
Odol-ematea, denon ardura
Apirilean, gure LH6ko ikasleek “Odolaren garrantzia” izeneko jardunaldia izan zuten Odol-Emaileen Elkartearen eskutik. Jardunaldi honek oihartzun handia izan zuen ikasleen artean, eta gogoeta interesgarriak piztu zituen bizitzak salbatzeko egiten diren keinu txikien inguruan. Horren harira, ikastolak Odol-Emaileen Elkartearekin elkarlanean odol emate saio bat antolatu du.
📍 Lekua: Ikastolan bertan
📅 Eguna: Maiatzaren 7a, asteazkena
🕓 Ordua: 16:00etatik 19:00etara
Odola ematea dohaintza anonimoa, solidarioa eta ezinbestekoa da osasun sistemarentzat. Gipuzkoan, egunero 150 odol-poltsa behar dira ospitaleetan tratamenduak jaso behar dituzten gaixoak artatzeko. Horregatik, zure ekarpenak benetako bizitzak salba ditzake.
ODOLA EMATEKO BALDINTZA NAGUSIAK:
- 18 eta 70 urte artean izatea.
- 50 kg baino gehiago pisatzea.
- Osasuntsu egotea (ez da baraurik egon behar, eta gomendagarria da zerbait jatea odola eman aurretik).
LEHENENGO ALDIA BALDIN BADA:
- NANa eraman behar da.
- Erizain eta mediku batekin elkarrizketa labur bat egingo da: osasun egoera, gaixotasun edo bidaien historia, tatuaje edo piercing berriak, etab.
- Odol tanta baten bidez hemoglobina maila neurtuko da.
- Baldintza egokiak betetzen badira, odola emateko gelara pasatuko zara.
OHIKO EMAILEENTZAT GOMENDIOAK:
- Gutxienez 2 hilabete igaro behar dira azken odol emanalditik.
- Plasmaren kasuan, gutxienez hilabete.
- Urteko gehienezko odol emate kopurua: emakumeek 3 aldiz, gizonezkoek, berriz, 4 aldiz.
ZURE LAGUNTZA BEHAR-BEHARREZKOA DA.
Ez da ekintza handi bat behar bizitza bat salbatzeko. Keinu txiki batekin, beste pertsona baten bizitza alda dezakezu. Odola ematea ez da soilik ardura medikoa; gizarte osoaren elkartasuna eskatzen duen ekintza da.
Zatoz ikastolara Maiatzaren 7an eta izan zaitez bizia oparitzen duen horietako bat.
Zure ekarpena garrantzitsua da. Gure ikasleek jaso duten balio-heziketa praktikan jartzeko aukera bikaina da hau, guztion artean eredu izanik.
