Herri Urrats: abian da erlezainak kanpaina
Bi hilabete geratzen dira Herri Urratserako eta antolatzaileak ez daude geldi. Jaiaren antolaketan bete betean, kanpaina nazional berri bat aurkeztu dute. 20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean gure-gurea dugu Erle Beltza. Erleek elgarrekin egiten dute lan, komunitatean bizi dira eta berebiziko garrantzia dute ekosisteman; esan ohi da erleak desagertuko balira, munduak lau urte gehiago baino ez lukeela iraungo. Gure komunitatearekin berdin gertatzen da: Seaskako komunitatea behar beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Iparraldean, bai eta euskalduntzearekin jarraitzeko ere. Baina Seaska osatzen duten erleek (guraso, irakasle, langile, ume, gazte,….) bizirik eta lanean jarraitzeko ERLEZAINAK behar dituzte.
Horregatik, erlezain bakoitzak 10 eurotako ekarpena egin dezake, eta trukean erlea jasoko du etxean, zaindu eta babes dezan. Erlezain egiteko Herri Urratseko webgunean sartu behar da (hemen esteka) eta datuak eman eta ordainketa egin daiteke. Ondoren, etxean jasoko dute PIN-a Erlezainek. Apustua eta erronka Euskal Herrian 5.000 erlezain lortzea da. Apustua eta beharrak handiak dira, erle kofoiak lurralde osoan zabaldu eta indartu nahi baitituzte eta horretarako sostengua behar dute, euskal jendarte guztiaren sostengua. Hori dela eta ERLEZAIN egiteko deia egiten dizuete. Aurtengo leloa erabiliz:
ELGARREKIN indartsuagoak gara egin zaitez ERLEZAIN.
