2025-10-30

Maite Bereziartua (Festa Batzordeko arduraduna): Gau Beltzaren helburu nagusia euskal tradizio eta ohitura zaharren transmisioa egitea da

Azpeitian, urriaren 31n, Gau Beltza ospatuko da lehen aldiz, herriko hainbat eragileren ekimenez eta euskal tradizio zaharrak berpizteko asmoz. Egun berezi honek gure arbasoen ohiturak gogora ekarri eta belaunaldi berriei transmititzeko aukera emango du, festa eta kulturaren bidez. Antolakuntzan buru-belarri aritu da, besteak beste, ikastolako festa batzordeko arduraduna den Maite Bereziartua. Harekin hitz egin dugu egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko.

  • Zein da ekimen honen helburu nagusia ikastolaren ikuspegitik?

Helburu nagusia Euskal tradizio eta ohitura zaharren transmisioa egitea da. Euskalduntasuna gure ardatzetariko bat izanik, Gau Beltzaren ospakizuna ere aintzinako gure ohituren artean sartzen baita. Urteetan zehar nahikoa galdurik eta beste herrialdeetako tradizioak direla eta itxuraldaturik egon den ospakizuna den arren, gure arbasoek lurrarekin eta heriotzarekin zuten lotura estua berreskuratu nahi da.

  • Nola lotzen da Gau Beltza gure ikastolako kultura-proiektuekin edo urteko egutegiarekin?

Lotura zuzen-zuzena du gure urteko egutegiarekin. Inauterietako hotsekin hasita, Sanga Agedako makil kolpeekin esnatzen dugu urtero gure lurra (Amalurra). Zikloari hasiera ematen diogu. Baratza landu eta uzta jaso ere bai. Baina ez diogu inoiz atseden hartzeko aukerarik eman. Horixe da, hain zuzen ere, Gau beltzarekin egingo duguna, lurrari atseden eman, gure zikloa itxiz.

  • Nola antolatu da Gau Beltzaren ospakizuna?

Herriko guraso taldetxo batek, azken urteetan “Halloween” ospakizuna hartzen ari zen indarra eta kutsuarekin kezkatuta, geurea dugun Gau Beltza berreskuratzeko nahia agertu zuen. Zabalkundea emateko, ikastetxe guztiekin harremanetan jarri eta 10 lagun inguruko talde bat elkartu ginen. Udalarekin hitzeginda, baimenak jasota eta egin nahi zenari forma emanda, egitaraua osatu eta ekintzak borobiltze lanak egin ditugu.

Herri mailako ospakizuna da. Ikastetxeek ere lotura zuzena izan dute. Antolakuntza ez, baina herritik antolatu denari zabalkundea ematea izan da ikastetxeek bete duten zeregina.

  • Zer egitasmo gauzatuko dira aurten Gau Beltza ospatzeko?

Egitasmo nagusia Urriaren 31koa izango da. Arratsaldeko 19:00tan  Enparantza Nagusian elkartuko gara, mozorrotuta eta kalabazak eskuan. Kalejira eginog da trikitilariekin lagunduta. Bidean ipuin kontaketa egin ondoren, Enparantza Nagusira iritsiko gara berriro. Han bakoitzak bere sutara botatzeko aukera izango du, denok elkarrekin dantza egin eta amaiera emateko ipuin kontakizun bat izango da.

Mozorroak aipatu ditugu, baina ez dira edonolako mozorroak izango. Garai bateko baserritarren arimak dira irudikatuko direnak. Baserritarren galtza, azpiko gonak, atorrak, alkandorak, brusak, aurpegiak zapi zuriz estalita eta buruan lastozko txapela. Hori izango da, oinarrian, jantziko duguna. Hori egoki egiteko laguntza beharko lukeenarentzat mozorro tailerra antolatu da ostegun arratsalderako. Tailer horretan kalabaza hustuketa ere egingo da.

Gau beltzak, lurrarekin ez ezik, heriotzarekin ere lotura zuzena du. Horregatik azaroaren 4an heriotzaren gaia 6-12 urteko haur eta familiekin lantzeko ipuin kontaketa ludikoa izango dugu Manex Beristainen eskutik.

  • Zergatik da garrantzitsua denon parte hartzea?

Denona da transmisio lana, lehena orainera eta oraina gerora. “Izan zirelako gara eta garelako izango dira”.  Transmisioa ez da hutsetik gertatzen den zerbait. Guk egin ezean, nork? Herriak jarrai dezan, herriak egin behar du lan. Denok gara herria.

  • Antolatzaileek asmoa al dute ekimen hau urtero errepikatzeko eta hazteko?

Bai bai, urte luzez luzatuko den ohitura eta tradizio bilakatzea litzateke antolatzaileen nahia.