2025-11-12

Jon, Sahid, Luis eta Coria (“Etorri euskarara!” ikastaroa): Gurasoentzako erronka handia da, baina euskara beharrezko tresna da seme-alabei laguntzeko eta bertako jendearekin euskaraz komunikatzeko

Azpeitiko Ikastolan “Etorri euskarara!” egitasmo berritzailea jarri da martxan, helburu argi batekin: euskaraz ez dakiten gurasoei hizkuntza modu praktikoan, hurbilean eta eraginkorrean ikasteko aukera eskaintzea. Ikastaroak ikastolan bertan egiten ari dira, seme-alaben eskola-orduetan, eta horrek erraztu egiten du parte-hartzea eta motibazioa. Proiektu hau nola garatzen ari den gertutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta horretarako hitz egin dugu Jon Bikendi irakaslearekin eta ikastaroan parte hartzen ari diren Sahid, Luis eta Coria gurasoekin.
Lehenik Jon Bikendi irakasleak esandakoak jaso ditugu.

  1. Nola sortu zen “Etorri euskarara!” egitasmoaren ideia? Zein helburu nagusi ditu ikastaro honek?

“Etorri euskarara!” UEMAko udalerrietan “Euskara eta kulturartekotasuna”  egitasmoaren barruan sortutakoa da. Egitasmo honen helburua da euskaraz ez dakiten gurasoak euskarara hurbildu eta  euskara  ikastea. Horretarako, astean 4 klase ordu jasoko dituzte,  seme-alaben ikastetxean bertan eta eskola-orduetan.

  • Nolakoa da gurasoekin egiten duzuen eguneroko dinamika?

Normalean, klaseko lehen zatia orain arte ikusitakoaren errepasoa  egiteko erabiltzen dugu. Kontuan hartu behar da guraso batzuk beranduxeago agertzen direla klasera, eta falta direnei errepasoa eginez itxoiten diegu. Behin gehienak klaseratuta,  eduki berria ikasteari ekiten diogu. Azalpenak eman eta ikasleek dituzten zalantzak argitutakoan, dinamika desberdinen bitartez ikusitakoa ahoz lantzen hasten gara klasea amaitu arte geratzen zaigun denboran.

  • Zein metodologia erabiltzen duzu euskararen ikaskuntza errazteko eta motibagarria izateko?

Egitasmo honen helburuetako bat da gurasoek ikastolako sarrera-irteeretan nahiz hortik kanpo guraso euskaldunekin izan ditzaketen harremanetarako oinarrizko ezagutza eskuratzea, hau da, gurasoen arteko eguneroko komunikazio-egoerak euskaraz izan daitezen lortzea. Hori dela eta, momentuz, ahozko komunikazio-egoerak lantzen dihardugu. Esaterako, elkar agurtu, norbere familiaren aurkezpena egin edo zer ordu den esan. Ahozko lanketa hori joko, talde-dinamika eta jolas desberdinen bidez egiten saiatzen gara, klasea ahalik eta arinen joan dakien. Oso garrantzitsua da beraiek klasean eroso sentiaraztea eta klasera gustura joan daitezen lortzea.

  • Zein dira gurasoek euskara ikasteko dituzten erronka nagusiak? Nola baloratzen duzu gurasoen inplikazioa?

Eurentzako erronka nagusienetakoa klasera etorri ahal izatea bera da. Egia da  bai Udalak, bai ikastetxeak ahalegin handia egin dutela klaseak ikastetxean bertan eta umeak eskolan dauden bitartean jartzeko, baina  hala ere, lana dela, umeak direla edo beste arrazoiren bat tarteko zailtasunak dituzte normaltasunez etortzeko. Batetik, 3-4 ikaslek erreleboetan lan egiten dute, eta aste batzuetan ezin izaten dira etorri. Bestetik, Sahid eta Nabila euren  hilabeteko haurtxoarekin etortzen dira klasera. Kaoutar ere behin baino gehiagotan 2 urteko semearekin etorri izan da.

