AzpeitiKoop kooperatibaren aurkezpen ekitaldia
Azpeitian kooperatibismoak tradizio eta indar handia izan du betidanik, eta herriko hainbat eragilek elkarlanean egindako prozesu baten ondoren, martxan jarri da azpeitiKoop: herriko kooperatiba komunitatea indartu, ekimen berriak sustatu eta herriaren garapen sozial eta ekonomikoan eragiten jarraitzeko sortutako proiektua.
Egitasmo honetan gure ikastolak ere parte hartuko du, eta horregatik, ikastolako bazkide gisa, gonbidapena luzatu nahi dizuegu datorren ekainaren 4an, 18:30ean, Basazabal jauregian egingo den aurkezpen ekitaldira.
Garrantzitsua iruditzen zaigu familien presentzia eta parte-hartzea, herriaren etorkizunari begirako proiektu kolektibo honetan guztion ekarpena beharrezkoa baita. Kooperatibismoak elkarlana, gertutasuna eta komunitatearen indarra ditu oinarri, eta balio horiek gure hezkuntza komunitatearekin ere bat datoz.
Horregatik, bertaratzera eta proiektua gertutik ezagutzera animatu nahi zaituztegu.
Denon artean herri sendoago eta kooperatiboago bat eraikitzen jarrai dezagun!
