2024-09-25

Gorka Artola eta Alaitz Epelde (Kilometroak): Ekintza umilagoak egin, baina arrastoa utziko duten gauzetan indarra jartzea izan da lehentasuna

Auzolan handiaren urtea bezala definitu dutenaren hondarrean dira Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiban. Alaitz Epelde Artezkaritza kontseiluko kidea eta Gorka Artola Kilometroak jaiaren koordinatzailea pozik daude urteak eman duenarekin, eta gogotsu daude urriaren 6ko festa handirako. 

-Nola hartu zenuten KMK antolatzeko lana?

Epelde: Ikastolen Elkartetik etorri zitzaizkigun, antolatuko al genuen esanez. ‘Zergatik ez?’, pentsatu genuen. 2011n Azpeitian azkena egin zirenetik urte batzuk pasatu dira.

Artola: Gure gurasoek lan handia egin zuten bere garaian, eta esaten genuen guri ere tokatzen zaigula. Ezin genuela ezetz esan. Ikastolen elkartea ongi portatu izan da gurekin, eta sare honetako kidea izateak konpromiso batzuk ere eskatzen ditu. Horixe izan zen erabakia: eskaera etorri zaigu, ondo erantzun behar dugu.

Epelde: Eta hor hasi ginen batarekin eta bestearekin hizketan, eta hasi ginen pixka bat neurria jartzen.

-Orduan erabaki zenuten txikira egitea. Zergatik erabaki zenuten hori, eta zer esan nahi du?

Artola: Guretzat txikira da… Kilometroei eman zaien orain arteko neurria pixka bat birdimentsionatzea. Kilometroen urtea bera ere desberdin planteatzea. Hau da, ekitaldi asko eta handiak egin beharrean, neurria hartu, eta egin ditugunak inor ito gabe egiten saiatu gara. Inor ito gabe, baina era berean jendearen barruetan eragiten. Kilometroen urterako hiru ardatz zehaztu genituen, eta ardatz horiek barrura zein kanpora begira lantzeko indarra jartzea erabaki genuen.
Adibide bat da arropena, kilometroetan urteetako ohitura da asteburuero irteera mordo bat antolatzea, batera eta bestera, arropa asko saldu eta diru asko ateratzera. Guk erabaki genuen horri ere neurria jartzea. Arropekin atera nahi genuen diru kopurua zehaztu genuen, beste urteekin alderatuta txikia, eta hori lortzeko plana ari gara aurrera eramaten. Lanean, baina martxa lasaiagoan. Ez da ez dugula jendea lanean inplikatu nahi, alderantziz, auzolan handiaren urtea bezala izendatuta daukagu kilometroen urtea, baina ez duguna nahi da auzolan horretan jendea nekatzea eta erretzea. Zorionez, oraintxe bertan dugun behar ekonomikoa ere ez baita orain dela urte batzuk bezainbestekoa. Auzolan handiaren indar hori kanpora begirako proiekzio umilagoa izango duten, baina arrastoa utziko duten lanak egitera bideratzen saiatzen ari gara.

-Aurretik egin izan diren kilometroekin alderatuta, desberdina, beraz.

Epelde: Bai, ez da planteatzen bost edo sei guneko zirkuitu bat. Gizartea ere aldatu egin da, festa bera ere aldatzen joan da. Dimentsioz txikiagoa, baina goxoak izatea nahi dugu. Talde lanean, komunitatearekin aktibatuta. Mugak geuk jarrita, noraino iritsi nahi dugun, ito gabe, eta pozik. 

Artola: Mugarrietan ere, alegia, urtean zehar egiten diren ekimenetan ere alde handia dago. Herrian egin diren beste kilometroetan dirua ateratzera bideratutako ekitaldi handi batzuk egin ziren, hori zelako lehentasuna. Eta ondo asmatu zuten. Oraingoan, ordea, premiak ez dira berberak, eta horregatik gehiago saiatu gara kontzientzia lantzen, gure hiru ardatzetan oinarrituta. Hurrengo egunean arrastoa utziko diguten ekimenak egitea hobetsi dugu. 

-Hiru ardatz jarri dituzue? Nola egin zenuten haiek zehazteko prozedura?

Epelde: Ikastolen elkartetik logoa diseinatzeko lelo bat eskatu ziguten. Ez genekien nondik abiatu, jada berandu genbiltzan, beste urteetan baino geroago hartu genuelako lekukoa, eta azkar egin behar genuen. Orduan bagenuen pertsona marabilloso bat gure artean [hunkitu egin da].

Artola: Andoni Garaizar [Kilometroak egitea erabaki ostean, aurkezpen ekitaldia izan aurretik hil zen, moto istripuz]. Pila bat  lagundu zigun. Ikastolako gurasoak gonbidatuta kafe tertulia bat egin genuen. Asko elkartu ginen, eta Andonik bideratu zuen. Galduta geunden eta berak argitu zigun bidea. Ez genekien ze helburu, zein ardatz… Kafe tertulia bat antolatu zuen, denon barruak mugitu zituen, eta handik atera ziren helburuak.

Epelde: Ideia zaparrada bat egin genuen, bakoitzarentzat zer zen Kilometroak jasoz; gero biltzen saiatu ginen multzotan eta hortik atera ziren hiru ardatzak: euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza. Eta egia esan, logoarekin oso ondo etorri zen gero. Ongi lotu zuten, hiru koloreak, eguzkilorea hosto denak desberdinak… Gorkak ere eduki zuen pusketa bat hor.

-Zergatik aukeratu zenituzten euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza?

