Miriam Arrieta: Ikasleak beraien formakuntza prozesuaren protagonista izatea nahi dugu
Miriam Arrietak hamarkada luze bat darama ikastolako orientzaile lanetan. Ikasleei bere eguneroko formakuntzan laguntzeaz gain, etorkizunera begira ikasleentzat hain garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko ere bidelagun dute. Jarraian, berarekin izandako solasaldiaren nondik norakoak dituzue.
- Zer garrantzia ematen zaio orientazioari ikastolan?
Ikastolaren jardunaren muinean dago ikasleari orientazio zerbitzu egokia ematea. Ikasleek informazioa behar dute erabaki egokiak hartu eta beraien etorkizuna baldintzatuko duten hautuak modu egokian hartzeko. Gurasoei ere ematen zaie, noski, informazioa, jakitun garelako familia giroan hartzen dituztela gure ikasleek erabakiak.
Gainera, askotan orientazio zerbitzua ezjakintasunean oinarritutako sinesmenak apurtzeko ere baliogarria izan daiteke. Zentzu honetan, orain dela gutxi arte, Lanbide Heziketa egitea unibertsitateko ikasketak egitea baino okerragoa zela uste zen, baina hezkuntza sistemak izan dituen aldaketak kontuan izanik, osagarriak ere izan daitezke bi formakuntza ildoak. Batxilergoak disziplina eskatzen du eta ikasle batzuei lan modu horrek ez die aurrera egiten laguntzen. Kasu horietan, garbi esaten diegu aukera dutela Goi Mailako Zikloak egin ostean, eta hala nahi badute, unibertsitateko ikasketak egiteko.
- Noiztik hasten da ikastolan orientazio zerbitzua eskaintzen?
DBH 3. mailan ematen zaio hasiera, Elkarrekin Eraikitzen deituriko proiektuarekin. Helburu nagusia orientazioari hasiera ematea da. Zehazki, kurtso horretan DBH 4. mailara begira hainbat irakasgai aukeratu behar dituzte. Hasteko, nik orientatzaile bezala proiektuaren nondik norakoak azaltzen dizkiet eta, jarraian, aukeratu ditzaketen irakasgaien berri ematen diet.
Azalpena eta-gero proiektuarekin hasten gara. Horretarako, bi saiotan bizitza errelaeko kasuak aurkezten dizkiegu eta, nolabait esateko, DBHko ikasketak amaitzean beraiek zer lanbidetan ikusten duten bere burua irudikatzera “behartzen” ditugu.
Jarraian, Iraurgi Berritzeneko eragileak etortzen dira eta sentsibilizazio faseari hasiera ematen diogu. Behin ikasleak lanbide batekin identifikatzen direnean bisitak antolatzen ditugu leku desberdinetara (tailer bat, anbulategia…)
Hurrengo ikasturteetan Gerolan proiektuarekin hasten gara. Bi zatitan banatzen da. Alde batetik, DBH 4. mailan Lanbide Heziketa egitea nahi duten ikasleei informazioa ematen zaie Izarraitz Lanbide Eskolararen bitartez, sentsibilizazio fase bati hasiera eman ostean, bailaran dituzten lan aukerak ezagutzeko. Ikasleen formakuntza, kasu horietan, inguruko tailerrek behar dituzten lan perfilen beharretara egokitzen da. Gainera, bere zikloarekin lotutako lantokiak ere bisitatzeko aukera dute.
Bestalde, Lehenengo Batxilergoan unibertsitateko eskaintza akademikoaren ikuspegi orokorra ematen diegu. Azkenik, Bigarren Batxilergoan unibertsitateko gradu eskaintza modu zehatzagoan eta lehen eskutik ezagutzeko aukera dute. Horrela, ikasleen interesak identifikatu ostean, urria eta azaroan unibertsitate desberdinetako arduradunen bisitak jasotzen ditugu. Hasieran, unibertsitateak ezagutzeko aukera dute, bere osotasunean. Bigarren fase batean, egin nahi dituzten graduen arabera taldeka antolatzen ditugu.
- Zer berrikuntza suposatzen dute Elkarrekin Eraikitzen eta Gerolan moduko proiektuek?
Orain arte ikaslegoa oso ohituta zegoen orientazioan rol pasiboa izatera, beti eskatzen ziguten guk esateko zer ikasi behar zuten. Proeiktu horiek, azken finean, aitzakia bat dira beraiek bere erabakimen prozesuan modu aktiboan inplikatzeko, lantoki desberdinak bisitatuz eta bere etorkizuneko lanpostua irudikatuz.
Gainera, taldean ekintza plana osatu behar dutenez, lan munduko eragileen funtzioa ezagutzen dute eta beraiekin modu egokian komunikatzen ere ikasten dute. Gainera, azkenean proiektu bat diseinatu behar dutenez, uste dugu lan merkatuaren ikuspegi orokorra barneratzen dutela prozesuaren amaieran.
- Lan merkatua asko eraldatu den garaian beharrezkoa da orientazioa modu eraginkorragoan egitea?
Nik orientatzaile daramadan hamarkada honetan nabarmena da lan merkatuak izan duen eraldaketa. Gaur egun, gero eta garrantzia gehiago ematen diete inguruko enpresek ikasleek iniziatiba eta arazoei aurre egiteko jarrera izateari. Noski nahi dituztela ezagutzak dituzten ikasleak baina beste aspektu horiei garrantzia handiagoa ematen zaie orain lehen baino.
Iraurgi Berritzenetik ere, bailarako egoera sozioekonomikoa ezagutzen duten heinean, beharra dagoen langile profila ere jakinarazten digute. Nabarmena da profil desberdinetako langileak behar direla inguruan, eta Lanbide Heziketako ikasleek ere aukera anitz dituzte beraien beharretara egokitzen den lanpostua topatzeko bailaran.
Zentzu honetan, orain dela gutxi arte Lanbide Heziketa egitea unibertsitateko ikasketak egitea baino okerragoa zela uste zen, baina hezkuntza sistemak izan dituen aldaketak kontuan izanik, osagarriak ere izan daitezke bi formakuntza ildoak. Batxilergoak disziplina eskatzen du eta ikasle batzuei lan modu horrek ez die aurreratzen laguntzen. Kasu horietan, garbi esaten diegu aukera dutela Goi Mailako Zikloak egin ostean, eta hala nahi badute, unibertsitateko ikasketak egiteko.
- Zergatik esaten da arreta pertsonalizatua dela?
Ikuspegia berritzailea da zeren ikaslea da protagonista zuzena. Prozedura ez da nik orientatzaile bezala ideia zaparrada bat botatzea edo kanpoko eragileek ere informazio bere horretan ematea. Hain zuzen ere, unibertsitateetara edo lantokietara bisitak antolatzen ditugunean eragileek eskatzen digute lehenago ikasleek beraien zalantzak jakinaraztea.
Horrela, bisita gauzatzean eragilearen azalpenak esanguratsuagoak dira ikasleentzat. Azken finean, bisita pertsonalizatu formatua dute.
Gainera, taldeko azalpenez gain, Bigarren Batxilergoan ikasleekin banakako elkarrizketak egiten ditut eta, konfidantzazko giro horretan, beraien zalantzak gehiago azaleratzen dira eta modu eraginkorragoan argitu ahal dizkiet. Ez da tramite hutsa, ikasturtean zer moduz doazen jakiteko ere baliogarria delako eta, gainera, plangintza pertsonalizatuak egiten zaizkie, beti ere beraiek esandakoan oinarrituz. Ikasleak bideratzeko funtsezkoa da.