Haritz Garmendia (soziologoa eta ikasle ohia): Gure nazioak biziraun behar badu hezkuntza ikuspegitik ikastolak funtsezko ardatza dira
Azken urteotan, hezkuntzaren inguruko eztabaidak gero eta presentzia handiagoa hartu du gure gizartean. Testuinguru horretan, ikastolen egitekoa, ekarpena eta etorkizuna ere eztabaidagai bihurtu dira, eta ez dira falta izan haien izaera edo beharra zalantzan jarri dituzten ahotsak. Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa da ikastolen ibilbidea, gaur egungo erronkak eta etorkizuneko erronken inguruan gogoeta egitea.
Gogoeta horretan laguntzeko, Haritz Garmendia Iturria soziologo eta ikastolako ikasle ohiarekin elkartu gara. Euskal Herriko Unibertsitatean doktorea den ikerlariak azken urteotan “Ikastolen ekarpena Euskal Herriari” gaia landu du, ikastolen sorrera, garapena eta euskal gizartearen eraikuntzan izan duten eragina aztertuz. Bere begiradatik, ikastolak ez dira soilik hezkuntza-eragileak; euskararen biziberritzean, komunitatearen kohesioan eta herri-proiektu baten garapenean ere funtsezko eginkizuna izan dute.
Ikastolako komunitateari zuzendutako elkarrizketa honetan, iraganari eta orainari erreparatzeaz gain, etorkizunari begira jarri gara: zein dira gaur egun ikastolen erronka nagusiak? Zer ekarpen egiten diote Euskal Herriari? Eta zer konpromiso eskatzen digute datozen urteek?
Udako atsedenaldiak gogoetarako tartea eskaintzen duen honetan, elkarrizketa hau ikastolaren inguruan hausnartzeko eta komunitate gisa dugun konpromisoaren balioa berriz ere aitortzeko gonbidapena da.
1.Zerk bultzatu zintuen “Ikastolen ekarpena Euskal Herriari” gaia aztertzera?
Berez ez da nire egunerokoan lantzen dudan gaia baina ikusten nuen ikastolen gaia arintasunez ari zela jorratzen eta ikastolei oso erraz egiten zitzaiela kritika, eta, orokorrean, beraien aurkako korrontea zegoela. Baina nire bizipenetatik abiatuta uste dut ikastolek izugarrizko ekarpena egin diotela euskal gizarteari. Hori horrela, bakoitzak bere esparrutik gai honen inguruko gogoeta egiten hasi behar genuenaren ondoriora iritsi nintzen. Nire kasuan, unibertsitatearen esparrutik, pentsamenduaren arloan eragitea tokatzen zitzaidan. Horrela, funtsezkoa ikusten nuen azpimarratzea ikastolen proiektuaren balioa. Sekulako berrikuntza izan dira eta babestu beharreko proiektua dela uste dut.
2. Hitzaldian azaldu zenuenez, ikastolak Europako mailan ere eredugarriak izan daitezkeela esan zenuen. Zerk egiten ditu berezi?
Gaur egun mundua ikuspegi bitar batetik irakurtzeko joera dago ipar globala deitzen zaiona eta bestea hego globala. Zapaltzaileak eta zapalduak izan direnak. Historikoki zapaltzaileak Europa eta Estatu Batuak lirateke, eta azpiratuak gainerako guztiak. Bereizketa hori zuzena eta argia da gauza askotarako, baina beste batzuetarako ñabardura batzuk eskatzen ditu. Ikuspuntu kultural batetik, adibidez, non kokatzen da euskalduna sailkapen horretan? Guri gertatzen zaiguna da paradoxa baten aurrean gaudela. Alegia, Euskal Herria geografikoki Ipar globalean edo Europan kokatzen da baina aldi berean euskal munduak ez du izan Europako beste nazio hegemonikoen bilakaera historikoa. Askotan antz gehiago du Hego Globaleko zenbait kulturen bilakaerarekin. Horrela, Europaren baitan epistemikoki posizio kontrajarri horretan aurkitzen gara. Ikastolek korapilo hori askatzen dute. Europar mailako ekarpena dela diogunean honako berrikuntza ekarri zutela azpimarratu nahi da: herrialde zapaldu baten autoeratze prozesu bat da ikastola. Bi estatuaren artean zapalduta dagoen nazio baten Hezkuntza eredu propio baten adibide bikaina. Europako beste nazio zapalduentzat eredugarriak. Gainera behetik gora eraikitako erakundeak dira. Hori gutxi ez eta, ikastolek juridikoki ere gainditu egiten dituzte estatuen mugak eta Europako kooperatiba baten ereduaren bitartez alternatiba bat bilatzen du estatu-nazioen logikatik harago. Eta azkenik, beste inork eskaintzen ez duena eskaintzen du: irteera soslai bezala euskal nazioaren geroratzea eta euskal pertsona eredua.
