteko familien batzarra prestatu genuen.  Beldurra genuen, ea norbait etorriko ote zen, zer harrera izango zuen gaiak,… Ikastolak ahalegin berezia egin zuen guraso ez euskaldunak erakartzeko, eta banan-banan deitu zitzaien gonbidatzeko. Gainerako gurasoen inplikazioa lortuko ote genuen, ordea? Bada, harrigarria izan zen erantzuna: aretoa bete egin zen. 100 pertsona inguru bildu ginen, horietatik 20 ez euskaldunak. Guraso euskaldunek jakinmina adierazi ziguten; sumatzen zuten halako zerbaiten beharra. Eta, nolabait, familia ez euskaldunen berotasuna sentitu genuen: hurbildu zitzaizkigun adieraztera zenbateraino behar zen horrelako zerbait, zein bakarrik sentitu izan diren askotan patioan, zein urrun sentitu gaituzten… Gogoan dut emakume saharaui batek esandakoak dira: “Gu irekiak gara, taldekoak, gure kulturan norbait berria etortzen bada harrera egiten zaio…  Eta ni beti bakarrik pation. Zenbat aldiz egin ote dudan negar etxera joatean!”. Ez dut uste horren nahikoa kontzientziarik izan dugunik, toleratzen ari ginen bazterkeria horretaz jabetu garenik.

Ondoren, guraso bilerak etorri ziren eta, beno, behintzat maila guztietan, gela guztietan Kulturartekotasunaren proiektuak aurkezturiko moldeetan egitea lortu da. Eta ikastolan, 40 badira familia ez euskaldunak, 28 etorri ziren bileretara; gehienak lehen aldiz.

Hausnartu dugu aurrera begirako lan ildo eta erronken inguruan ere. Egiten ari garena hobetzeaz gain, ikastolan egiten ditugun komunikazioak eta aldi bereko itzulpenak este hizkuntza batzuetara zabaltzeko beharra ikusten dugu, gazteleraz gain.

  • Prozesu honetan zer egiten da  erraz? Zer zail?

Erraza ilusionatzea da,  lanerako gogoa sortzea. Proiektuak badu emozionaletik eta jendea inplikatu da. Zailena joerak aldatza da eta familia ez euskaldunetara iristea. Banan-banan deitu diegunean familia ez euskaldunei, erantzuna jaso dugu, baina gure ohiko komunikazio kanalek ez dutela funtzionatzen ohartzen gara. Beraz, galdera horren bueltan gabiltza: nola iritsi? Nola animatu parte hartzera ikastolako dinamiketan?

Ohartzen gara harreman pertsonalak eraikitzetik datorrela bidea, konplizidadeak sortzetik; alde guztietatik egon daitezkeen errezeloak gainditu eta konfiantza bat eraiki behar dugu lehenik. Uste dugu ez dela nahikoa halako oharra gazteleraz bidaltzea edo ikastolako buletina eleanitz bihurtzea. Ikastolarekiko harremana distantea izan da; distante sentitu gaituzte, ez abegikor, ez gertuko, eta orain konfiantza eraikitzea dagokigu: hori aurrez aurre egiten da, harreman pertsonaletan.

  • Une batetik aurrera teknikariak (UEMA, HUHEZI) desagertuko dira prozesuetatik. Arriskurik al dago prozesuaren indarra galtzeko denboraren poderioz?

Arriskua badago, bai, dudarik gabe. Dena dela, nik uste kontu honetan badela faktore bat ezinbestean mantenduko gaituena kulturartekotasunaren inguruan dantzan: une honetan 40 familia ez euskaldun ditugu ikastolan, baina kopuru hori asko eta azkar ari da hazten urtez urte. Munduaren erreflexua da, migrazio fluxuak gero eta ohikoagoak dira; kultura, arraza eta hizkuntza aniztasuna gero eta ohikoagoa da eta gure herrietako errealitate soziolinguistikoa eta kulturala asko eta  azkar ari da aldatzen. Eta egoera horrek berak eraman beharko gintuzke honen inguruan lanean jarraitzera.

Esan bezala, proiektu honen ardatzetako bat euskaraz bizitzen jarraitzera da: euskaraz bizitzen jarraitzea eta identitate desberdineko errespetua eta onarpena egotea. Euskarak eta etorkizuneko Azpeitia euskaldun batek guztiok behar gaitu, orain haur diren herritar horien guztien inplikazio, jatorria eta identitatea dena delakoa izanik. Proiektu honetan gidari izango dugun Amelia Barquinek askotan esaten digu, hau guztia egiten ari garela batetik, haur horiengatik, azpeitiarrak eta ikastolakoak diren haur horiengatik guztiagatik; eta, bestetik, euskarengatik, euskarak guztiok beharko gaituelako.