Ikastolen Elkartasun Kutxa, ikastolen arteko elkartasuna sustatzen
Ekonomiaren eta gizartearen mailan berri txarrak besterik entzuten eta jasaten ez ditugun garaiotan, ikastolok, betidanik gure izaeraren ezaugarri nagusienetakoa izan denarekin azaldu nahi dugu jendartera: Elkartasuna. Elkartasuna gainera, ez borondate adierazgarri den hitz huts bezala, baizik eta errealitate eraginkor eta sendo bihurtu nahi duen tresna gisa.
Hori dela eta, 2013ko azaroaren 22an, “Elkartasun Ikastolak europar kooperatiba elkartea” sortu zen, aurrez urtetan egindako lan eta ahalegin guztiari oinarri egonkor bat emateko helburuz. Honen harira, berez egituratze horrek duen balioaz gain, ikastolen arteko elkartasun tresna hau Euskal Herriko lurralde guztietara modu bateratuan zabaltzen dela azpimarratu nahi genuke, modu honetan ikastolon izaeraren beste ezaugarri nagusi bat ere osatuz.
Ikastolen mugimenduko 114 ikastolak batzen dituen Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak aurten Armentian egin du bere urteko Batzar Nagusia. Euskal Herriko 114 ikastolen elkartasun adierazpide den elkargunea, ikastolenak diren hainbat balioen praktika dela esan da, “Izan ere, halako ekimen baten atzean ez baitaude datu ekonomikoak soilik, elkartasuna, lurraldetasuna eta taldekotasunaren praktika ere bada ekimen hau”.
736.000 euro banatu dituzte aurtengo batzarrean, lau ikastolaren eta Kanboko Ikastolen Etxearen artean, euren proiektuak garatu ahal izateko bultzada izan dadin. Laguntza hau heldu den urterako da, eta kapital ekarpen gisa eman dira.
Honela banatu dute heldu den urteko laguntza:
- Argia Ikastola (Tutera): 120.000 euro
- Ibaialde Ikastola (Lodosa): 120.000 euro
- Argantzon ikastola (Argantzon) : 50.000 euro
- Kattalin Elizalde kolegioa (Senpere) 300.000 euro; eta lanen bigarren faseari ekinez gero beste 100.000 euro
- Ikastolen Etxea (Kanbo): 46.271 euro
“Erabaki hauei esker Euskal Herrian euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak diren egitasmoak lagunduko ditugu”, adierazi du Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak. “Taldeak norberaren errealitate eta egoeratik harago begiratzeko aukera ematen digu. Taldeak markatzen digu iparra, galduta gaudenean, ematen digu babesa garai zailetan, pozak partekatzeko ospakizunak antolatu eta erabakiak hartzeko sendotasuna ematen digu. Gure izatearen oinarri dela esan dezakegu, beraz”.