Haur bat, hartxintxar bat; hartxintxar bat, euro bat (Zarauzko ikastola)
Zarauzko ikastolatik idazten dizuegu.
Honezkero jakingo duzuenez, EAEko Hezkuntza Sailak 140.000€-ko isuna jarri digu gure ikastolako kide izan nahi zuten 8 familiari aterik ez itxi eta ikastolan hartzeagatik.
Isun hori ordaintzeko, hainbat ekimen jarri ditugu martxan eta, hain zuzen ere, horietako bat aurkeztu nahi dizuegu: “Haur bat, hartxintxar bat, euro bat” ekimena. Honen bidez, Euskal Herri luze-zabaleko 115 ikastoletara iritsi nahi genuke eta laguntza xume bezain sinbolikoa eskatu: haur bakoitzeko euro bat. Horrela, haurrez haur, euroz euro, hartxintxarrez hartxintxar, Euskal Herri osoa hartuko duen elkartasun uholdea sortu nahi genuke. BIDEO HAU sortu dugu ekimenaren berri emateko.
Zuen hartxintxarra jarri nahi izanez gero, beraz, zuen seme-alabek eraman dezatela eurotxo bana ikastolara eta ikasgelan bertan duten kaxatxoan sartu. Astebete inguru izango duzue horretarako.
Ekimen honek ikastolon arteko elkartasunaren beste adibide argi bat izan nahi du.
Besterik gabe, aldez aurretik eskerrak emanez, hartxintxarrez hartxintxar, harri pila handia lortuko dugulakoan, IKASTOLAK EUSKAL HERRIA ERAIKITZEN!!!
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola
