Samuel Ruiz, Leire Lizarralde, Oier Iribar eta Maddi Etxabe (Oporrak Bakean programa): Ez da gauza bera Saharari buruz eskolan entzutea edo argazkiak ikustea, edo Saharako haur batekin zuzenean egotea, jolastea eta denbora pasatzea
Uda honetan, gure ikastolak aukera paregabea izan du Saharako haurrak gure komunitatean hartzeko, Oporrak Bakean programaren eskutik. Eguneroko bizipenak, jolasak, jarduerak eta une bereziak partekatuz, gure ikasleek eta Saharako haurrek elkar ezagutzeko eta beste kultura eta errealitate batzuk gertutik ezagutzeko aukera izan dute.
Esperientzia honek erakutsi digu hezkuntza ez dela ikasgelan bakarrik gertatzen: elkarbizitzaren, enpatiaren, errespetuaren eta elkartasunaren bidez ere ikasten dugu. Horregatik, proiektu honen atzean dagoen lana eta konpromisoa hobeto ezagutzeko, Oporrak Bakean taldeko kideekin hitz egin dugu. Haien eskutik, ekimen honen helburuak, haurrek bizi duten errealitatea eta udako harrera-programak eskaintzen duen guztia ezagutuko ditugu.
- Zer da Oporrak Bakean programa? Eta, horren barruan, zer da Bakeleku? Zein dira ekimenaren helburu nagusiak?
LEIRE: Oporrak Bakean programa ezin da ulertu Saharar herriak bizi duen egoera politikoa kontuan hartu gabe. Mendebaldeko Sahararen auzi politikoak konpondu gabe jarraitzen du, eta saharar askok hamarkadak daramatzate Aljeriako Tinduf inguruko errefuxiatuen kanpamentuetan bizitzen.
Testuinguru horretan, udako hilabeteetan haur sahararrak Euskal Herrira etortzen dira; batzuk harrera-familietara, eta beste batzuk egonaldi kolektiboetara. Darahlik antolatzen duen egonaldiari Bakeleku deitzen diogu, eta aurten lehen aldiz Azpeitian egin dugu.
SAMUEL: Programak hainbat helburu uztartzen ditu. Esaterako, haurrei udako hilabeteetan beste ingurune batean egoteko aukera eskaintzen die, elikadura egokia eta osasun-arreta jasotzeko aukera; baita aisialdiaz gozatzekoa ere. Egonaldian zehar mediku errebisioa eta osasun-jarraipena egiten zaie, eta era askotako jarduerak eta irteerak antolatzen ditugu.
Baina guretzat Oporrak Bakean hori baino gehiago ere bada. Bi herriren eta bi komunitateren arteko harremanak eraikitzeko aukera bat da. Haurrak hona etortzeak Saharar herriaren errealitatea gerturatzen digu.
- Nola sortu zen aurten gure ikastolara etortzeko aukera?
MADDI: Bakelekua azken urteetan Larrabetzun egin izan dugu. Aurten, ordea, proiektua eskualdera ekartzeko aukera aztertzen hasi ginen. Darahliko kideak ingurukoak izanik, gertutasunak antolaketa eta egunerokotasuna erraztuko zituela ikusten genuen.
OIER: Aukera desberdinak aztertuta, Ikasberrirekin harremanetan jarri ginen. Proiektuaren beharretara oso ondo egokitzen zen: lo egiteko lekua ez ezik, kanpoko espazioak, berdegunea, patioa eta haurrek nolabaiteko autonomiaz mugitzeko ingurunea eskaintzen zuen. Hasieratik Ikasberriren prestutasuna ere handia izan zen.
- Nola bizi izan duzue haurrek gure ikastolan egindako egonaldia? Zer moduz moldatu dira lehen egunetatik?
SAMUEL: Lehen egunetan dena da berria: espazioa, pertsonak, hizkuntza, janaria, ordutegiak, arauak, eguneroko ohiturak… Horregatik, egokitzapen-prozesu bat dago. Baina nahiko azkar ikusi genuen haurrek espazioa bere egiten zutela eta eguneroko errutinak sortzen hasi zirela.
OIER: Gainera, lehen egunetan leku desberdinetara joan ginen, hala nola Zumaiara, Azkoitira edo Bilbora, eta horrek ere lagundu die ingurune berria ezagutzen, taldea sortzen eta esperientzia desberdinak bizitzen.
- Zein izan dira haurrek gehien disfrutatu dituzten jarduerak edo momentuak? Ba al dago bereziki gogoan geratu zaizuen unerik?
