Salbatore Mitxelena ikastolari babesa: ikastolok Euskal Herria eraikitzen
Azken urteetan, Hezkuntza Sailak matrikulazio prozesuan ezarritako aldaketek hainbat erronka ekarri dizkigute Ikastoloi. Salbatore Mitxelena Ikastolaren komunitateak, 2023ko otsailean, bere komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabalik mantentzeko erabaki irmoa hartu zuen.
Hala ere, erabaki horrek ondorio larriak ekarri ditu. Hezkuntza Saileko ikuskariak Ikastolan egindako ikuskapenaren ondorioz, 140.000 euroko isuna ezarri diote, ustezko adiskidetze bilerak aitzakia hartuta. Egoera hau onartezina da, eta Ikastolok matrikulazio prozesuan pairatzen ditugun murrizketak eta neurrigabekeriak salatzeko unea iritsi da. Azpeitiko ikastola Ikasberri ikastolatik gure elkartasuna eta babes osoa agertu nahi diogu Salbatore Mitxelena ikastolari. Jarraian, Ikastolen elkarteak kaleratutako prentsa oharra irakurri ahal duzue bere osotasunean.
2023ko urtarrilean, Hezkuntza Saila lantzen ari zen hezkuntza legearen testuinguruan, 2023-2024 ikasturterako ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindua argitaratu zen. Agindu horretan, aldaketak txertatu zituen aurreko aginduekin alderatuta. Berrikuntza hauek, ustez ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskaerara egokitzea zuten helburu. Horretarako, lehen aldiz zaurgarritasun indizearen nondik norakoak eta baremaziorako irizpide berriak ezarri zituen. 2023ko matrikulazioa, beraz, irizpide eta helburu horien baitan aurrrera eraman zuen Hezkuntza Sailak, eta ikasleen onarpenerako baldintzak aldatu ziren.
Matrikulazio prozesu hori gorabeheratsua eta gatazkatsua izan zen oro har hezkuntza-komunitatean eta ikastoletan, eta 2023ko martxoan, matrikulazio prozesuan izandako gorabeherak zirela-eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastolek batzarrean elkartuta hainbat puntu adostu genituen:
- Adostasuna adierazi genuen Hezkuntza Sailak Onarpen aginduan jasotako printzipio orokor eta helburuen inguruan.
- Adierazi genuen Hezkuntza saila ez zela betetzen ari 23/24 ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan ezarritako oinarrizko irizpideak .
- Azpimarratu genuen zaurgarritasun tasa finkatzeko prozesuaren gardentasun falta.
- Salatu genuen ikasleen fluxua ez zela modu orekatuan egiten ari.
Ondorioz, honako neurriak hartzea erabaki genuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastolok:
- Familien fluxua gertatzen den garaian gure ikastoletan libre geratu diren plazak ez badira betetzen, aurretik matrikula eskaera egin zuten familiekin osatuko ditugu.
- Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dugu.
- Familiek eta ikastolek helegiteak aurkeztuko dituzte ohar honetan jasotako argudioak baliatuz.
Prozesua Zarautzen:
Esan dugun moduan, 23-24 ikasturteko matrikulazio prozesua korapilatsua izan zen Hezkuntza komunitate osoarentzat, eta bereziki, zenbait ikastolentzat. Tartean, Salbatore MItxelena Ikastolarentzat. Argitu dezagun Zarautzen gertatutakoa:
2023ko otsailean, matrikulazio epearen aurretik, Hezkuntza Sailak, ageriko arrazoirik gabe, 2 lerrotara mugatu zuen Salbatore Mitxelena ikastolaren matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan 3 lerro esleituta zituenean. Ageriko arrazoirik gabe diogu, hain zuzen ere, herrian aurreko ikasturtean baino 20 ume gehiago zeudelako matrikula egiteko adinean (159 haur 2022an, 179 haur 2023an) .
Zarautzen 4 ikastetxe ditugu, eta aldaketa txiki batzuk gorabehera, urtero antzeko matrikulazio ehunekoak mantentzen dira, Ikastolarena %30aren bueltan. 2023ko datuak ere horrela izan ziren eta 55 familiak egin zuten Ikastolaren aldeko apustua, hau da %30ek berriro ere.
