2025-01-29

Miren Lazkano (Haur Hezkuntzako zuzendaria): Gerorako ekarpen bat egingo duten proiektuak utzi nahi ditugu

Urtero bezala, hainbat familiak erabaki garrantzitsua hartu behar dute: beren haurren heziketarako ikastola aukeratzea. Ez da erabaki arina, eta faktore asko daude jokoan. Ikastolak eskaintzen dituen balioak eta hezkuntza-ardatzak azpimarratzea garrantzitsua da hautu horretan lagungarri izan dadin. Euskara ardatz duen eredua, kulturartekotasuna eta herrigintzarekin duen konpromisoa dira gure ikastolaren zutabe nagusiak.

Horren harira, Miren Lazkanori hitza eman nahi diogu. Haur Hezkuntzako zikloko zuzendaria izateaz gain, bizitza osoa eman du Azpeitiko ikastolan. Ikasle gisa hasi zen, eta ordutik hona, irakasle, guraso eta orain zuzendari gisa, ikastolaren garapena bertatik bertara bizitu du. Bere esperientziatik abiatuta, ikastolaren izaera eta etorkizuneko erronkak hobeto ulertzeko aukera izango dugu.

Noiz sortu zen Azpeitiko ikastola, zein egoeratan?

1965. urtean hasi ziren. Hasiera hartan, etxe batean, haur gutxirekin. Baina, pixkanaka, gero eta familia gehiago batu ziren proiektura, eta Elizak utzitako lokaletan egon ginen gero. Ni ikasle gisa hasi nintzen, 1969an, eta, besteak beste, Kontxu Odriozola aktorea zena izan nuen irakasle. Gogoan dut lurrean eserita egoten ginela. Baliabide faltarengatik ere bazen, baina baita hezkuntza beste era batera ulertzen zelako hasiera hartatik ere. 

Adibidez?

Urte haietan, ikastetxeetan banatu egiten zituzten neskak eta mutilak, eta ikastola izan zen lehena denak elkartzen. Euskarazko materialik ere ez zegoen; dena sortzeko zegoen, eta dena euskaraz sortzen zen, bertako beharrei egokituta.

Nola izan zen zabalkundea?

Gu Azpeitian ari ginen moduan, inguruko beste lau tokitan ere ikastolaren proiektuarekin bat egiten zuten familiak hasi ziren antolatzen: Azkoitian, Zestoan, Arroan eta Urrestillan; Izarraitz ibarra deitzen diogun inguruko herriak eta auzoak ziren. Gerora, Izarraizpe kooperatiba sortu zen, eta hor antolatu ziren denak.

Gero eta haur gehiago batuko zineten orduan?

Bai. Loiolako San Ignazio basilikaren alboko aretoetara pasatu ginen gero, eta Azpeitiko Esklabetan ere egonak gara. Gerora, eskola nazionala deitzen zioten ikastetxea hustu zenean, hango geletan ere egon ginen. Gerora, Azpeitian Haur Hezkuntzarako eraikin bat egin zen, eta Azkoitian ere eraikina egin zuten, 1980an.

Mugimenduak izan zuen oihartzunik orduan?

Bai. Baina handitzen eta egonkortzen ari ginenean etorri zen Buesa Legea, 1993an; besteak beste, ikastolen publifikazioa helburu zuena. Ikastolen Elkarteak batzar batera deitu gintuen, Armentian (Araba). Ikastolak izaera publikoa badu ere, ez zuen bat egin lege hark defendatzen zuen eskola publikoaren ereduarekin; besteak beste, euskal curriculuma ez zelako aintzat hartzen. Elkarteak hala iritzi zuen arren, orduan zeuden ikastolen esku utzi zuen erabakia. Ikastola bakoitzak bere batzarra egin zuen publifikazioa onartu edo ez erabakitzeko.

Eta Azpeitian zer erabaki zen?

Guk kooperatiba sortua geneukan ordurako. Bozketa egin zenean, gehiengo sinple bat atera zen publifikazioaren alde, baina kooperatiba desegiteko bi herenaren babesa behar zen. Urtebetez auzitegietan katramilatuta ibili ginen, eta, 1995ean, publifikazio sistema harekin bat egiten ez genuenok beste kooperatiba bat sortzea erabaki genuen. Hala sortu genuen Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba.

Berriz hastera, beraz?

Lehen urtea gogorra izan zen, hasieretan bezala, haurrak lokaletan-eta eduki behar izan genituelako, baina 1996an lortu genuen eraikin berriko lehen harria jartzea, eta 1996ko azaroaren 17an inauguratu genuen ikastola, 600 ikaslerekin.

Zer nabarmenduko zenuke proiektuaz?

Garrantzi handia ematen diogu guraso gisa, adibidez, gure seme-alaben hezkuntzan parte hartzeari, eta ikastolak horretarako aukera ematen digu. Gure filosofia parte hartzailea da. Bestetik, ikastolek nazio ikuspegian oinarrituta sortzen dute ikasmateriala, euskal curriculuma aintzat hartuta. Kooperatiba bat gara, eta ikastoletan berme bat dugu euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok.

Badaude, ordea, ezberdintasunak ikastolan artean ere, ezta?

Azpeitia euskararentzako arnasgune bat da, baina Euskal Herrian badaude bestela dauden ikastolak, Beskoitzen (Lapurdin) edo Tuteran (Nafarroan) adibidez, eta haientzat ere oso inportantea da sarean ikastola indartsuak edukitzea, txikiak indartsuen laguntzei esker daudelako bizirik. Eta Azpeitia bera ere arnasgune bat izan arren, euskararen erabilerak kezkatzen gaitu, mehatxuak ez baitira gutxi.

Elkarte batean saretuta egoteak zer ekarpen dakar?

Guretzat, indargune bat da. Euskal Herri osoko 114 ikastola gaude elkartean, eta, bakoitzak tokian-tokian bere helburuak dituen arren, baditugu helburu komun batzuk, eta elkar babestuz egiten dugu aurrera. Euskal curriculuma etengabe berrituz goaz, etengabeko formakuntza daukagu, pedagogia berritzaileak aplikatzen saiatzen gara, eta hori dena ez litzateke posible izango elkarterik gabe.