Munduko Jolasen II. Eguna Azpeitian (martxoak 15)

27 otsaila , 2025 | Oharrak

Azpeitiko Elkar-ekin taldetik Munduko Jolasen II. eguna antolatzen ari dira. Jolasa hizkuntza unibertsala dela eta garrantzizko elementu sozializatzaile izan daitekeela kontuan harturik hari erakargarria iruditu zaie elkarrekin harremanetan jarri eta sareak josten joateko. Kultura aniztasun handia dago Azpeitian eta jolasa, ezagutzen diren kultura guztiei dagokien kontua dela deritze. Helburu hauek bete nahi dituzte ekintza honekin:

  • Munduko jolas ezberdinak ezagutu eta praktikatzea, bestearengana hurbiltzea, inguruko aniztasunaz jabetzea; kulturartekotasunari bide eginez.
  • Errespetua, berdintasuna eta elkartasuna bezalako balioak bultzatzea.
  • Komunitate ezberdinetako azpeitiarrak elkarrekin harremanetan jartzea eta sozializatzea.
  • Gure hizkuntza, Euskara, herrian aurkitzen diren jatorri eta hizkuntza guztien bideratzaile eta artikulatzailea izatea.

Aurten, iazko urteko esperientziaz konsziente izanik eta ekimenak baduela potentziala ikusirik, herriko ikastetxeekin bat egin nahi izan dute; zer egokiago herrian dagoen kultur aniztasunaren isla diren ikastetxeetara jotzea baino!

Horregatik datorren Martxoaren 15ean, larunbata, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara Azpeitiko Azoka Plazan Munduko Jolasen II. topaketa egin nahi dute. Helduentzako eta haurrentzako jolasak nahi dituzte. Mahai eta aulkietan eserita batzuek eta besteak pistan aritzekoak.

Martxoak 7 arte aukera izango duzue jolasen proposamenak egiteko. Jolasak proposatzen dituztenak egunean bertan jolasaren arduradun egitea komeni da( jolasa ekarri, jolasa martxan jartzeko lagunak ekarri). Horretarako esleitu duten izen emate zerrendan izena eman daiteke, proposatzen den jolasaren izena idatzi eta arratsalde horretan jolasa martxan ipintzera agertuko diren lagun kopurua zehaztuz.

Behin jolasen aukeraketa eginda eta dena antolatuta, larunbat arratsalde horretan bertaratzen denak aukera izango du nahi duen jolasetan ibiltzeko; izena inon eman gabe.

Beraz, hitz egin zuen inguruan, gonbidatu zuen ikastetxeko ikasle zein gurasoak, eta egin galdera hau: zein dira gure sorterriko jolasak? Animatu parte hartzera, emakume, gizon, zein haurrak; kultur elkartruke polita gauzatuko dugu denon artean!