Xabier Bikendi (ikastolako gurasoa): Herriko beste eraikuntza batzuen behar energetikoak asetzeko balioko du ikastolan ekoiztutako energiak
Ikastola ez da soilik hezkuntza-eremu bat: herriaren parte aktiboa da, eta bere beharrei erantzuteko konpromisoa duen proiektua. Ildo horretan, energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, ikastolan bertan ezarritako eguzki-plaken bidez energia garbia sortuz eta udalerriko beste eraikin batzuetan erabiltzeko bideratuz. Proiektu honen atzean dagoen filosofia eta eguneroko lana gertutik ezagutzeko, ikastolako guraso den Xabier Bikendirekin hitz egin dugu. Elkarrizketa honetan, ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkigu, gurasoek ikastolari egiten dioten ekarpenaren garrantziaz hausnartu dugu, eta proiektuak herriarentzat dakartzan onurez hitz egiteko aukera ere izan dugu.
-Nola sortu zen Ikastolaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmen hau, eta zein izan da abiapuntua?
Artezkaritzan nengoen garaitik elektrizitate sorkuntza mailan ikastolak autonomia izatearen nahia mahai gainean zegoen. Jada 2019-20 urtean ikerketa egin genuen eguzki-plakak jartzearen inguruan. Geroago, 2020ko gertakariak tarteko, gaia alde batera utzi genuen, baina 2022an elektrizitate kostuek izandako gorakada tarteko berriro ere gaia lantzen hasi ginen ikastolako guraso batzuek. Horrela, proposamen bat garatu genuen Udalari aurkezteko, jakinda diru-laguntzak zeudela eguzki-plakak ikastetxeetan ezartzeko.
Gainera, gure proposamena udalerriko hiru ikastetxeetan gauzatzea proposatu genion Udalari. Udalak proposamena ontzat eman zuen eta hiru ikastetxeek bilera egin genuen. Gaia aztertu ostean laguntza eskaera aurkeztu zen ikastolaren izenean Europako Next Generation diru laguntzetara.
-Zein helburu nagusi ditu kiroldegiko estalkian eguzki-plakak instalatzeko proiektuak?
Jasangarritasuna sustatzea energia sormenean eta kontsumoan. Ikastolan eguzki-plakak ezartzea 1000 zuhaitz landatzea edo 25 CO2 tona gutxiago kutsatzea bezala da. Beraz, oso nabarmena da ingurumenari egiten dion ekarpena.
Bestalde, ikastolaren soberakinak udalerriko beste eraikinetan erabiltzeak energia sormenak eragiten duen ingurumen-eragina ere murriztea dakar berekin.
-Zein ahalmen edo ekoizpen energetiko aurreikusten da instalazio honekin, eta Ikastolaren kontsumoaren zer portzentaia estaliko du?
58 Kw-etako potentzia duen instalazioa da. Ikastolaren behar energetiko guztiak asetzeko gaitasuna daukate ikastolan ezarri diren eguzki-plakek.

-Ikas-jarduerarik ez dagoen garaietan sortuko den soberakin energetikoa nola kudeatuko da zehazki?
2026an onartuko den Espainiar estatuko araudi berriak aukera emango dio ikastolari bere soberakina udalari eskaintzeko. Horrela, herriko beste eraikuntza batzuen behar energetikoak asetzeko balioko du ikastolan ekoiztutako energiak. Horrek, uste dugu, ekarpen nabarmena egingo dio herriko energia sorkuntza eta kontsumitzeko eredu berriari. Eredu berri horren abiapuntua garbia da: energiarik garbiena sortzen ez dena da, ingurumena babesten laguntzen baitu.
-Nola txertatuko da eguzki-plaken instalazioa ikas komunitatearen egunerokoan eta hezkuntza-proiektuan?
Erabilera asko izan ditzake ikasleen eguneroko jardunean. Ikastolako sarreran ezarri den pantailan eguzki-plakek sortuko duten energia kopuruaren berri emango da. Horrela, Lehen Hezkuntzan adibidez kontsumoaren kontua landu daiteke matematika arloan, zenbat energia kontsumitu den kalkulatuz.

Bestalde, Bigarren Hezkuntzan ikasleek, bereziki teknologia arloan, plaka bat nola instalatzen den jakin dezakete, bere barne funtzionamendua ezagutzen duten bitartean. Bestalde, kontsumo arduratsuaren kontzeptua ere sustatu daiteke ikaslegoaren artean, klase bakoitzean zenbat energia kontsumitzen den jabetun izanda ikasleak.
Orokorrean, proiektu pedagogikoki asko gauzatu daitezke gai honen inguruan. Gainera, ikasleek ikastolan kontsumitzen den energiaren erdia energia garbia izateak beraien ingurumen kontzientzia indartzen lagunduko du.
-Zein onura ekarriko dizkio proiektu honek herriari?
Alde batetik, ikastolak herriarekin duen harremana sendotzeko balioko du. Horrela, herriko beste eraikin batzuetan erabili ahal izango da ikastolako eguzki plakek sortutako energia soberakina. Modu honetan, gure ekarpena egingo diogu herrian garatu nahi den eredu energetiko berriari.
Gainera, biztanle zaurgarrienei bideratuko balitz energia soberakin hori ikastolak herriko kohesio soziala indartzen lagun dezake, bere herri proiektu izaera sendotuz.
-Etorkizunera begira, energia berriztagarrien arloan beste urrats edo proiektu berririk aurreikusten al du Ikastolak?
Etorkizunean beharbada bateriak jar daitezke soberan gelditzen den energia gorde eta modu eraginkorragoan erabiltzeko.
Bestalde, eguzki plaka gehiago ere ezarri daitezke ikastolan.