Datu objektibo horiek ikusirik, Salbatore Mitxelena Ikastolak 2 geletako muga zuzentzeko eskaera egin zion Hezkuntza Sailari; baina ezezko borobila jaso zuen. 23-24 ikasturteko Haur Hezkuntzako 3 urtekoen plangintza, 22-23 ikasturtean itundutako kopuru bera izatea berretsi zuen Hezkuntza Sailak. (22-23 Ikasturtean matrikulazio adinean zeuden ume kopurua dela eta nahikoa izan zuen Ikastolak 2 lerrorekin, baina plangintzan 3 lerroko baimena zuen). Une horretatik aurrera, erreklamazio eta alegazio segida amaiezin bati eman zitzaion hasiera.
2023ko maiatzean, ulertu genuen alferrikakoak izan zirela ordura arteko ahalegin guztiak: Hezkuntza Sailak erabakita zuen 8 familia horiek ikastolatik kanporatzea. Bide administratiboa jorratzen jarraitu arren, egoerari aurrez aurre heltzeko unea iritsi zitzaigun.
Hezkuntza Sailak kanpoan utzitako familiek ikastolako komunitatearen parte izateko nahia berretsi zuten eta bilera amaiezinen ondoren, eta Ikastolen Elkarteak hartutako konpromisoen babesarekin, Zarauzko ikastolako komunitateak (544 familia) erabaki zuen gure komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orok ateak zabalik izango zituela gurean.
Hezkuntza Sailak ezarritako justifikaziorik gabeko murrizketei planto egiteko hautua egin genuen beraz, eta, horrekin batera, gure hezkuntza proiektua hautatu zuten familien aldeko apustuari eutsi genion.
2024-2025 ikasturterako matrikulazioan, bigarren saiakera bat egin zuten familia horiek, eta kasu hartan 55 izan beharrean 58 izan ziren Zarauzko Ikastola hautatu zutenak, eta beste bizpahiruk ere hautatuko zuketen matrikulazio murrizketaren gatazka zabalik egon izan ez balitz. Berriz ere alferrikako erreklamazio eta alegazio sorta. EZEZKOA Hezkuntza Sailak. Baina Ikastolak bere bidea berretsi du; ez dizkio inoiz inori ateak itxi eta ez dizkio itxi nahi.
Gure galdera da: ikasturte batetik bestera herrian 20 haur gehiago egoteak ez dio irizpide horri eragiten? Zarauzko jaiotza tasaren joera positiboak ez dio eragiten irizpide horri?
Gogora dezagun aginduak dioena: “Eskatzaileen zerrenda argitaratzearekin batera, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek agindu honek araututako onarpen-prozesuan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari jakinaraziko diote maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean matrikulatu ahal izango duten talde-kopurua eta behin betiko ikasleen gehieneko kopurua. Zenbaki hori EGOKITU eta DOITU egingo da, ikastetxe jakin horrek maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean LEHEN AUKERA gisa aukeratu duten ESKAERA KOPURU GUZTIAREN ARABERA”.
2025-2026 matrikulazio prozesuaren atarian, duela aste batzuk, ikuskaritzako zenbait langile etorri ziren gure ikastolara. Langileak, gurasoak eta haurrak jazarriak sentitu gara, miatuak, zelatatuak, erregistratuak. Ikuskapen horren ondorioz, Hezkuntza Sailak gu zigortzeko prozedura jarri du martxan, ustezko adiskidetze bilerak medio eta prozedura horri amaiera eman berri zaiolako deitu dugu gaurko prentsaurrekoa.
Zer salatzen dugu:
- Salatu nahi dugu zigortze prozedura hau boterekeriaz garatu duela Hezkuntza Sailak.
- Salatu nahi dugu ustezko “adiskidetze” horretara iristeko ezarri zaizkigun “bilerek” ez zutela ezer adiskidetzetik.