Bestalde, ikasle pare batek zailtasunak dituzte gure grafia irakurri eta ulertzeko, eta horrek are gehiago zailtzen die ikasprozesua. Hori guztia ikusita, benetan txalotzekoa da gurasoek erakutsi duten jarrera eta inplikazioa. Oso kontzientziatuta daude euskarak Azpeitian, eta, oro har, Euskal Herrian duen garrantziaz. Hobe genuke hemen bizi diren hainbatek jarrera bera izango balute

  • Zein garrantzi du zure ustez gurasoek euskara ikasteak, haien seme-alaben hezkuntzan eta euskararen transmisioan?

Garrantzi handia dauka. Alde batetik, gurasoak euskara ikasten ikusita, haurrek etxean bertan daukate euskara ikasteko eredurik onena. Gurasoak euskara ikasten ari badira, haurrek etxean euskararen aldeko diskurtsoa ere errazago jasoko dute, eta hizkuntza ikasteak benetan merezi duela ikusi. Ez da erraza izaten adin horretako haurrak hizkuntza bat ikasteak duen garrantziaz kontzientziatzea, eta horregatik, izugarri balio du guraso ikasleen ereduak.

Beste alde batetik,  haurrek euren ikasketa-prozesuan gurasoak bidelagun izateko aukera handiagoa izango dute, gurasoek euskara jakinda haurrei etxeko-lanetan nahiz eskolaz kanpoko jardueretan laguntzeko modua izan baitezakete.

Jarraian, egitasmo honen benetako protagonistak diren gurasoen esperientziak eta bizipenak ezagutzeko aukera izango dugu.

  1. Zer bultzatu zintuzten “Etorri euskarara!” ikastaroan parte hartzera?

Sahid: Arrazoi nagusia da Euskal Herrian bizi garela, eta hemen bizi eta jendearekin komunikatzeko beharrezkoa dela euskara.

Luis: Seme-alabei laguntzeko eta eurak animatzeko. Horrez gain, bertako kultura ere  bada, eta euskarak hizkuntza gisa ere erakartzen gaitu.

Coria: Hainbat arrazoi izan ditut: bertako jendearekin komunikatzeko, seme-alabei laguntzeko edota lana aurkitzeko.

  • Nolakoa izan da lehen esperientzia euskaraz ikasten?

Sahid: Uste baino hobeto. Entzuna neukan euskara oso zaila zela, baina, momentuz, nahiz eta oraindik asko falta zaidan, gustura nago. Gero eta gehiago ulertzen dut, eta horrek asko motibatzen nau.

Luis: Esperientzia ona ari da izaten. Niretzat hizkuntza guztiz ezezaguna eta berria da, baina pixkanaka-pixkanaka banoa hitz gehiago ezagutuz.

Coria:  Nahiko zaila, ez baitut gaztelania ongi ezagutzen. Baina nire seme-alaben laguntzarekin eta klaseekin pixkanaka hobeto moldatzen ari naiz, eta  euskara gero eta gehiago ulertzen.

  • Zer da gehien gustatu zaizuna orain arteko prozesuan?

Sahid: Irakaslearen azalpenak emateko modua. Pakistanen hizkuntza bat baino gehiago ikasten aritu naiz, badut esperientzia, eta esan dezaket azalpenak oso ondo ematen dituela.

Luis: Klaseetako dinamika asko gustatu zait, baina, batez, ere, irakaslearen pazientzia. Horrez gain, pixkanaka gero eta gauza gehiago ulertzen dituzula ikustea pozgarria da.

Coria: Klaseetako erritmoa. Gaztelania ikasten aritu nintzen, baina oso azkar ematen genituen gauzak, eta ez nintzen batere eroso sentitu. Euskara klaseetan, aldiz, erritmo oso egokia daramagu, eta Joni gaztelaniako irakasleari baino hobeto ulertzen diot.

