
Maria Lesaka Alberdi (segregazioari aurre egiteko legeak kaltetutako ikastolako familia): Hezkuntzaren hautua, matematika hutsa
Gaurko Berria egunkarian gure ikastolako familia baten egoera gordin eta mingarria plazaratu da: Hezkuntza Sailak martxan jarritako Segregazioaren aurkako lege berriaren ondorioz, haurra ikastolan matrikulatzeko duten eskubidea urratua izan da. Arrazoi argi eta justifikaturik eman gabe, beste ikastetxe batean matrikulatzera behartu nahi dituzte.
Ez da kasu isolatu bat, eta are gutxiago neutroa. Hezkuntza inklusibo eta bidezko baten aldeko neurriak hartu behar dira, bai, baina ezin dira eskubideak zanpatu edo familiek beren seme-alabentzako hezkuntza proiektua askatasunez aukeratzeko duten aukera mugatu. Gure ikastolako komunitateak irmoki adierazi nahi du familia honen aldeko babesa. Jarraian duzue irakurgai artikulua.
Egoera zaurgarrian daudenak eta ez daudenak nahastu, banatu eta hori babestearen aldeko agertu naiz, baina badira hori egiteko moduak eta moduak.
Lege irmoetan eta portzentajeetan oinarritutako formula matematiko jakin bat baino gehiago merezi dute umeek (zaurgarriak izan edo ez) eta haien familiek, kasuan-kasuan aztertuta eta udalerriko edota hiriko kasua mahai gainean jarrita.
Familia batek, ikastetxe bat aukeratzeko orduan, erabakia baldintzatzen duten egoera bat baino gehiago izan ohi ditu: sinesmenak, ideologiak, irakasteko moduak, inguruak, kontziliazioak, umearen izateko moduak eta abar. Momentuz, herriko ikastetxe publikoan dugu plaza, eta gure egunerokoa eta kontziliazioa bermatzeko herriko ikastolan eskaintzen zizkiguten baldintzetatik urruti gabiltza orain.
Matematikan ere bada probabilitatea. Orain dela urte asko, naturaz inguratutako herri txiki batean bizitzeko hautua egin genuen. Urrestillan badugu 3 urtera arteko haur eskola. 2 urterekin Azpeitira jaitsi eta guk nahi genuen ikastetxean matrikulatzeko probabilitate handiagoa genuen, baina, urte bereko 4 umeek gauza bera eginez gero, Urrestillako Partzuergoko haur eskolan 2 ume soilik geratuko ziren, eta itxi egin beharko zuten.
Bada garaia lege horren aurrean neurri horretako albo kalteak zuzendu eta ondorioak ateratzeko, matematikako formulak eta portzentajeen irmotasun hori utzita eta kasuan kasukoa ulertuta.