Ikaslearen Irteera Profila

Ondoren aurkezten duguna Azpeitiko Ikastola Ikasberri Koop.e.k definitutako ikasle profila da. Zerrendatutako ezaugarri horiek guztiak garatzea ezinbestekotzat jotzen dugu gure ikastolatik irteten diren pertsonek bizitza orekatu, osasuntsu eta zoriontsua izan dezaten; aurkituko dituzten erronka, egoera edota arazo desberdinei (lan, akademiko, sozial nahiz pertsonalei) irtenbide egokiak emanez gizarte hobeago bat eraikitzen laguntzeko.

  • EUSKALDUNA

Euskararekin eta euskal kulturarekin konprometitutako pertsona da, euskal kultura barneratu, baloratu, zabaldu eta inguruko kultura aniztasuna kontuan hartu eta errespetatuz, gizarte euskaldun baten alde eragile aktiboa izateko.

  • EMOZIONALA

Norberaren emozioez jabetu, hauek identifikatu eta ulertzen dakien pertsona da, autoezagutza garatuz, emozio positibo zein negatiboak eraginkortasunez kudeatuz, harreman positiboak eraikiz eta zailtasunei aurre egiteko estrategiak erabiliz, bat-batean sortzen zaizkigun egoera afektiboetatik ikasi eta norbera nahiz ingurukoengan positiboki eragiteko.

  • ENPATIKOA

Edozein egoera, arazo edo konfliktoren aurrean besteen lekuan jartzeko gaitasuna duen pertsona da, entzute aktiboa erabiliz, bestearena ulertuz, berearekin alderatuz eta hezkidetzan oinarrituz, elkarbizitza orekatu, eraikitzaile eta harmoniatsu bat lortzeko.

  • KRITIKOA

Jasotako informazioa interpretatu, baloratu, iragazi eta honen arabera aukeratzeko gai den pertsona da, informazioa iturri ezberdinetatik jasoz, besteena errespetatuz eta balore etikoak aplikatuz, nahiz aurreko ezagutzekin alderatuz, informazioa modu egokian erabili eta norberaren iritzia osatu eta erabakiak modu arduratsuan hartzeko.

  • AUTONOMOA

Egunero biziko dituen egoera ezberdinen aurrean, erabakiak hartu, hauekin aurrera egin eta ondorioak kudeatzeko gai den pertsona da, modu arduratsu eta eraginkorrean, jarrera baikorra erakutsiz eta bere behar, ahulezia eta indarguneak kontuan hartuz, bizitzan zehar bere erabakiak hartu eta kontsekuentea izateko.

  • KOMUNIKATZAILEA

Gai desberdinen inguruko azalpenak eta iritziak, nahiz bere sentimenduak ahoz, idatziz edota digitalki adierazteko eta besteengana iristeko gai den pertsona eleanitza da, euskara ardatz eta oinarri hartuta, hizkuntz eta kode desberdinak (matematikoa, artistikoa, zientifikoa,…) eraginkortasunez erabiliz, ingurukoekin interakzionatu, erlazionatu eta modu positibo eta eraikitzaile batean jarduteko.

  • SORTZAILEA

Adierazpenera zein ekintzara bideratutako ideien eta prozesu berrien eraikuntza eta kudeaketa egiten duen pertsona da, bere gaitasunetan konfiantza edukiz, besteen ideiekin norberarena aberastuz eta originaltasunez, ideia berriak sortzeko estrategiak erabiliz, bere barne munduaren irudikapenak, errealitate baten eraldaketa edo berrikuntza proposamenak adierazi eta gauzatzeko.

  • EKINTZAILEA

Egoera edo barne gogo baten aurrean, iniziatiba hartu eta irtenbide ezberdinak planteatu eta aurrera eramaten dituen pertsona da, egoera aztertuz, ekintzak planifikatu eta gauzatuz, hauen ondorioak ebaluatuz eta sistematikoki hobekuntzak planteatuz, bere bizitzako proiektu desberdinak gauzatzeko.

  • PARTE HARTZAILEA

Gizarteko eremu ezberdinetako proiektuen lanketan helburu komunak lortzeko pertsona aktiboa da, bere ideiak partekatuz, besteenekin uztartuz, norbere ardurak beteaz eta besteekiko harremanak era inklusiboan bideratuz, gizartearentzat onuragarriak izango diren helburuak lortzeko.

  • OSASUNTSUA

Ingurumenarekiko nahiz bere buruarekiko jarrera egokiak dituen pertsona da, norberaren gorputza eta sexualitatea ezagutu, onartu eta zainduz (dieta osasuntsua, jarduera fisikoa, higienea…) eta ingurumena errespetatuz, norberaren eta ingurumenaren garapen orekatu eta iraunkorra izateko.