  • Zein zailtasun aurkitu dituzu euskara ikasteko prozesuan?

Sahid: Aditzak ulertzea eta behar bezala erabiltzea dezente kostatzen zait. Horrez gain, hiztegi falta ere nabaritzen dut, baina hasiberriak gara eta normala da.

Luis: Klasean ikusten ditugun edukiak errepasatzeko denbora hartzea kostatzen zait. Klasean ikusitakoa sarriago errepasatuko banu, urrats sendoagoak emango nituzke, baina ea denborarekin lortzen dudan.

Coria: Batez ere, gaztelania ongi ez jakitea. Baina ingurukoen laguntzaz nahiko ongi moldatzen naiz.

  • Etxean edo egunerokoan erabiltzen al duzue euskara ikastaroz kanpo?

Sahid: Guk etxean denon artean 6 hizkuntza hitz egiten ditugu (punjabiera, urdua, arabiera, ingelera, gaztelera eta euskara). Horregatik, euskararako tarte gutxi izaten dugu, baina klaseekin hasi nintzenetik gero eta gehiago erabiltzen dugu. Nire negozioan dakidan hori erabiltzen saiatzen naiz, eta gero eta hobeto moldatzen naizela nabari dut.

Luis: Poliki-poliki bagoaz etxean euskaraz gehiago hitz egiten. Semea HH5 gelan dabil, eta ia denek euskaraz egiten diotenez, asko ikasten ari da. Alaba LH3n dabil, eta gehiago kostatzen ari zaio. Baina etxean hasi gara tarteka euskarazko hitz-jolasak eta egiten, eta ea pixkanaka ohitura hartzen dugun. Eskolaz kanpo  beste guraso batzuekin eta bizilagunekin ere hasita nago euskara erabiltzen.

Coria: Seme-alaba nagusiek euskara oso ondo hitz egiten dute, gaztelaniaz baino hobeto, eta horiekin klasean ikusitakoak erabiltzen saiatzen naiz. Oraindik hitz solteak, baina espero dut pixkanaka gehiago egitea. Eta etxetik kanpo ere gainerako gurasoekin euskaraz komunikatzen hasita nago.

  • Zer esan nahiko zenioke euskaraz ikasteko zalantzan dagoen beste guraso bati?

Sahid: Hemen bizi badira, lehenbailehen hasteko aholkatuko nieke. Bai beraientzat, bai euren seme-alabentzat , denentzat izango baita onena. Izan ere bertako jendearekin euskaraz komunikatzeko aukera izan dezakete, eta horretarako, ikastaro hau aukera oso ona da

Luis: Ikasten hasteko esango nieke. Gurasoentzako erronka handia da, baina euskara beharrezko tresna da seme-alabei laguntzeko eta bertako jendearekin euskaraz komunikatzeko. Gainera, bertako kultura da, eta hori errespetatu eta zaindu egin behar da.

Coria: Nik ere ikasten hastera animatuko nituzke. Oso garrantzitsua da hemengo jendearekin bere ama hizkuntzan komunikatzeko gai izatea. Umeekin ibilaldietara edo eskolaz kanpoko jardueretara joaten zarenean, beharrezkoa da euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta ikastaro honek asko laguntzen du helburu hori lortzen.

Eskerrik beroenak Sahid, Luis eta Coriari beren denbora eta esperientziak gurekin partekatzeagatik, eta, noski, euskararen aldeko konpromisoagatik. Halako ekimenek erakusten dute ikastolak eta gurasoak elkarrekin arituz gero, hizkuntza-ohiturak eta bizipenak indartzeko bideak zabal daitezkeela. “Etorri euskarara!” egitasmoak ez du soilik euskara ikasteko aukera eskaintzen, baizik eta komunitatea sendotzeko eta elkar ulertzeko espazio eder bat ere sortzen du. Mila esker zuei guztioi zuen parte hartzeagatik!