Artola: Euskara: Euskararentzat Azpeitia eta bere ingurunea arnasgune dira, ia erabat euskaraz bizi garelako eguneroko harremanetan. Hala ere, hori ez da ohikoena Euskal Herrian, eta uste dugu gure ikasleek izan behar dutela euskara beraiekin eramango dutenak, bai unibertsitatera, lan mundura eta denera. Euskararen alde lanean jarraitu beharra dago, bestela desagertzeko arrisku handian dago. Azken urteetan pantailen ondorioz eta abar erabilera asko ari da jaisten, eta euskararen kalitatea ere… 

Kulturartekotasuna eta aniztasuna: gizarte anitz batean bizi gara, eta denontzako gizarte bat nahi dugu. Denok elkarrekin biziko garena, eta denok eroso. Inklusioa sartzen dugu hor, ezberdinen arteko harremanak… beti ere euskara zubi hartuta. Azpeitia Kulturartekotasunaren proiektuan sartu da UEMArekin eta HUHEZIrekin, eta aukera paregabea izan da aurtengo ardatzetan lantzeko.

Eta Herrigintza. Ikastolak herritik sortuak gara, Azpeitian auzolanerako ohitura handia dago, herri aktiboa da, eta dena bertan egitea nahi genuen. Kilometro 0 filosofiarekin. Bideoklip bat egiteko ez dugu behar kanpoko musika talde bat, eta ezta grabatzera auskalo nora joan ere. Ikasle ohiek sortutako Skapaie elektrotxarangak egin du kantua, Kulturazekin grabatu dugu Dinamoan, eta haiek egituratu dute herriko eragileen parte hartzearekin osatu dugun bideoklipa.

-Esan duzue Azpeitia arnasgune handia dela euskararentzat. Baina, zertarako behar da Ikastola Azpeitia bezalako herri batean?

Artola: Ikastolaren mugimenduak eta egituratzeak Euskal Herri osoa besarkatzen du. Nazio ikuspegia duen hezkuntza proposamen bat da ikastolarena: euskara ardatz duen herri eraikuntza pedagogikoa. Azpeitiko Ikastolak Urola erdian dagoen mugimenduari eta hezkuntza komunitateari ekarpena egin nahi dio, era berean. Euskal Herri osoan elkarrekin osatzen dugun sareari ere bai.

Epelde: Ikastolak ez dira Azpeitian bakarrik behar, ez dugu herri mailan bakarrik ulertzen ikastola. Euskal Herri osoko egitura edo sare bat da. Zazpi lurraldeetan hezkuntzari bateratasun eta oinarri bat eman nahi diona. Errealitate nazionala kontuan hartuta nazio eraikuntza ikuspegitik sortutako egitura bat. Euskal Herria herri gisa egituratzeko tresna. Euskal Herrirako ikuspegia Azpeitia gabe egin daiteke? Ez dugu uste. Zazpi lurraldeetako bateratasun hori emateko egon behar du Beskoitzek, egon behar du Tuterak, eta egon behar du Azpeitiak.

Artola: Aurten egin dugu zazpigarren biltzarra, ikastolei aurrera begira zein izaera eman nahi diogun erabakitzeko. Nolako hezkuntza eredua nahi dugun adosteko. Zatikatuta daukagun gure herriari osotasunean eutsi nahi dion sare bat da ikastolena. Tokian tokiko legea eta currimulumak ezberdinak izanagatik ere, Ikastolok eraikita daukagun euskal curriculumean oinarritzen den hezkuntza proposamena partekatzen dugu. Guk erabakitzen dugu zer material sortu nahi dugun gure ikasleentzat, eta sortu egiten dugu. Elkartasun sare bat ere badaukagu: Beskoitzek behar badu hari ematen zaio Euskal Herriko guraso guztien artean osatuta daukagun elkartasun kutxako dirua. Euskal Herrian asko dauka emateko Azpeitiak, eta hori emateko modu bat da ikastolen sarean egotea. Beskoitzen, Maulen, Oionen eta Tuteran ikastola bat behar bada, zergatik ez da behar Azpeitian. Sare handi bat gara. Elkarrekin lanean ari garena, bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.

-Zer nahi zenukete uztea kilometro hauek gerorako?

Epelde: Jendea markatuta gelditzea, lan on bat egin dugulako, inor gehiegi nekatu gabe, eta pozik. Komunitatearen indar hori. Indar hori lortzea.

Artola: Andonik esaten zuen bezala: berriz egiteko gogo horrekin gelditzea. ‘Ederra da ba ikastola’ emozioa sortzea. Hori ikasle topaketetan lortu zen, adibidez. Ikasleak ikaragarri pozik ibili ziren, eta gero bi autobus joan ziren gure ikastolatik Herri Urratsera. Bernard Etxeparekoek azterketak euskaraz egitea eskatzeko egin zuten manifestaziora ere joan ziren gure ikasleak! Jendea emozionatzea lortzen badugu, horrek erantzuna dakar, eta arrastoa uzten du. Nik hori nahi nuke. Ikastola herrian oinarritutako eragile parte hartzaile bezala geratzea. Eta berriz ere gogoz geratzea.

Epelde: Lehen hiru ikastetxeak oso aparte zeuden herrian, eta orain lan asko egiten dugu elkarrekin. Unea ere egokia da. Kilometroak egingo ditugu, baina herri osoarentzat egingo ditugu, ez guretzat bakarrik. Eta eskuak zabalik etorri nahi duen guztiarentzat. Denontzako festa egun eder bat izatea nahi dugu.

Artola: Denok disfrutatu, lanean aritu direnek ere bai. Eta hurrena tokatzen zaienei poza ematea lekukoarekin batera. Hori zortea duzuena!