LEIRE: Uste dut haurrek gehien disfrutatu dituzten uneetako asko egunerokotasunarekin lotuta egon direla: igerilekura joatea, hondartzara, urarekin jolastea, bizikletan edo patinetean ibiltzea, Azpeitiko eta Azkoitiko festetara joatea, txangoak egitea edo elkarrekin jolasean aritzea.
MADDI: Azpeitik eman digun beste abantaila bat jarduera desberdinak egiteko aukera zabala izan da, izan ere, garraio publikoan eskuragarritasunak erraztasun asko eman dizkigu inguruko herrietan antolatutako ekintzetara joateko (herrietako festetan udalak antolatutako ur-jolasak, apar-festak…) eta haurrek asko disfrutatu dituzte. Hala ere, egia da, Leirek aipatu bezala, guri gogoan geratzen zaizkigun momentuak egunerokotasunean sortutako uneak izaten direla askotan: afaldu ondoren beraiekin dantzatzea musika sahararra entzunez, edota eklipsea ikustera mendira igo ginenekoak, besteak beste.
- Jatorri eta eguneroko errealitate desberdinak izan arren, zer antzekotasun aurkitu dituzte haurrek elkarren artean?
OIER: Antzekotasun handiena jolasteko moduan ikusi dugu. Hasieran ez genekien nola moldatuko ziren Ikasberriko udalekuetan zeuden umeekin, batez ere hizkuntza bera ez zutelako hitz egiten. Baina gero ikusi dugu, nahiz eta hizkuntza bera ez hitz egin, berdin-berdin jolasten dutela eta oso erraz sortu direla haien arteko harremanak.
LEIRE: Hasieran desberdintasunak dira agerikoenak: hizkuntza, jatorria, ohiturak, janaria… Baina elkarrekin denbora pasatzean, antzekotasunak oso azkar agertzen dira. Haurrak haur dira: jolastu, lagunak egin eta taldearen parte sentitu nahi dute; eta haserretu, adiskidetu eta mugak probatu ere egiten dituzte.
- Eta desberdintasun horiek ezagutzeak zer aukera eskaini die haurrei? Zer ikasi dute beste kultura eta bizimodu bati buruz?
MADDI: Haurrentzat oso aberatsa da errealitate desberdinak ezagutzea; gure egunerokotasuna, janariak, ohiturak, festak, kultura… ikusi eta ikasteko aukera dute. Gainera, hizkuntza berri bat ikasten dute eta hau beraien etorkizunean oso erabilgarria izan daiteke.
Hala ere, esango nuke errealitate desberdin horien arteko topaketak gure inguruan ere arrasto handia uzten duela. Haur saharar askorentzat Euskal Herria, Frantziar Estatua edo Espainiar Estatua ez dira erabat ezezagunak: familia- eta harreman-sareak dituzte hemen, eta Oporrak Bakean bezalako programek ere sortu dituzte loturak.
Aldiz, guretzat aukera handia da beste kultura, sinesmen, hizkuntza eta bizimodu bat gertutik ezagutzeko, egunerokoa partekatuz. Eta hor ikusten da elkartrukearen benetako balioa: ez dira haiek bakarrik zerbait ikasten dutenak; hemengo haurrek eta helduok ere gauza asko ikasten ditugu.
SAMUEL: Bai, bi norabideko ikaskuntza izan dela esango genuke. Maddik dioen bezala, Saharako haurrek hemengo bizimoduaren hainbat alderdi ezagutu dituzte: beste ingurune bat, bestelako paisaia eta eguraldia, janariak, festak, aisialdia, hizkuntza, kultura eta nortasun propioa dituen herri bat… Baina hemengo haurrek eta helduek ere ikasi dute. Ziurrenik aurten etxe bat baino gehiagotan hitz egin da saharar haurrei buruz.
- Horrelako topaketek balio asko jartzen dituzte mahai gainean: elkartasuna, enpatia, errespetua, bizikidetza… Zein balio nabarmenduko zenukete bereziki?
LEIRE: Agian elkartasuna nabarmenduko nuke, modu zabal baten ulertuta.
Elkartasuna ere bada bestearen errealitatea ezagutzea, denbora eskaintzea, ardura hartzea, espazio bat partekatzea, bestea entzutea eta harremana eraikitzea… Eta batez ere, ez dela norabide bakarrekoa. Harremana badago erdigunean, eman eta jaso egiten dugu, ikasi egiten dugu eta norbera zein ingurua eraldatzen du.