3. Ikastolen ekarpena hezkuntzatik harago doa. Zein izan da haien eragina euskal gizartean eta kulturan?
Nik uste dut ikastolen proiektua ulertzeko euskal kulturgintzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera ulertu behar dela. Historian zehar, euskal kulturak susperraldi ezberdinak izan ditu eta lehen ikastolak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieraren bueltan sortu baziren ere, nagusiki, azken hirurogei urtetan eratu den markoaren bueltan mugitu dira. Susperraldi horren ezaugarria izan zen euskal kulturgintza eta euskal gizagintza bere osotasunean ulertzen zituela. Horregatik gertatu ziren hainbat berrikuntza aldi berean: euskara batua, kantagintza, literatura… eta hezkuntza puzzle horren zutabe garrantzitsuenetako bat zen. Hori da hain zuzen ere ikastolak berezi egiten dituena: hezkuntzaz harago, proiektu pedagogikoaz harago proiektu kultural oso batean ematen diola zentzua gure lurraldeari. Gainera, barne hartzen ditu gurasoak, ikasleak eta irakasleak, eta bere helburua hezkuntza sistema soil bat baino harago doa. Kulturgintza eta gizagintza propio baten aldeko eragiletzan ardazten den neurrian, proiektu etiko bat ere bada, munduko aniztasunaren alde egiten duelako. Azken finean, Ikastolen proiekturik gabe ez dago euskal pertsona ereduaren aldeko proiekturik hezkuntzan. Eta hori gabe kulturaniztasunaren aldeko proiektua garatzea oso zaila da Euskal Herrian.
4. Zure ustez, zer esan nahi du “euskal pertsona osoa” hezteak?
Hau ulertzeko garrantzitsua da ondorengo logika jarraitzea. Nik gazteleraz jakin dezaket baina ez naiz espainiarra sentitzen. Berdina gertatzen da ingelesarekin. Nik ingeleseko ezagutza handiak izan ditzaket baina hargatik ez naiz ingelesa sentitzen. Ondorioz, seguru badaudela euskaraz dakiten hiztunak baina euskaldun sentitzen ez direnak. Beraz, bereiztu egingo nituzke euskal hiztuna izatea eta euskalduna izatea. Gure kasuan, elebiduna izatea eta euskalduna.
Bestalde, artean ez dut ezagutzen gaztelera ez dakien espainiarrik. Beste horrenbeste gertatzen zait frantsesarekin. Aldiz, denok ezagutzen ditugu euskaldun sentitu baina euskara gaitasun urria dutenak edo txikitatik ikasteko aukerarik izan ez dutenak. Euskalduna puskatuta bizi da kulturalki eta politikoki. Hori dela eta, euskal kasura, nazio zapaldu eta hautsi baten ikuspegitik hurbildu behar da. Horren aurrean, euskal pertsona ereduak hori guztia josteko asmoa du. Euskal nazioa berregitekoa eta ikastola horretarako ezinbesteko bitartekoa da. Horregatik, ikastolen funtzioa pedagogiatik harago doa. Modu honetan, abiapuntu etikoa ere bada kultur eta nazio ikuspegitik. Hori da, hain zuzen ere, bere aberastasunik handiena. Ardatz horretatik eraiki nahi duela koloretako Euskal Herria. Hori gainera goitik behera egin beharrean behetik gora eginda, kooperatiba ereduaren bitartez, ikasle, irakasle, guraso eta horren inguruan dagoen kultur sistema eta herri eragileak aintzat hartuz.
5. Globalizazioaren testuinguruan, zer paper jokatu dezakete ikastolek euskararen eta euskal kulturaren biziberritzean?
Hau ulertzeko kontuan izan behar dugu munduan sei mila hizkuntza daudela, baina hizkuntza gutxi batzuk bizi direla momentu honetan modu naturalean. Beste hizkuntza guztiak egoera minorizatuan bizi dira. Beraz globalizazioak munduratzea dakarrela dio baina hizkuntza gutxi batzuek (ingelesa, gaztelera, frantsesa) besteei inposatzea dakar berekin. Horren aurrean, ikastolak globalizazio homogenitzailearen aurkako erresistentzia proiektua dira, baina ez besteei zapaltzeko baizik eta gure hizkuntza eta kultura defendatzeko baizik. Beraz, proiektu irekia da, baina aldi berean autozentratua, eta euskarak mundu globalizatu honetan bere ahotsa eta lekua izatea dakar berekin ikastolen proiektuak.
