2025-02-12

Tasio Erkizia eta Josu Txapartegi: Ikastolak, etorkizuneko proiektua

Ikastolak hezkuntza komunitatearen ezinbesteko zutabe dira, eta haien etorkizuneko ekarpena aztertzea funtsezkoa da. VII. Batzarretik etorkizunera begira jarri dira, eta horren harira, Tasio Erkiziak eta Josu Txapartegik, Berria egunkarian argitaratu duten iritzi-artikuluan, ikastolen proiektuaren garrantzia eta gaurkotasuna nabarmendu dituzte. Hezkuntza eredu propio, euskaldun eta komunitario baten aldeko apustua eginez, ikastolek ekarpen nabarmena egiten diote euskal gizarteari, belaunaldi berriei hezkuntza integrala eskainiz eta euskara eta euskal kultura bizirik mantentzeko ezinbesteko lanari eutsiz. Horrela, etorkizuneko erronkei aurre egiteko duten gaitasuna aztertu dute, garai berrietara egokitzeko duten ahalmena nabarmenduz.

Espainiako Estatuan zein Frantziakoan, ofizialki eta legalki, soilik bi eratako eskolak aitortzen dira: pribatuak eta publiko administratiboak. Horrela zen frankismo garaian eta horrela jarraitzen du gaur egun ere. Bitartean, Euskal Herriko auzo eta herri askotan, guraso zein irakasleek sortu dute beste eskola eredu bat: euskalduna, lurralde osora hedatua, irekia eta euskal kulturan murgildua. Akats eta gabeziekin, baina ikastolen mugimenduak, bere sorreratik, herritik eta herriaren zerbitzura sorturiko proiektuak dira. Modu komunitarioan gobernatu eta garatu direnak. Herritarrak, integratzaileak eta irekiak direnak.

Ikastolen mugimenduak ez du bere burua inoiz pribatutzat hartu. Areago, administrazio publikoek, EAEn zein beste lurraldeetan, beti garatu dituzte harreman propio eta espezifikoak mugimendu horrekin. Ez dituzte pribatutzat jo, baina administrazio horrek ez du gaitasun politiko-juridikorik izan, eta agian borondate handirik ere ez, herritarrek sorturiko errealitate desberdin horri egokia zaion izaera juridiko propioa emateko. Eta errazena egin du: Espainiako Estatuak zein Frantziakoak erabiltzen duten eskema kopiatuz, pribatuaren multzoan sartu ditu.

Horrela, herri menperatuaren eskemari jarraituz, hezkuntza eredu propioa izateari uko egiten zaio. Herriak sortu badu eskola mota propioa, zergatik ez da onartzen berezitasun hori? Egon baldin badaude, zergatik Euskal Herrian ez dira aitortzen hiru eskola mota: publikoak, pribatuak eta ikastolak? Herriaren borondatez eraikitako hezkuntza eredu hori zergatik ezabatu, baztertu edo ukatu nahi da, behartuz pribatua deitzera? Oso adierazgarria da Fernando Buesak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua zenean, 1993ko Hezkuntza Lege berriaren ondoren esan zuena: «Hemendik aurrera ez dago ikastolarik, ikastetxe publiko eta pribatua baizik» (1993-05-27). Bistan da, legearen helburua —garai hartan kalean eta Gasteizko Parlamentuan kritikatu genuen bezala— ez zen eskola publikoa berriztea, ikastolen mugimendua ahultzea baizik, pribatu izaerara behartuz.

Ikastolak beti egon dira prest eskola irekiak izateko, behar diren zaurgarritasun indizeak beregan onartuz guztientzat ateak zabalik edukitzeko eta, noski, administrazioaren orientazio nagusiak betetzeko. Aldi berean, ikastoletako eskola-komunitatea anitza eta orekatua da, ikasle, irakasle zein gurasoen parte hartzea bermatuz, eta horrela, administrazioak beraien jabetza ez eduki arren, izaera publikoa izateko baldintza guztiak osatuz. Gaia da publiko komunitarioa, guk beti herritarra deitu dugun eredu hori, ez dutela instituzioek garatu nahi, eta, horren ordez, behartu nahi gaituzte eredu espainiarra edo frantziarra ontzat ematera. Eta ikastolek, arrazoi guztiaz, eredu propioa exijitzen dute.

Ikastolak eta eskola publikoak ez dira elkarren etsaiak, osagarriak baizik. Berdinen arteko elkarlanean egin behar da aurrera. Inor ez dago sobran. Oker handia da, matrikulazioagatik, elkarren arteko lehia antzua bultzatzea, bien arteko elkarlana eta babesa ezinbestekoa dugunean. Bi ereduak behar ditugu eta bietan lan egin behar dugu, bata zein bestea hobetuz eredu publiko komunitario batean uztartu gaitezen. Herri menperatua gara, izaera juridikorik gabekoa, zatitua eta hilzorian dagoena, eta, egoera honetan, etorkizuna garatzeko hain garrantzitsua den hezkuntza alorrean mokoka ezin dugu jarraitu.

Bizi dugun egoera bereziki konplexua da eta, beraz, zubiak eraikitzeko garaiak dira. Aurrera begira apustu izugarriak ditugu, ez bakarrik teknologia berrien arora egokitu behar garelako, gizarteak planteatzen dizkigun erronka sozialak ere egunetik egunera zailagoak direlako baizik. Eta, ondorioz, gizartearen parte-hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntzak bere funtzioa ongi bete dezan. Eskola komunitatea bere osotasunean dinamizatzea (gurasoak, ikasle eta irakasleak) lan ikaragarria da, gizartearen inplikazioa areagotzea eskatzen diguna. Alor honetan, ikastolen mugimenduaren baitan esperientzia aski positiboak aurkitu daitekeenez, ekarpen positiboa egin dezakeen eragilea da.

Ikastolak beharrezkoak ditugu. Ez bakarrik Iparraldean edo Nafarroan, zazpi herrialdeetan baizik. Ikastolak ez dira frankismo garaiko altxorrak, gaur egun ere bere ekarpena egiten duten eskola eredua da ikastolena. Eta nazio gisa zazpi herrialdeetara hedatutako etorkizunerako proiektu herritarra. Kasu askotan, epeldurik daukaten herri izaera indartuz eta gurasoen zein laguntzaileen parte hartzea aktibatzeko auzolana bultzatuz. Konplexuak baztertuz, barne dinamikak sustatzeko eta Eskola Publikoarekin elkarlana planifikatzeko garaia da. Ikastolen mugimenduak asko du berrizteko eta gaurkotzeko, noski, baina Euskal Herrian ekarpen eraldatzailea izaten jarraitzen du.