Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen balorazioa Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiaren harira

17 urria , 2024 | Oharrak

Donostian, 2024ko urriaren 16a

Atzoko Gobernu Batzordean, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak aldatzeko legea onartu zuen. Bertan, diru-partida bat bideratu dute, besteak beste, Ikastoletako zenbait langileri soldatak igotzeko. Diru-kopuru hau ez dugu Ikastolok jasoko, batzuek adierazi duten bezala, langileek jasoko dute ordainketa eskuordetuaren bitartez. Hau da, Hezkuntza Sailak zuzenean langile horiei ordainduko die.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak honako hau adierazi nahi du: Alde bateitk honako alderdi hauek argitu nahi ditugu.

  1. Aurrekontu partida honekin ez da Ikastoletako langileen soldata sare publikoko langileenarekin ekiparatzen. Ekiparaziorako bidean urrats bat egiten da, baina ez da ekiparazioa lortzen. Eusko Jaurlaritzak, akordioan jasotako guztia epeetan betetzen badu, 2027an etorriko da zenbait langileren soldata-ekiparazioa.
  • Soldata-igoera eta aipatzen den finantziazio honek Ikastoletako langile batzuengan bakarrik du eragina. Irakasle batzuei ordainduko die Hezkuntza Sailak zuzenean soldata-igoera hori. Gainerako langile guztien soldata-igoera Ikastolok hartu dugu gure gain, honek dakarren gainkostuarekin. Gainera, langile guztien soldata-ekiparazioa ez dago inon aurreikusita.

Zenbaitzuk neurri honen aurrean doakotasuna aldarrikatzen duten bitartean, Ikastolok gainkostu bat hartu dugu gure gain, eta honek ez du doakotasunerako bidea errazten. Langile ez dozente guztien eta 0-1 zikloko hezitzaileen soldata-igoera gure gain hartu dugu inolako finantziaziorik gabe. Beraz, Ikastoletako kooperatibisten ahaleginari eta ekarpenari esker lortuko da soldata horiek finantziatzea.

  • Ikastoletako langileen lansariak hobetzea pozgarria izanda ere, hezkuntza-sistemak baditu ikasleei arreta egokia emateko bestelako finantziazio-beharrak ere: Geletako ratioak aldatzea, ikasle zaurgarriei arreta egokia emateko pertsonala kontratatzeko finantziazioa, euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko figura berriak finantzatzea, eraldaketa pedagogikorako baliabideak finantzatzea….

Atzo  hartutako  erabakiak  Ikastoletako  langile  batzuen lan-baldintzetan eragiten du. Ez guztietan eta ez, zuzenean, ikasleen arreta egokiari begira.

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak norabide onean kokatzen du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakia eta, aldi berean, ezinbestekoa ikusten du gainerako langileen soldata-ekiparazioa eta ikasleen arretan beharrezkoa den bestelako finantziazioa ekarriko dituzten neurriei berehala ekitea.

Eusko Jaurlaritzarekin sinatuta daukagun akordioaren gainerako atalak garatzea exijitzen dugu, ikasleen arreta eta hezkuntza kalitatea hobetzen dutenak. Izan ere, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak baditu paraleloan landu beharreko beste premiazko hainbat lehentasun ere.

Horregatik dei egiten diegu Jaurlaritzari eta sindikatuei norabide honetan lanean jar daitezen.