MADDI: Bai, eta elkartasunaz gain, nik bizikidetza ere azpimarratuko nuke. Uztailean, Ikasberriko udalekuetan parte hartzen zuten haurrek eta gurekin zeuden haur sahararrek elkarrekin jolastu dute goizetan. Oso polita izan da bizikidetza hori sortzen ikustea.
- Zuen esperientziatik, zer garrantzi du haurrek beste errealitate batzuk zuzenean ezagutzeak eta elkarrekin denbora partekatzeak?
OIER: Nire ustez, garrantzi handia du, beste errealitate batzuk zuzenean ezagutzeko aukera ematen duelako. Ez da gauza bera Saharari buruz eskolan entzutea edo argazkiak ikustea, edo Saharako haur batekin zuzenean egotea, jolastea eta denbora pasatzea. Azkenean, pertsona horiek ezagutzean, haien errealitatea hobeto ulertzen duzu eta beste ikuspuntu batzuk ezagutzeko aukera duzu.
SAMUEL: Bestalde, aldi berean ikusten dute hemen ere badagoela beren herriaren errealitatea ezagutzen duen jendea, Sahararekin lotura sentitzen duena eta saharar herriaren aldarrikapenekin bat egiten duena. Eta hori haurrek sumatu eta baloratu egiten dute. Azkenean, ikusten dute euren etxetik urrun egonda ere badagoela beren herriarekin konprometitutako jendea.
- Zuek, udalekuetako arduradun gisa, zer ikasi duzue esperientzia honetatik? Eta zer izan da zuentzat egonaldi honetako unerik bereziena?
OIER: Lehen esan dugun bezala, azken urteetan Larrabetzun egin izan dugu programa, eta bertan 2018. urtetik egon naiz monitore gisa. Aurtengo esperientzia, ordea, ezberdina izan da, aurten lehen aldiz egon naizelako koordinatzaile bezala. Esperientzia honetatik ikasi dudana, batez ere, eguneroko egoeretara moldatzen jakitea izan da, planifikatutakoa beti ez baita espero bezala ateratzen eta une bakoitzean sortzen diren egoerei erantzun behar zaie.
Niretzat unerik berezienak izandako bi agurrak izan dira. Ni ekaina bukaeratik abuztu hasierara egon naiz Ikasberrin; beraz, lehen agurra abuztu hasieran izan zen. Gero, abuztu bukaeran umeak etxera zijoaztenean, berriro agur esateko aukera izan genuen. Bi momentu horiek bereziak izan dira, denbora guztian haiekin egon ondoren agur esatea ez delako erraza.
MADDI: Bion kasuan lehen aldia izan da koordinatzaile rola hartu duguna, eta, zalantzarik gabe, oso esperientzia aberasgarria izan da.
Atzean dagoen lan guztiaz gehiago jabetzeko aukera izan dugu. Umeekin egoteaz gain, beste monitoreekin elkarbizitzea, taldea koordinatzea eta egunerokoan sortzen diren egiteko eta behar desberdinei erantzutea tokatu zaigu. Ardura hori erronka pertsonala ere izan da niretzat, baina asko ikasteko aukera eman dit. Eta berriro berretsi dugu horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko zenbat esku behar diren.
Une bereziena, agian, azken gaua izan zen, umeekin egin genuen azken festa. Momentu horretan emozio asko nahasten dira: nekea, tristura, urduritasuna, etxera itzultzeko gogoa… Baina, aldi berean, oso une polita da, uda osoan egindako lanaren eta sortutako harremanen fruitu direlako sentimendu horiek.
- Azkenik, urte batzuk barru haur hauek uda honetako egunak gogoratuko dituztenean, zer gustatuko litzaizueke gogoan izatea?
SAMUEL: Gustatuko litzaiguke uda polit baten oroitzapena izatea, hemen egin dituzten lagunak eta bizi izan dituzten momentuak gogoan izatea.
MADDI: Eta, batez ere, jakitea badela herri bat, Euskal Herria, eta lagun talde bat, Darahli, beraiekin eta beren herriarekin daudela.
LEIRE: Gure nahia da egunen batean, errefuxiatu izateari utzi eta beren herrira itzultzen direnean, oroitzapen horiek guztiak Mendebaldeko Saharan daudela gogoratzea, beren lurrean eta beren itsasoaz gozatzen…
OIER: Eta egun hori iritsi bitartean, lanean jarraituko dugu. Harremana ez baita hemen amaitzen. Abenduan kanpamentuetara egingo dugun bidaian gurekin egon diren haurrak bisitatzeko aukera izango dugu.