Testigua Oreretatik Azpeitira bidean. Ekitaldi bikoitza, denon parte hartzea garrantzitsua.
2024ko Kilometroak martxan dira jada! Ekitaldi bikoitzarekin emango zaie, gainera, hasiera.
Horrela, igande honetan, azaroak 19, Oreretako ikastolak Oreretako herriari eskertza ekitaldi bat eskeini nahi dio eta gonbidatuak izan gara. Gainera, ekitaldi honetan Oreretako Ikastolak gure Ikastolari, Kilometroetako lekukoa pasako dio.
Lekukoa jaso ondoren, astelehenean, azaroak 20, ikastolara ekarriko dugu. Ikastolan eguerdiko 12:00etan harrera ofiziala egingo diogu lekukoari, Erraldoi eta trikitilarien laguntzarekin.
Gure ikastolan ere lan taldea osatu da, Gorka Artolak zuzendua koordinatzaile gisa. Ez da lehendabiziko aldia, hala ere, Kilometroak Azpeitian ospatzen ditugula, eta bide luzea egin dugu gauden lekura iritsi arte (ikusi bideoa behean).
Besterik gabe, denok gonbidatuta zaudete hasierako ekitaldietara.
Animatu parte hartzera!
Gogoratu
Azaroaren 19an, 12:00etan, Oreretan
Azaroaren 20an, 12:00etan, Azpeitiko ikastolan
kilometroak24@azpeitikoikastola.eus
Martxan da Ikastolaren barne beka sistema.
Honi buruzko informazioa eta eskaera orriak Idazkaritzan ditugu (goizez, 10:00etatik 13:00etara). Telefonoz ere hitzordua eska daiteke.
Berrikuntza: aurten HH 0-3koek ere aukera izango dute.
Dokumentazioa aurkezteko azken eguna azaroaren 17a da.
Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako MANIFESTAZIOA egingo da Bilbon, 17:00etan Euskaldunatik abiatuta. Manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak.
Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat. Izan ere, sententzia guztien elementu komun bat du: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan.
Horregatik, azaroaren 4ko manifestazioa Euskalgintzak deitu duen arren, hizkuntza-aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten eragile eta norbanako guztiei gonbidapena luzatzen zaie oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egitera, euskaraz bat izatera. Azpeitiko Udalak bertara joateko autobusak antolatuko ditu:
Guztion indarra beharko dugu azaroaren 4an oldarraldiari erantzun sendoa emateko. Animatu zaitez! Denon artean egingo dugu!
Bi urte dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osoa arautuko duen lege berri bat lantzen hasi zela Hezkuntza Saila. Legearen lanketa honetan, Ikastolen Elkarteak parte-hartze aktiboa izan du, uste dugulako halako erronka bati arduraz erantzun behar zaiola. Aurreproiektuen inguruko irakurketa kritiko eta eraikitzaileak egin ditugu, ekarpenak proposatu ditugu, agerraldietan parte hartu dugu, batzarrak egin ditugu, ikastoletan legearen inguruko lanketa eta eztabaidak ere egin ditugu… Eztabaida eta hausnarketa prozesu gorabeheratsua izan da orain artekoa, baina aukera baten moduan irudikatu dugu beti.
Legearen eztabaida azken fasean sartuta dago eta ezagutu ditugu alderdi politikoek erregistratu dituzten ekarpenak. Eta beste behin, Ikastolok, gure balorazioa egiteko asmoa dugu. Balorazio hori atxikita aurkituko duzue buletin honetan eta bertan irakurri ahal izango duzuen moduan, gure helburuak ardatz ditugula, alderdien ekarpen-emendakinak lau ardatzetatik baloratu ditugu, ikastolentzako Lege honetan lau eztabaida nagusi baitaude:
1.- Euskara, euskal kultura eta euskal curriculuma.
2.- Gobernantza eredua: publiko-pribatua dikotomia eta Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizioa.
3.- Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikak.
4.- Segregazioaren aurkako politika eta doakotasunerako politikak.
Lege hau hobeto ulertu eta gure posizionamendua zein den azaltzen lagunduko dizuelakoan,
Jaso agur bero bat,
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza eta Zuzendaritza
Dakizuen moduan Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea (erribera) du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu propio horretakoak diren elikagaiei Euskal Herrian bide emanaz. Modu horretan, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten dio lortzen den balioaren ehuneko jakin batekin.
Ikastolok Errigora egitasmoaren parte eta bultzatzaile gara kanpaina guztietan. Oraingoan ere bat egiten dugu udazkenero egiten den “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpainarekin. Aurtengoa, gainera, 10. urteurrena azpimarratzeko asmoz, “10 urte bete-bete” lelopean izango da. Kanpaina urriaren 20a eta azaroaren 9a bitarte egingo da, eta Ikastolan jaso ahal izateko, jasotzeko gunean markatu.
Deialdi honetan 50 euroko saski bakarra prestatu da: 5 produktu amankomunak -zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa – eta beste 4 produktuak gainontzeko ohiko produktuekin osatuta. Beti bezala, Euskarari puzka da Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari diru-ekarpena egiten dion Errigoraren kanpaina, eta saskien balioaren %25 bideratuko dugu bertara, hau da, 12,5 €.
Hartu dugu Kilometroak 2024 antolatzeko testigua. Gogoz eta ilusioz heldu diogu erronka handiari. Gipuzkoako Ikastola guztiekin eta hala nahi duten herrikide eta eragile ororekin egin nahi da bidea. Horiek horrela, hala nahi duen herritar edota eragile oro izango da ongi etorria ibilbidera, bere ekarpena egitera, oraindik bertatik hasita. Den-denak gonbidatuta zaudete!
