Garbiñe Olaizola: Haur bakoitza guretzat bakarra da eta gure egiten ditugu haien beharrak
Ikastolako ikur nagusienetariko bat haurrei eskaintzen zaien arreta pertsonalizatua da. Horren erakusgarri da Txiki Txokon, haurren eguerdiko arretan, eskaintzen den zerbitzua. Hor diardute lanean Nora Omaro, Idoia Gallastegi eta Garbiñe Olaizolak. Ikastolak eskaintzen den zerbitzu horri buruz xehetasun gehiago jakiteko gaurko honetan Garbiñerekin hitz egiteko parada izan dugu.
- Zer ezaugarri ditu Txiki Txokon eskaintzen den zerbitzuak?
Haurrak tutoreen laguntzari esker joaten dira gelatik Txiki Txokora. Ordurako dena prest izaten dugu, Landerren laguntzari esker. Bazkaltzen hasi aurretik komunera laguntzen diegu, eskuak garbitzeari garrantzia handia ematen baitiogu. Haurrak mailaka antolatzen ditugu, eta bakoitzak bere leku finkoa dauka.
Bazkaltzen hasi aurretik goiza nola igaro duten galdetzen diegu, beraien behar emozionalak ezagutu eta emozioak kudeatzen laguntzen diegu. Esanguratsua da haurren beraien errola ere aldatu egiten dela batzuetan gelatik jangelara; hau da, gelan lotsatiago agertzen diren haurrak batzuetan gure txokoan, eroso sentitzean, askeago sentitzen dira bere emozioetaz hitz egiteko.
Jarraian, Nora, Idoia eta hiruok janaria zerbitzatzen diegu. Bazkaldu ondoren, haur bakoitzaren beharren arabera, aukera desberdinak dituzte. Batzuek nahiago dute jolastokian jolastea, beste batzuek, aldiz, barruan gelditzea aukeratzen dute, gehienak marrazten edo siesta egiten. Euria edo hotza egiten duen egunetan beti daukagu aukera ikastola barruan bideo bat ikusi, dantza egin edo beste jardueraren bat egiteko. Azken finean, garrantzitsuena haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea da guretzat.
Geletara itzuli aurretik, haurrek aukera dute fruta jateko. Azkenik, guk pertsonalki laguntzen diegu geletara itzultzen.
- Berdina al da 0-3 urtekoen egunerokoa Txiki Txokon edo desberdintasunak daude?
Desberdina da. 0 urtekoei gelan bertan ematen zaie jaten. HH 1 urteko gelan 11 eta erdietan ematen zaie jaten. Kontuan izan desberdintasunak daudela haur horiek gelan igarotzen duten ordu kopuruan (4 ordutik 8 ordura daude, kasuan kasu). Horrela, haur batzuk bazkaldu ondoren etxera doaz; aldiz, gainerako haurrak ikastolan gelditzen dira eta bere lotarako momentua izaten da. HH 2 urteko gelan funtzionamendua berbera da, soilik ordutegiak aldatuta; horrela, 11.45ean ematen zaie jaten, baina beste guztia berdina da.
Gainera, adin tarte honetako haurrek bere banakako koadernoa dute eta gurasoek goizean, etxetik irten aurretik, zer elikagai eta zer kopurutan jan dituzten, emozionalki nola dauden (pozik, triste) eta lo egindako ordu kopurua zehazten digute, eta hori oso lagungarria da guretzat haurren beharrak ezagutzeko. Logikoki, guk ere koaderno berean ikastolan beraien nondik norakoen xehetasun guztiak ematen dizkiegu. Beraz, familiekin dugun hartu-emana oso estua da eta komunikazio fluxua etengabekoa, bi norabidetan.
- Garapen mailan aurrerapausorik nabaritzen duzue haurrengan ikasturtean zehar?
Oso agerikoa da. Nabarmentzeko da autonomian zenbat irabazten duten haurrek. Oso motibagarria da ikustea beraien garapenean nola doazen aurrera, bereziki haur autonomoak eta autoestima altukoak bihurtzen direla konturatzea.
- Zer argudio emango zenituzke haurrei eskaintzen zaien zerbitzua pertsonalizatua dela aldarrikatzeko?
Alde batetik, haur bakotzaren beharretara egokitzen garelako, eta ez soilik otorduari dagokionez, baizik eta beraien atseden beharrak eta emozionalak ere oso kontutan ditugulako. Haurrek beraiek, autonomoak bihurtzen diren heinean, badakite eskatzen behar dutena eta oso tentu gaude, gainera, behar horiek hautematen ere. Azken helburua behar horiek momentu oro asetzea da.
Bestalde, hiru hezitzaile gaude (Nora, Idoia eta ni neu), eta horrek arreta pertsonalizatua ematea bermatzen du.
Azkenik, familiekin eta tutoreekin dugun etenik gabeko komunikazioa da gure zerbitzu pertsonalizatuaren gakoetako bat. Horrela, lekuz kanpoko zerbait nabaritzen badugu tutoreari zuzenean jakinarazten diogu, eta larria dela baderitzogu gurasoei zuzenean deitzen diegu. Gainera, egunero tutoreei informazioa emateaz gain, hiruhilabetero txostena bidaltzen diegu gurasoei haurren janari ohiturak, lagunarteko jarrera, hezitzaileekin duen harremana eta aspektu emozionalak zehazten dizkiegularik. Esan beharra daukat familiek oso modu positiboan baloratzen dutela informazioa zuzenekoa eta eguneratua izatea.
Laburbilduz, haur bakoitza guretzat bakarra da eta gure egiten ditugu haien beharrak.