Ikastola ere Azpeitikoop egitasmoaren parte da, herrian kooperatibismoa indartzeko

13 maiatza , 2026 | Oharrak

Azpeitian kooperatibismoa sustatu eta herriko eragileen arteko sarea indartzeko helburuarekin sortu dute Azpeitikoop kooperatiba. Herriko hainbat kooperatibak, udalak, norbanakoek eta bestelako eragileek parte hartu dute prozesuan, Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin. Gure ikastola ere hasieratik ari da egitasmo honetan parte hartzen.

Azken hilabeteetan egindako lanketa parte-hartzailearen ondoren eratu dute kooperatiba berria, eta datozen asteetan egingo dute proiektuaren aurkezpen publikoa herrian.

Sorrerako prozesuan hiru batzar egin dituzte, eta askotariko eremuetako ordezkariek hartu dute parte: industria, lehen sektorea, hezkuntza, kultura, energia, kirola eta komunikazioa, besteak beste. Parte-hartzaileek nabarmendu dutenez, Azpeitian badago tradizio eta indar kooperatibo handia, baina beharrezkoa ikusi dute elkarren arteko ezagutza handitzea eta elkarlanerako sare sendoagoa osatzea.

Ikastolarentzat bereziki garrantzitsua da horrelako egitasmo batean parte hartzea, kooperatibismoak hezkuntzarekin lotura zuzena duelako. Kooperatibismoak elkarlana, parte-hartzea, erantzukizun partekatua eta komunitatearekiko konpromisoa sustatzen ditu; hain zuzen ere, gure hezkuntza proiektuaren oinarrian dauden balioak.

Gainera, tokiko kooperatiben arteko harremanak sendotzeak aukera berriak sortzen ditu herriarentzat: ekonomia soziala indartzea, tokiko garapena sustatzea, belaunaldi berriei erreferente hurbilak eskaintzea eta komunitate kohesionatuago bat eraikitzea. Gure ikasleek ere gertutik ezagutuko dituzte lankidetza, auzolana eta ekonomia eraldatzailearen balioak.