Helburu nagusietako bat, komunitatea indartzea da eta Kilometroak 2024ren zutabe nagusiak euskara eta euskal kultura dira. Aurten ere, euskara eta kulturartekotasuna proiektua dugu martxan herri mailan.
Artezkaritza Kontseilua
Dakizuen moduan iristear da KILOMETROAK EGUNA, Kilometroak 23 urte luze bateko lanaren bukaera jaia. Urriaren 1ean, Orereta ikastolaren eskutik, egun handia antolatu da Orereta-Errenterian; eta noski!, festaz gozatu nahi duen orok ateak zabalik izango ditu bertan.
Egun handiaren inguruko informazioa guztia eta egitaraua Kilometroak webgunean aurkitu daiteke. Bestalde Kilometroak egunera garraio publikoan joatea gomendatzen da, aparkaleku arazoak ekiditeko.
Hori bai, egunaren dimentsioak kontuan izanda, Gipuzkoako Ikastolen komunitate osoari zabaldu zaio laguntza deialdia. Anima zaitez boluntario gisa lagundu eta gozatzera! Horretarako esteka hemen.
Azpeitiko Udalak Jakinmin elkartearekin batera haur filosofia tailerrak antolatu ditu. Jakinmin Euskal Herrian praktika filosofikoa zabaltzea eta berrikuntza pedagogikoa sustatzea helburu duen elkartea da. Iaz lehen esperientzia aberasgarria izan ondoren, aurten bigarren aldiz antolatu du Azpeitiko Udalak haur filosofia tailerren saioak. Haurrekin filosofia modu ludikoan lantzeko sei saio egingo dituzte Azpeitian:
ADINA-MAILA: LH 3-4 eta LH 5-6.
ORDUTEGIA: 17:00-18:30.
LEKUA: BASAZABAL JAUREGIAn.
Izen-ematea: https://forms.gle/z9DLVAVYekjcaz6G6
Ikasturte berria hastearekin batera jarriko da martxan Hedatze ekimena. Aurreko urteko arrakastaren ondoren, jarraipena emango zaio programari. Bere helburu nagusiak honakoak dira:
Arlo akademikoan arazoak dituzten ikasleei errefortzu saioak eskainiko zaizkie. Saio horietan, ikasle guztiek etxeko lanak egin, zalantzak argitu eta ikasketa prozesuan behar duten laguntza jasoko dute. Errefortzuetara etorri behar duten ikasleei tutoreak abisatuko die; urriaren 9an hasiko dira. Errefortzutan edo tailerretan gelditu behar duten ikasleek, jangelan gelditzeko aukera izango dute bazkaltzen (jangelako zerbitzua kontratatuta edo etxetik janaria ekarrita).
Ikasle guztientzako era askotariko tailerrak antolatuko dira. Urriaren 9an hasiko dira. Tailer hauek komunitateko kide desberdinen artean antolatuko dira:
Ikasturte hasiera honetan lau tailer eskainiko ditugu:
Izena eman nahi duenak, galdetegi hau bete beharko du, urriaren 4rako.
Ikastolakide agurgarriak:
Jakingo duzuen moduan, Euskalgintzaren Kontseiluak sinadura kanpaina bat abiatu du Hezkuntzak euskara gehiago behar du leloaren pean, eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidaren azken fasean sartu den Hezkuntza Legeari begira. Kanpaina hau atzo abiatu zuen Gasteizen egindako ekitaldi batekin, eta urriaren 15a bitarte luzatuko da.
Ikastolen Elkartearen Artezkaritza Kontseiluak, bere azkeneko bileran, kanpaina honekin bat egitea erabaki zuen eta berau ikastoletan zabaltzea eta ikastolak kanpainan parte hartzera animatzea.
Sinadura hauen bidez Eusko Legebiltzarreko kideei EAEko Hezkuntza Lege berriak honako hiru puntuak berariaz jaso ditzala eskatu nahi zaie:
Sinadura bilketa 2023ko irailaren 12tik urriaren 15era luzatuko da, eta 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sinatu ahal izango dute eskaria, bi modutara: presentzialki, sinatzeko jarriko diren mahaietan (gure kasuan ikastola bakoitzak jarriko duen/dituen mahaietan), edo https://euskaragehiago.eus/ webgunean online. Pertsona bakoitzak behin bakarrik sinatu ahal izango du eskaria, izen-abizenak eta nortasun agiria adieraziz. Sinadura bilketaren azken egunetan, presentzialki jasotako sinadurak Kontseiluari helarazteko azalpenak igo eta formulario bat irekiko dute www.euskaragehiago.eus webgunean.
Kartel, sinadura orri, azalpen orri eta beste hainbat eduki online jarri ditu Kontseiluak, https://euskaragehiago.eus/ webgunean, eta oso erraz eskura daitezke.
Asteazkenean izan zen “Euskara eta kulturartekotasuna Azpeitian” proiektuaren aurkezpen saioa Azoka Plazako aretoan, eta ikastolako guraso eta irakasle ugari agertu ziren bertara proiektuaren nondik norakoak jakitera. Artezkaritza kontseiluko Amaia Mendizabalek egin zuen sarrera eta UEMAko Eneritz Albizuk eman zuen proiektuaren berri. Aldibereko itzulpena egon zen saioan.
Ikasturte amaieran esan genuen moduan, ikasturte honetako aldaketetako bat Alexia aplikazioa utzi eta Inika-ra pasa garela da.
Komunikazio azpibatzordearen lanketa sakon baten ondoren hartutako erabakia izan da, Ikastolako komunitatearen onerako izatea espero den aldaketa.
Aplikazioaren erabileraren inguruan zalantzak argitzeko Inikako langile batek gurasoentzako formazioa emango digu irailaren 21ean 19:00etan erabilera anitzeko gelan.