Ez dugu ahaztu behar, gainera, globalizazioaren atzean pentsamendu modernoa dagoela, eta pentsamendu modernoak beti dikotomien bidez funtzionatu izan du. Adibidez trikitiaren gaian moderno eta tradizionalaren arteko dikotonomia ezartzen du. Hezkuntzaren gaian pribatu edo publiko dikotonomia ezarri du. Pentsamendu honen logikan gure gorputzari berak jartzen dio soinekoa. Nik uste dut pentsamendu askatzailea dela pentsatzea dikotomi horretatik zerk egiten duen ihes. Horrela, argi dago, Ipar Euskal Herriko edo Nafarroako kasuak aintzat hartuz, ikastolak ez direla proiektu edo egitasmo pribatua. Beste horrenbeste esan behar da Hego Euskal Herriari begiratzen badiogu ere, nahiz eta, zenbaitek hala ez uste. Nire ustez, dikotomia horiek murriztaileak dira eta dikotomia horietatik harago ikusten hasi behar dugu. Hori lortzen badugu, dikotomia horiek berpentsatzea hain zuzen ere, nazio zapalduetan ditugun proiektuak harrotasunez defendatzeko garaia iritsi dela jabetuko gara.
6. Zer esango zenioke gaur egun ikastola batean ikasten ari den gazte bati?
Ikastolen alde egotea historiaren alde zuzenean egotea dela. Hortaz jabetu behar dute, gure herriak bere kultura, hizkuntza eta nortasuna defendatzeko borroka luzearen fruitua direla ikastolak, nahiz eta bidean hainbat oztopo topatuko dituzten bere pentsamoldea defendatzeko. Horrela, errealitatea ulertzeko irakurketa sinplifikatuak eskainiko zaizkie baina gure historian sakontzera animatuko nituzke eta ikastolen antzeko proiektuen alde zenbat lan egin den jabetu eta gero, ikastolako partaide izanagatik harro sentitzera eta aurrera begira proiektuari bultzada ematera animatuko nituzke.
7. Ikastolen etorkizuna bermatzeko, zein dira premiazkoenak diren beharrak?
Lehenbizi kontzientzia landu behar dugu. Proiektu hau herri ekimenetik sortu zen eta aurrerantzean ere biziraun nahi badu horrela izan beharko da. Horrela, lanketa egin behar da kontzientzian. Euskal pentsamenduaren, euskal historia propioaren eta abar luze baten kontzientzia izan behar dugu eta harro egon orain arte egindakoaz eta lortutakoaz. Niretzat premiazkoena kontzientzia hori mantentzea da, ikastolena proiektu etiko bat dela eta euskaldunek etorkizuna behar badute ikastolak beharrezkoak direla sinisten duen bitartean itxaropentsu mantendu gaitezke. Kontuan izan behar dugu estatu bat ez dugun bitartean ikastolek aurka izango dutela korrontea eta horregatik garrantzitsuena kontzientzia eta transmisioa indartsuak izatea ezinbestekoa da.
8. Zein izan da Ikastolen bilakaera historikoa?
Hasteko eta behin garrantzitsua da besteen markoak deseraikitzen hastea. Ikastolak ez ziren frankismoaren ondorioz sortu. Aurrez sortu ziren eta hura amaitu eta gero ere badaude. Problema ez da Frankorekin hasi eta amaitzen. Problema sakonagoa da. Bestalde, Ipar Euskal Herria ezin da Espainiako markoetatik azaldu. Eta sarri badugu joera hori. Hego Euskal Herrira itzulita, azken 60 urtean bi fase bereiztuko nituzke. Lehenengo fasean, 1960 hamarkadatik 1980ko hamarkadara, adibidez, Gipuzkoan bakarrik 80 ikastola inguru sortu ziren. Bigarren fasean, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren legearen garaitik, 50 ikastola gutxiago daude Gipuzkoan, 31 inguru direlarik gaur egun. Bigarren fasean ‘normalizazio juridikoa’ deritzona eman zen, herri ekimenetik sortutako ikastolak Espainiaren periferian kokatzen den administrazioak kontrolatutako hezkuntza zentro bilakatuz. Hori normalizazio juridikoa da? Kategoriak ez dira neutroak eta horien inguruan gogoeta egin beharko da. Nik uste, Hego Euskal Herrian sistema autonomikoa ez dela ikastolen aldeko lege bat ekoizteko gai izan, alderantziz baizik, pixkanaka gure asimilazioa ekarri duen egitura juridikoa izan da, normalizazio juridikoaren izenean. Horrela, euskarari lekua egin dio baina euskaldunari, aldiz, ez. Hor mugarri izan zen lehen aipatu dugun legea, “Buesa legea” bezala ere ezaguna. Horren inguruan benetako transmisioa egitea komeni da. Izan ere, euskal erakundetze nazionalari izugarrizko kaltea egin zion lege hark eta ikusi besterik ez dago garai hartako Azpeitiko datuak zeintzuk ziren.
