Joanes Otamendi (Zuzendaritza): Hedatze proiektuak ikasleen hezkuntza prozesuari balio erantsia ematen dio
Duela bi ikasturte martxan jarri zen Hedatze proiektua ikastolan eta orain balorazioa egiteko momentua iritsi da. Gurasoek izango dute orain aukera proiektuarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Erabakia garrantzitsu guztiekin gertatzen den moduan, hainbat iritzi entzutea ezinbestekoa da erabaki arrazoitua hartzeko. Erabakimen prozesuan laguntzeko, gaurko honetan DBH eta Batxilergoko zuzendaria den Joanes Otamendirekin solasaldia izan dugu Hedatze proiektuaren inguruan.
- Zertan datza Hedatze proiektuak?
Hedatze bereziki ikasle zaurgarriei zuzendutako proiektua da, nahiz eta beste ikasle guztiek ere parte hartu dezaketen. Funtsean, heziketa prozesuan era desberdinetako zailtasunak dituzten ikasleentzat oso garrantzitsua da. Jardun jarraia izateak egiten du posible ikastolak arratsaldetan bigarren hezkuntzako ikasleei era desberdinetako tailerrak eskaintzea. Modu honetan, errefortzu tailerrak eta zaletasun tailerrak eskaintzen dira ebaluazioro. Errefortzu tailerrak ikasturte osoan mantentzen diren tailerrak dira eta heziketa prozesuan era bateko edo besteko zailtasunak dituzten ikasleei laguntza handia eskaintzen die. Bestalde, zaletasun tailerrak ikastolako bigarren hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta daude eta ebaluaizoro eskaintza berritzen da. Hedatzen proeiktuaren beste ezaugarri garrantzitsua herrian hiru ikastetxeetako guraso talde bat arduratzen dela herri mailako zaletasun tailerren eskaintza diseinatzen ebaluazio bakoitzean. Eskerrak ematea dagokigu beraiei, ikasleentzat aisialdi eskaintza asko zabaltzen dutelako.
- Zein da balorazioa bi urte pasa ondoren?
Balorazioa oso positiboa da. Ikasleek jarraitzea gura dutela erantzun dute balorazio orokorretan. Beraz, ozen eta garbi proiektuarekin jarraitzeko gogoa dutela adierazi digute ikasleek. Zehazki, errefortzu tailerretan parte hartzen duten ikasleek berebiziko garrantzia ematen diete talde txikian eta ikastolako irakaslearekin arratsaldetan zalantzak argitzeko izaten duten tarteari. Horrela, ikasgelan arazo puntualen bat sortu bazaie ere edo ebaluazioaren jarraipena egin nahi badute, arratsaldetako errefortzura etortzeko aukera izateak asko lasaitzen ditu ikasleak. Horregatik, oso ongi baloratu dute beraiek proiektua.
Zaletasun tailerrei dagokionez, jakitun gara ikasleek gustu anitzak dituztela, eta antolatu diren tailerrak batzuen gustukoak izan arren, beste ikasle batzuei ez zaizkie erakargarriak egin, eta Ikastolak hor badauka zer hobetu. Hurrengo ikasturtera begira, ikasle guztien interesa piztu ahal duten zaletasun tailerrak antolatzea da helburua. Ez zalantzarik izan egingo dugula ahalegina hori horrela izateko.
Bestalde, irakasleok ere proiektuaren balorazio oso positiboa egiten dugu. Nabarmentzeko da bat egiten duela ikaslegoaren eta irakaslegoaren errefortzu tailerreren balorazio positiboak, eta hori esanguratsua da. Beraz, garbi daukagu ikasleen egunerokotasunean oso interesgarria dela arratsaldetako tarte hori izatea, ikasle gutxirekin eta lasaitasunean gai desberdinak lantzeko aukera paregabea eskaintzen baitu. Zer esanik ez beraz, irakasleoi ere proiektuan jarraitzea gustatuko litzaigukeela.
- Zein onura ditu proiektuak?
Lehen esan dudan moduan, errefortzu tailerrera etortzeko aukera izateak onura handia da behar hori sentitzen duen ikaslearentzat. Zehazki, ikasgelan ohiko irakastorduetan lortu ez duena lortzeko aukera ematen diote errefortzu tailerrek ikasleari. Horrek izugarrizko balio erantsia duela ikusten dugu ikastolatik. Zaletasun tailerrei dagokionez, ikasleei hainbat partekatutako zaletasun identifikatzeko aukera ematen die, eta hau ere oso interesgarria da. Egia da ikasle guztien zaletasunak identifikatzeko zaletasun tailer asko eskaini behar direla, eta ditugun baliabideekin agian ez garela iristen guztiengana. Lehen esan bezala, aurrerantzean proiektuak jarraitzen badu ahaleginduko gara eskaintza zabaltzen.
Laburbilduz onurarik handiena nik uste beharra duten ikasleek arratsaldean izaten duten tartea eskaintzea da, beraien behar akademiko zein emozionalak asetzeko.
- Zergatik da garrantzitsua proiektuarekin jarraitzea?
Alde batetik, proiektu honek ordutegi jarraia eskaintzeko aukera ematen digu, eta modu horretan arratsaldetako eskaintza egiteko modua izaten dugu, beste modu batean ezinezkoa litzatekeena. Lehen aipatu dudan moduan, proiektuarekin jarraitzeak ikasle zaurgarrienei errefortzu tailerretara etortzeko aukera ematen die. Aukera horrek beraien hezkuntza prozesuari balio erantsia ematen diela uste dut, eta ikasleek beraiek ere hala uste dute. Zer esanik ez ikasle hauek aukera hori izaten jarraitzeko ezinbestekoa dela proiektuak aurrera jarraitzea.
Aurrera begira, errefortzu tailerretara etorri beharrik ez duten ikasleekin daukagu erronka nik uste. Horiei beraien gustuetara gerturatzen diren zaletasun tailerrak eskaintzen badizkiegu proiektuaren osotasuna lortuko genuke. Badakit ez dela erraza ikasle guztientzat erakargarriak diren tailerrak eskaintzea baina norabide horretan egin behar dugu lan. Azken helburua Ikasle guztiek Hedatze proiektuaz gozatzeko aukera izatea da. Aurtengo ikasturtean esaterako Ikastolan zazpi tailer desberdin proposatu zaizkie ikasleei eta batzuk besteek baina arrakasta handiago izan dute. Herri mailan beste 12 tailer eskaini dira. Eskaintza zabala izan arren, ikasle batzuen zaletasunekin ez du bat egiten, eta horri buelta ematea eta errefortzu tailerrek duten arrakasta mantentzea dira datorren urtera begira ditugun erronka nagusiak.