Kilometroak 2024

2024. urtean Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibak KILOMETROAK antolatuko du, Gipuzkoako Ikastola guztien jaia, hain zuzen. 2024ko urriaren 6an izango da jai nagusia Azpeitian, eta dagoeneko hasiak gara jaiaren antolakuntzan. 

Kilometroak urtea, harremanen urtea izaten da, talde eta eragile desberdinekin hitz egiteko urtea. Zubiak eraikitzeko urtea, elkarlanaren eta auzolanaren urtea. Ezberdintasunak errespetatuz batzen gaituena indartzeko urtea izatea nahi dugu, eta bide horretan egin nahi dugu lan.

Ikastolak herritik sortuak gara eta jabetzen gara herrigintzak eta nazio eraikuntzak duten garrantziaz. Euskara dugu ardatz eta ipar-orratz. Eta horrez gain, argi dugu aniztasunean sortzen diren harreman eraikitzaileetan dagoela aberastasuna. Horregatik, 2024ko kilometroetako urtea 3 ardatz lantzeko urtea izatea nahi dugu: EUSKARA, KULTURARTEKOTASUNA-ANIZTASUNA eta HERRIGINTZA. 

Bisitatu Kilometroen webgunea hemen.