Koldo Aldalur (ikastolako guraso ohia eta elkartasun proiektuetan boluntario): Elkartasuna ez da ideia bat, ekintza bat baizik
Koldo Aldalur ikastolako guraso ohia da, eta azken urteotan boluntario gisa aritu da Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin Lesboseko errefuxiatu esparruetan. Bertan, egoera zaurgarrian dauden pertsonen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izan du, eta errefuxiatuekin zuzenean lan egin du. Esperientzia horren berri DBH 3. mailako ikasleei eman die, migrazio-krisiaren errealitatea lehen pertsonan azalduz eta elkartasunaren garrantzia azpimarratuz. Bizitakoaren inguruan sakonago ezagutzeko asmoz, elkarrizketa egin diogu.
- Zerk bultzatu zintuen Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE) lankidetzan aritzera?
Kazetari gisa ETB-en lan egin nintuen azken urteetan albistegietan nazioarteko sailean lan egin nuen eta bertan migrazio fluxuen inguruko albisteak ohikoak ziren. Horrek jakinmina piztu zuen niregan errefuxiatuen errealitatea bertatik ezagutzeko. Gaiaren inguruko informazioa bildu ostean Zaporeak GKE-aren berri izan nuen. Intxaurrondon duten egoitzara joan eta han izan nuen beraien ekimenen berri.

- Zer lan egiten du zehazki Zaporeak GKEak?
Gipuzkoan janaria bildu eta errefuxiatu esparruetara ematen du Lesbosen (Grezian). Bost hektareatako esparrua da eta bertan hilabeteak eta urteak itxaroten dute errefuxiatuek bere asilo-eskaeraren erantzunaren zain.
Egunean hiru mila janari errazio banatzen ditu erakundeak. Badakigu ez dela arazoaren konponbidea baina ezer ez egitea baina hobea da.
Puntu honetan, Europar Batasunak Greziari errefuxiatu horien beharrak asetzeko ematen dion laguntzarekin gertatzen dena salatu nahi dut. Horrela, greziar gobernuak Europatik jasotzen dituen milioika euroak ez ditu bere helbururako erabiltzen, errefuxiatu-eremua zaintzen duten militarrak mantentzeko baizik. Amorragarria da.

- Zer da errefuxiatu izatea? Nola azalduko zenioke DBHko ikasle bati?
Errefuxituak nire ustez munduan agintzen dutenek mugitzera derrigortzen duen jende taldea da. Ikasleek argi izatea nahiko nuke egoera geopolitikoak behartzen duela jendea bere jaioterritik mugitzera; hau da, ez dela jendeak bere hautuz hartzen duen erabakia, bere egoerak behartuta egiten duten zerbait baizik. Beraien bizilekuetan egoera jasanezina denean hartzen duten erabaki gogorra da errefuxiatuarena. Bereziki emakumeen egoera nabarmendu nahiko nuke, beraien eskubide urraketa eguneroko errealitatea baita jatorrizko herrialdeetan.
Bestalde, ikasleek ere pertsona orok bizitza duina izateko eskubidea duela barneratzea gustatuko litzaidake. Beraz, bizitza hobea bilatzearen nahia izatea edozein pertsonaren eskubidea da, besteok errespetatu eta ukatu ezin diogun zerbait.
- Zein egoera gogor edo hunkigarriren bat bizi izan duzu errefuxiatuekin lanean?
Asko izan dira bizitako bizipen ahaztezinak. Adibidez, Iraneko neskato bat negarrez topatu genuen egun batean ez zuelako bere herrialdera itzuli nahi han gartzelara sartzeko arriskua zuelako bere ideiengatik. Egoera horren aurrean ezin lagundu izanak asko eragin zidan. Bestalde, asko hunkitu zidan jakiteak emakumeek bere haurra lurralde europearrean izateko prest daudela edozein gizonezkorekin harremanak izatera. Beste egun batean janari errazioak amaitu zirela-eta neskato bati lurrean erori zen sagar puska eman behar izan nion eta, hala ere, eskuan muxua eman zidan eskertza gisa eta horrek asko hunkitu ninduen, janari gehiago eman ezin horrek barruan egonezin handia sortu baitzidan.
Azkenik, egoera onartezina iruditu zitzaidan errefuxiatuen esparrua zaintzen duten militarrek haur eta emakumeen prostituzioa sustatu eta baimentzea izan zen. Azkenean, bere postuaz aprobetxatzen dira etsita eta edozertarako prest dauden familietako kideekin sexu harremanak izateko.
- Zer da gehien harritu zaituena ezagutu dituzun errefuxiatuengan?
Gehien harritu nauena izan da, nahiz eta egoera kaskarrean bizi, errefuxiatuek, batez ere gazteenek, hemengo haur eta gazteek egingo lituzketen gauzak egiten jarraitzen dutela. Beraz, argi dago haurrak haurrak direla munduko edozein lekutan edo egoeratan.
- Zergatik da hain garrantzitsua elikadura duina krisi egoeretan?
Duintasunaren gutxienekoa deitzen zaio 150 gramo janari izatea eskura pertsona batek egunero. Janari errazio bakoitzak euro bateko kostua dauka. Janaria Gipuzkoatik iristen da kamioietan, eta hiru mila janari errazio banatzen dira. Normalean, pasta eta arroza dira banatzen diren elikagaiak.
- Zer egin dezakete gazteek mundu bidezkoago bat eraikitzeko?
Gazteek beti izaten dute mundua aldatzeko grina. Nik helarazi nahi diedan mezua sinplea bezain zuzena da: ekintza txikiekin posible da mundu bidezkoago bat eraikitzea. Ideia orokorretatik haratago posible da gertuen ditugun pertsonen errealitatea hobetzea ekintza sinpleak eginez, besteak beste gose denarekin gure janaria partekatuz.
Ikastolan DBH 3. mailako ikaslei hitzaldia emateak helburu argia zeukan: gazteek gaur egungo munduko benetako errealitatea ezagutzea, sare sozialetatik jasotzen duten ikuspegiari aurre eginez. Uste dut ikastolak ardura handia duela gazteak ekintzarako prestatzeko, mundo justuago bat eraikitzeko kontzientzia eraikiz. Horretarako, beharrezkoa da bere buruari galderak egitea eta ekintzaile bilakatzea, elkartasunaren eta ekintza zuzenaren enbaxadore gisa.
- Ikastolako komunitatearekin partekatu nahiko zenukeen azken mezua zein litzateke?
Errealitearen egoera gordinaz jabetu eta mundu hobeagoa eraikitzeko zerbait egin behar dugulaz jabetzea. Keinu txikiek pertsona askorengan eragin handia izan dezakela sinistea.