Bestalde, 1980. hamarkadatik hasita Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hezkuntza sistema ezaugarritzen duen elementua D ereduaren gorakada izan da. Baina ikastolek balio erantsia ematen diote hezkuntzari. Horrela, ez dute soilik euskaraz irakasten baizik eta euskal kultur ekosisteman elementu ezinbestekoa dira: materialak euskaraz sortzen, komunitateak sortzen EAEko muga administratiboetatik harago, bertsolaritza sustatzen. Beraz, ez da euskara bakarrik, euskaraz bizi eta sentitzen duen mundu kultural osoa bat baizik, eta hori ikastolek mantenduko dute ala ez da izango. Beraz, osotasuna ematen diotena euskal kulturari ikastolak dira soilik.
9. Zein balio dira, zure ustez, ikastolen nortasunaren oinarrian daudenak?
Hiru zutabe nabarmenduko nituzke: euskara, euskal kultura eta euskal kurrikuluma. Baina, horrez gain, balore eta ardatz batzuk ere bere egiten ditu ikastolak: hezkidetza, laikotasuna eta inklusibotasuna. Beraz, ikastolak ez dira soilik euskararen inguruan ardazten, baizik eta ikuspegi aurrerakoi bat ere barne hartzen dute. Azkenik, gobernantza demokratikoaren ardatza da ikastolaren nortasunaren beste oinarri bat. Horrela, ikastolak kooperatibak dira eta familiek dute azken hitza.
10. Nola egokitu daitezke ikastolak Euskal Herriko errealitate sozio-kultural berrira?
Kontuan izan behar dugu azken urteetan gure inguruan haurrak dituzten familia asko jatorri anitzekoak direla, kasu askotan euskara urrun sentitzen dutenak hasera batean. Baina ikastolek bere izaera inklusiboa indartuz posible dute familia horiekin nolabait esan konektatzea. Izan ere, familia horiek askotan bere jatorrizko herrialdeetan ere kultura minorizatuen egoera bizi izan dute. Beraz, beraiei ulertarazten badiegu euskararen kasua ere berdintsua dela, aukera dago elkarrizketa bat hastea. Egia da asmatu egin beharko dugula nola “konektatu” beraiekin, baina ikuspegi zabala eta inklusiboa gailentzen bada arriskua baino gehiago aukera bat dela esango nuke ikastolentzat etorkizunean.
11. Zer ikasi dezakegu gaur egungo ikastolek beren sorrerako espiritutik?
Sorrerako espiritutik ez dute soilik ikastolek edan behar, kulturgintzak bere osotasunean hartu behar du, nire ustez, erreferentzia gisa sorrerako espiritu hura. Horrela, azken lau hamarkadetan lokartzen moduko bat eman da eta uste izan dugu sistema autonomikoarekin euskara salbatuta zegoela. Orain aldiz, jabetzen ari gara arnasguneak galtzen ari direla eta euskara ikasteak ez duela bermatzen bere erabilera. Horregatik, kulturgintzan argi gorriak piztu dira. Beraz, beste susperraldi baten beharra ezinbestekoa da eta hor ikastolek funtzio esanguratsua dute, ezinbestekoak baitira 60. hamarkadako atxikimenduak berritu eta indarberritzeko.
12. Amaitzeko, zer mezu nagusi gustatuko litzaizuke komunitateak bere egitea?
Euskalgintzaren eta ikastolen aurkako mugimendua indartu egin da eta aurkako haize ufada gogorrak jasaten ari garen momentu honetan, bakoitzak bere buruari galdetu behar dio benetan Euskal Herrian eta euskal kulturgintzan sinesten badugu iritsi dela ordua ikastolen aldeko borroka gure munduaren aldeko borroka dela ulertzeko, eta konpromisoak hartu beharko ditugula denon artean modu kolektibo batean proiektu honek aurrera begira etorkizuna izan dezan. Gainera, jabetu behar gara sustrai sakonak dituen proiektua dela ikastolena eta etorkizun oparoa izatea orain hartzen ditugun konpromisoen baitan dagoela. Horrela, ikastolen alde borroka egitea gure iragana duintzearen alde egitea da eta gure haurren etorkizuneko borroka baten alde egitea da.