2024-03-21

Saioa Zugasti eta Igor Aranbarri (Artezkaritza): Biharko ikastolak nolakoak nahi ditugu?

Ziurrenik entzun duzue zerbait ekain honetan ospatuko den VII. Batzarrari buruz. Denon parte hartzea eskatzen duen prozesuaren nondik norakoak argitzeko artezkaritza taldeko kide diren Saioa Zugasti eta Igor Aranbarrirekin egon gara solasean gaurkoan. Oso galdera sinple bati erantzutera gonbidatzen gaituzte: biharko ikastolak nolakoak nahi ditugu?

  • Labur-labur, zer da Ikastolen VII. Batzarra?

Saioa: Euskal Herrian dauden 114 ikastolen topagune nagusia da, orain arte egindakoari buruz hausnartu ostean, diagnostiko bat egiteko ikastolen mugimenduaren gaur egungo egoerari buruz. Hortik abiatuta, etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko diguten estrategiak diseinatzeko balio du.

  • Zergatik da garrantzitsua denon parte hartzea?

Saioa: Niretzat garrantzitsua da, lehenbizi, bizi garen testuinguruaz jabetzea. Gogoratu nahi nuke aurreko batzarra 2009. urtean egin zela. Beraz, 15 urte igaro dira eta aldaketa sakonak eta azkarrak bizi izan ditu gure gizarteak, mota guztietakoak gainera. Uste dugu errealitate berri horretan beharrezkoa dela ikastolek hain aldakorra den gizarte baten beharrei eta erronkei erantzutea, beti ere bere jatorrizko identitatea mantenduz. Horretarako, garrantzitsua da jakitea nondik gatozen. Beharbada jada ez dugu gogoratzen zer testuinguru historikotan sortu ziren ikastolak: euskararen jazarpena, diktadurapean… Laburbilduz, nondik gatozen kontuan izanda beharrezkoa da nora goazen definitzea, hau da, helburu eta lan ildo zehatzak zehaztea. Ez egiteak ikastolen ereduaren biziraupena arriskuan jarri dezake.

Igor:  Gehitu nahiko nuke, gainera, ikastolako guraso gisa gure erantzunkizuna dela zehaztea etorkizunera begira zer eredu nahi dugun ikastoletan. Gu gara ikastola, gure esku dago erabakitzea zer nolako ikastolak nahi ditugun gure seme-alabentzat. Bestela, kanpotik eginda etorriko zaigu. Parte hartzeko aukera hau aprobetxatu behar dugu, beraz, denon artean etorkizuneko ikastolei forma emateko. Kontua ez da gauza abstraktuei buruz hausnartzea, erabaki zehatzak hartzea baizik. Beraz, ikastolako guraso guztiak prozesuaren parte izatea nahi dugu, denon ahotsa garrantzitsua delako, gure seme-alaben hezkuntza eredua zehazteko delako gainera. Beraiek izango dira, azken finean, etorkizuneko gizartearen eraikitzaile aktiboak.

  • Nola parte hartu dezakete familiek prozesuan?

Saioa: Bi kafe tertulia antolatu ditugu, apirilaren 9an eta 16an, ikastolan, 19:00etatik 20:30etara. Bi saio horietan hausnarketak partekatu eta proposamen zehatzak jasoko ditugu, jarraian Ikastolen Federaziora bidaltzeko.

Igor: Aste honetan Inika bidez bidali zaizuen estekan daukazue izen emateko aukera. Parte hartzeko interesa duzuenoi, gainera, txosten bat bidaliko zaizue bileren aurretik posta elektronikoz, hausnartu beharreko puntuak zeintzuk diren lehenagotik ezagutzeko. Horrek hausnarketa partekatua egiten lagunduko digu.  Animatu eta parte hartu dezagun guztiok!