2025-05-06

Goienetxe fundazioa (Azpeitiko Garagunea): Adimen-desgaitasuna duten pertsonak lehen mailako herritarrak izan daitezen lan egiten dugu

Ikastolak urtero bat egiten du Goienetxe Fundazioak martxan jartzen duen Gabonetako elkartasun kanpainarekin, eta aurten ere gure konpromisoa berretsi nahi izan dugu. Horregatik, fundazioaren lana eta eguneroko jarduna gertutik ezagutzeko asmoz, Azpeitian kokatutako Garaguneko arduradunei elkarrizketa egin diegu.

Eskola inklusiboa garen aldetik, gizarte inklusiboago baten alde etengabe lanean diharduten erakundeek gure babesa dute, eta Goienetxee Fundazioa horren adibide argia da. Elkarrizketa honen bidez, beren eguneroko lanaz, erronkez eta ilusioez gehiago jakiteko aukera izango dugu.

  • Zeintzuk dira fundazioaren helburua eta lan-ildo nagusiak?

Gure misioa adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da. Beren helburu eta xede pertsonalak lortzen lagundu nahi diegu, eta, era berean, aktiboki parte hartu ahal izango duten ingurunea sustatzeko lan egiten dugu, gainerako herritarren eskubide berberak izan ditzaten.

  • Zuen fundazioaren bitartez nola laguntzen diozue eguneroko bizitzan parte-hartzaileei euren helburu pertsonalak lortzen?

Lehenengo pertsona bakoitza ezagutzen saiatzen gara. Bakoitzaren interes eta gustuak jakiten. Bizitzan dituen desira eta helburuak ezagutu eta hauek betetzen saiatzen gara. Horren arabera komunitatean dauden aukerak edo sor daitezkeen aukera berriak aztertzen ditugu. Guzti hau eta pertsona bakoitzak dituen gaitasun eta beharrak kontuan hartuta, ekintza ezberdinak eskaintzen joaten gara. Modu honetara bakoitzak erabakitzen du zer egin nahi duen, parte hartu nahi duen edo ez. Guzti hau egunerokotasunean zehazten da, erabaki txikienetatik hasi eta handiagoetaraino.

  • Zeintzuk dira zuen fundazioan sustatzen diren balioak, eta nola laguntzen dute horiek gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa sortzen?

Adimen-desgaitasuna duten pertsonak lehen mailako herritarrak izan daitezen lan egiten dugu, eta aldi berean, besteen eskubide berberak izan ditzaten eta behar dituzten laguntza eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzen. Gure iritziz, pertsona bakoitzak bere bizitzako protagonista izan behar du. Horregatik, pertsona bakoitzari bere beharrak identifikatzen eta bere ametsak eta helburuak lortzen laguntzen diogu. Gure lanarekin gizarte inklusiboagoa lortu nahi dugu.

  • Nola bultzatzen dira harreman sozialak eta komunitarioak, eta zer ekintza praktiko egiten dituzue bizitza sozial aberatsa lortzeko?

Gure ustez, Pertsonarengan Oinarritutako Plangintza (PCP) komunitatearen ingurunean eta bizitzan parte hartzearen eta ekarpenaren eskutik doa, eta, beraz, fundazioaren lan-ardatz nagusietako bat da. Urtez urte egiten den lana Komunitate Mapak handitzea eta sakontzea da, aliantza berriak bilatuz eta daudenak sendotuz.

  • Zein motatako kirol, kultur edo bestelako jarduerak egiten dituzue parkeetan eta ingurune naturaletan? Zein onura psikologiko edo fisiko ekar ditzakete?

Komunitatean aurkitzen diren zerbitzu, elkarte edo baliabide ezberdinak erabili edo hauekin harremanak izaten saiatzen gara. Esaterako, musika eskolara joaten gara urte osoan zehar eta ikasturte amaierako jaialdian parte hartzen dugu, liburutegira eta irakurketa errazeko taldera joaten gara, egunkari eta aldizkariak irakurriz eguneratuta egotera, eta liburu ezberdinak irakurriz kulturaz gozatzera. Erakusketak ikustera edo zinemaldira ere joan izan gara. Udalak antolatutako Ttippi ttapa taldearekin 2 pertsona ibilitzen dira herriko toki ezberdinak ezagutuz kirola egin ohi dute eta harreman berriak sortu dituzte herritar ezberdinekin, egunero paseatzera joaten gara eta batzuetan Loiolako makinetara joaten gara ariketa fisikoa egitera. Talde desberdinei laguntzen diegu momentuan dagokion kartelak jartzen hainbat herritan zehar. Ekintza hauen onurak asko dira. Batetik, osasun fisikoa zein mugikortasuna hobetu edo mantentzen da eta  osasun mentala hobetzen ere laguntzen du, norbere autonomia sustatzeak, edo egunerokotasunean norbere eskubideak defendatu eta bermatzen saiatzeak gizartearen parte sentitzea ere ekartzen du, honela  eguneroko bizitza gehiago gozatuz.

  • Zeintzuk dira zuen fundazioaren etorkizuneko helburuak, eta nola planifikatzen dira jarduera horiek etorkizunera egokitzeko?

Gizartean eta bereziki gure arloan sortzen diren behar berrietara egokitu eta hauei erantzutea da Goienetxe fundazioaren helburua. Horretarako Goienetxe Fundazioaren barruan Pausoak eta Garaguneen proiektuez gain, azken urteetan proiektu berriak prestatzen aritu gara. Horietako bat da Auzoan proiektua. Autonomia maila altuagoa duten eta komunitatean gehiago parte hartu nahi duten jubilatutako pertsonei zuzendua dago. Zentro polibalenteak ere ireki ditugu azken urteetan, perfil ezberdinetako pertsonak bere herritik hainbeste mugitu beharrik izan gabe beraientzat egokiak diren zerbitzuak izan ditzaten. Dementzia kasuak, gazteen egoera…  dira datozkigun beste erronketako batzuk. Garagunera datozen pertsonengan, beraien familietan zein gizartean errealitate ezberdinak sortzen doaz eta Goienetxe fundazioa horretara egokitu eta erantzuten saiatzen da. 

  • Zeintzuk dira urtero gure ikastolan martxan jartzen duzuen kanpainaren ezaugarriak eta helburuak?

Helburua, batetik, ikastolarekin elkarlanean aritzea eta jarduera bateratuak egitea da eta, bestetik, Bertan elkarteko dendetan Gabonetako apaingarriak egin ahal izateko material birziklatua biltzea. Aurrera begira beste ekintza gehiago egin ahal izateko hartu emanetan hasteko aitzakia ona izan daiteke.