
Gurutze Eizmendi (Antzerki Eskolako arduraduna): Lotsati samarra naiz, baina eszenatokira igotakoan erabat aldatzen naiz!
Urte luzez izan da Antzerki Eskolaren gidari eta bihotza ikastolan Gurutze Eizmendi. Orain, agur esateko garaia iritsi zaio, baina bere ibilbidea eta egindako lana ahaztezina da. Haur eta nerabe askoren bidelagun izan da, antzerkiaren bidez hezkuntza eta sormenaren bideari ekinez. Elkarrizketa honetan, bere esperientziaz eta antzerkiak haurren hazkunde pertsonalean duen garrantziaz hitz egiteko aukera izan dugu. Era berean, esker oneko hitzak eta oroitzapen hunkigarriak partekatu ditu. Gure aldetik bere lana behar bezala aitortzea eta eskertzea nahiko genuke.
– Zein izan zen zure lehen esperientzia antzerki tailerrean haur edo nerabeekin lan egiterakoan? Zer oroitzapen dituzu?
Orain dela 24 urte izan zen hori. Ordurarte Idoia Uranga zebilen lan horietan eta ni nolabait laguntzen ibiltzen nintzen. Idoiak utzi zuenean nik hartu nuen erreleboa. Orokorrean esperientzia ona izan da. Ni ere beraiekin ikasten joan naiz, eta denborarekin ikusten zoaz zein ariketa edo jolasek funtzionatzen duten. Ni nire aktore esperientziatik dena transmititzen saiatu naiz. Espero dut lortu izana kar, kar, kar!
–Zein tresna edo teknikak erabili dituzu haurren sormen eta adierazpen gaitasuna bultzatzeko?
Nire kasuan, ariketa eta jolasekin hasten nituen ikasturteak, eta ondoren bakoitzak ze pertsonaia antzeztu nahi zuen aukeratzen zuen. Batzuk garbi izaten zuten eta beste batzuk berriz hainbat pertsonaia antzeztuz aukeratzen zuten. Pertsonaiak aukeratu ondoren, zer kontatu nahi dugun erabakitzen genuen, eta non kokatzen zen antzerki hori. Horren arabera antzerkiak idazten hasten nintzen, jo ta ke, ekainerako dena prest egoteko!
–Antzerkia lantzeak haurrentzat eta nerabeentzat zein onura izan dezakeela uste duzu? Zein da zure ustez antzerkiaren garrantzia garapen pertsonalean?
Talde lana den momentutik , oso aberasgarria iruditzen zait. Baita ere zure gaitasuna neurtzeko, lotsa kentzeko, eta jende aurrean irekitzen ere laguntzen du. Oso ausartak dira adin horretan eszenatokian horrela irekitzean. Nire kasuan asko lagundu dit. Lotsati samarra naiz baina eszenatokira igotakoan erabat aldatzen naiz!
–Denborarekin, haurren edo nerabeen jarreretan edo interesetan aldaketarik nabaritu duzu antzerkia lantzeko orduan? Nola moldatu izan zara beraiekin?
Orokorrean ikasle denekin oso ondo moldatu izan naiz. Egon dira gogorik gabe edo denbora pasa etortzen ziren gutxi batzuk, baina egia esan ikasleekin oso gustura egon naiz.
–Zein da zure esperientziarik ahaztezinena edo gogoangarriena antzerki tailerrean egindako lanean?
Egon naizen urte guztietan izan dira esperientzia onak. Neketsuenak, berriz, hasierako urte haietan beste ikastoletara egiten genituen irteerak. Lan asko eta etekin gutxi!
–Zein alorretan ikusi duzu zuk eta zure tailerrek eraginik handiena izan dutela ikasleengan? (adibidez, autoestimua, hizkuntza gaitasuna, sormena, emozioak kudeatzea…)
Ikasle guztiak izaera desberdina dute eta seguru nago bakoitzari zerbait ona irakatsi diola antzerkiak.
–Zure ustez, zein da antzerki tailer baten gako nagusia arrakasta izateko, batez ere gazteekin lan egiterakoan?
Nik uste ez dagoela trukurik. Nik antzerkiari diodan maitasuna transmititzen saiatu naiz, eta, orokorrean, kurtso bukaeran denak jarraitzeko gogoarekin gelditzen dira eta horrek asko pozten nau!
-Zure lana amaitzean urte luzez jardun ondoren, zein balorazio edo sentipen nagusi dituzu zure esperientziari buruz?
Balorazio ona orokorrean. Hala ere esan behar dut batzuetan gutxi babestua sentitu naizela. Antzerkiari behar zaion balioa emango ez balitzaio bezala, baina bueno, momentu onekin geratzen naiz.
Amaitzeko esan beharra daukat, lehengo larunbatean Soreasun, nire ikasle maiteek sekulako erakustaldia eman zutela. Zorionak denoi hemendik eta ahal baduzue jarraitu antzerkia maitatzen. Gora antzerkia!!!