- Salatu nahi dugu sinatu duguna ez dela akordio bat izan. Ume horiei, beraien familiei eta ikastolari berari kalte larriagoak ekiditeko ez baitzegoen hura sinatu beste aukerarik.
- Salatu nahi dugu ezarri zaigun 140.000€-ko isuna bidegabea dela, ikastolak prozesu honetan ez baitu inolako diru-iruzurrik egin, inongo momentutan ez dugu ez-zegokigun diru publikorik jaso.
Baina prentsaurreko honen bitartez ez dugu bakarrik Salbatore Mitxelena Ikastolaren egoera salatu nahi, badugu zer gehiago esateko.
- Izan ere, matrikulazio agindu berriaren ondorioz eta legez inon ez bada aipatzen ere, ikastoletan matrikulatzeko ikasle kopurua mugatu egin du Hezkuntza Sailak.
- Zaurgarritasun indizea orekatzeko Hezkuntza Sailak proposatutako ikasle “trasbasearen” ondorioz, Ikastoletan plaza libreak izanda ere, familia ikastolazale batzuk Ikastoletan ezin matrikulatu gelditu direla ere aditzera eman nahi dugu.
- Honi gehitu behar zaio zaurgarritasuna orekatzeko ikasle “trasbasea” ez dela behar bezala gauzatu. Eta Ikastolek galdu duten ikasle kopurua baino gutxiago jaso dutela.
- Bestalde, ikaspostuak planifikatzeko garaian irizpide desberdinak erabiltzen ari da Hezkuntza Saila sarearen arabera. Hau dela eta, Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea aldarrikatzen dugu.
- Bestalde, zaurgarritasun indizea eta ikasleen izaera zaurgarria neurtzeko irizpideen opakotasuna eta objektibotasun eza ere agerian daude
- Eta azkena, agindua ez da landu alor honetako eragileekin.
Hemendik aurrera, zer?
Gaurtik aurrera, isunari aurre egiteko diru-bilketa ekintza desberdinak jarriko ditu martxan Salbatore MItxelena Ikastolak. Horietako bat diru-ekarpen boluntarioak egitea izango da eta, horretarako, ondorengo kontu-korrontea zabaldu dugu:
ES73 2095 5212 1091 2486 7983
Zalantzarik ez dugu isunari eta gaur gaurko egoerari aurre egingo diogula, baina oso kezkatuta gaude, arazo hau ez baita hemen bukatu. Zarautzen jaiotza tasa igotzen ari da. Ezarri zaigun matrikulazio mugarekin 2023-2024 ikasturteko arazoa errepikatu egin daiteke behin eta berriz.
Matrikulazio mugak nabarmen ahultzen du etorkizuneko ikastola. Azken urteetako hainbat erabaki eta mugimenduk Ikastolak ahuldu eta desartikulatzea dute helburu. Baina jokabide honekin ez dira bakarrik Ikastolak mugatzen, euskara, euskal kultura eta Euskal Herria zigortzen dituzte, gure proiektua nazionala delako. Guk argi dugu: Euskal Herria ezin da Ikastolarik gabe ulertu eta Ikastolak ezin dira herririk gabe ulertu.
Jakin badakigu garrantzitsua dela segregazioa ekiditeko neurriak hartzea eta jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz eskola maparen banaketa aldatuko dela, eta badakigu horrek planifikazioa gauzatze aldera aldaketak ekarri behar dituela. Baina planifikaziorako mugak ez zaizkigu berdin ezartzen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun hezkuntza sare guztiei, eta hori horrela den bitartean, Ikastolok ateak irekitzen jarraituko dugu gure hezkuntza eredua aukeratzen duten familia orori. Horrela adostu genuen Ikastolok 2024ko ekainaren 22an Iruñean ospatu genuen 7. Batzarrean.
Ameslariak gara eta orain ere horretan dihardugu, indartsu, Euskal Herri osoan loratuko diren kimu berrien haziak ereiten. Temati jarraitzen dugu eta autoeraketaren bitartez herriz herri Euskal Herri osoarentzat proiektua eraikitzen jarraituko dugu. GU IKASTOLA, Euskal Herria eraikitzen.